Patetiko
2021-04-09 12:08Munduari buruz, gizarteari so, sendiarteko hartu-emonei jagokenez edo sexuaren ganean arduratuta egoan jentez inguratuta emon dot gazte-denporea.
Gauzak zelan aldatu bilatzen eben personak ziran, beharbada, biziaren lege unibersal hau jakin barik: zeozer aldatu gura dauana bera izan leike, halabeharrez, zeozer horren aldetik aldatua izateko arriskuan dagoana. Abentura zinez edarra da, halanda be, bizi honetara aurrekoek eginikoa errepetiduten bakarrik etorri ez zarala zeure buruari adierazotea, zeure ingurumariari.
Orain, ostera, munduari buruz, gizarteari so, sendiarteko hartu-emonei jagokenez edo sexuaren ganeko ardurarik ez daukan jentez inguratuta topetan naz. Gitxi-asko, orain urte beteko zein umezaroko adiskideak ikusten jarraitzen dot, euren kezkak entzuten, baina aldatu aditza desagertu egin da euren eguneroko hiztegitik. Aditz batetik bestera salto egiten ikusi dodaz, erreka ugerra zeharkatzeko harriak balira lez: aldatu esatetik iraun esatera pasau ziran; gero, jagon esaten eben, euren loba jaiobarriari begira; hurrena, asegurau; ondoren, agindu; azkenaldion, inbertidu, debekatu, espabilau eta tankerakoak. Aldatu aditzaren desagerpen honek egundo ezer aldatu gura izan dabenen lekura ailegau garela salatzen dau, eta inoz ezer aldatu gura izan ez ebenei ez deutsegula, era berean, ezer aldatzeko preminarik sentiarazo.
Neurri baten, patetikoak gara.
Kasu frankotan, bidaia hau hipokresiak nahiz zinismoak estali dabe, baina, beste horrenbestetan, inozotasun hutsez pasau dala begitantzen jat, inongo intentzino txarrik bako indar baten kausaz. Lagun ugarirengan ikusi izan dodaz, aldika-aldika, eduki eben freskurearen zipristinak, nerabe gaztetxutan izandako sentimenak, biziaganako edo gizakiaganako itxaropen solidarioa… bere lorpen oro ernai defendatzen dauan helduaren baitan biziari buruz berba egiteko zeregina nerabeak baleuko lez. Bizitzako helburuak aldatu ditue, baina aldaketearen aurreko gaztetxua euren ahotik mintzo da oraindino.
Desoreka hau zuzendu egin beharko litzake (nik uste). Orri baten hiru zerrenda jartzea bururatu jat: lehendabizikoan, guretzat lehentasuna daukien hamar gauza; bigarrenean, aldiz, gure dirurik gehiena xahutzen daben beste hamar; hirugarrenean, barriz, gure denporarik gehiena eskaintzen deutsegun hamar gauza. Arrastoakaz lotuko doguz hiru osagaiok, detektetako guk inportantzia emondako zenbat gauza ez datozen bat hareetan gastau dogun diruagaz eta eskaini deutsegun denporeagaz. Arrasto zuzenen kopuruak erakutsiko deusku ze neurritan bizi garen gure egiagaz. Sanoa da egia. Librea eta erreala da. Ha ikusi dauanak beste kontzientzia bategaz edertuko dau bere bizia.
Baina, neurri baten, bai, patetikoak gara.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!