Poltsei begira

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2021-03-29 13:08

Taberna hau supermerkadu alboan dago.

Jentea poltsak beteta heltzen da mahaietara; horreek lurrean laga ostean, barrara doa zeozer eskatzera. Oraindino ez dot ikasi deszifretan poltsak beteak sentitzen dituan horren arpegian ageri dan keinuaren deiturea; poltsek besoetan eragindako nekearen ondorioz, gorputz osora zabaltzen jaken erlajazino moduko horren izena.

Errezegia litzake ia horrek zoriontsu egiten dituan itauntzea; operazino soil horregaz kontzeptu zahar bat lurperatu dabela esatea zuzenagoa litzake. Jente franko dago kontsumismoa eta gauzak erostea bereizten ez dituana, hau da, kontsumismoa bakarrik gauzak erostea dala uste dauana, kargutu be egin barik gauza bat zeozer behar danean erostea dala eta, jakina, oso bestelako zeozer dala bizi-maila bat erakutsi asmoz gauzak erostea.

Guardasol zahar bat nahikoa dogu muga esanguratsu hau marketako, hiru aldiz konpondua izan dan aterki horreetako bat, alegia. Kontsumismoaren aurreko sasoietan, gauzak irauteko egiten ziran, iraunpozez erosten ziran. Iraupena zan, hain zuzen be, euren kalidadearen frogea, gure erosketearen aukeraketa egokiaren ziurtagiri edo bermea eta ekonomia justuaren lasaigarria. Etxe bateko altzariak bizi osorako ziran; ontziak, arropak eta pareko dana, ostera, hondatu arte. Egun, baina, jenteak aspertuta dagoalako aldatzen ditu altzariak, arropak, ontziak, etxea bera eta gainontzeko guztia, baita bikotea be.

Kontsumismoak iraupenaren kontzeptua birrindu egin dau, eta uneoro erosteko grina da iraunarazo gura dauan praxi bakarra. Horretarako, modearen kulturea sortu dau, aldiro-aldiro barria dan zeozegaz datorrena eta, aldiro-aldiro hora igoten ez bagara, atzean geratzen gabizala sentiarazoten deuskuna. Giza ahulezia izugarri bat aprobetxau dau kontsumismoak: aldamenekoa baino gitxiago izan gura eza. Berez, biziteko estilo mozorroz izkutau da (dogu); biziteko filosofia dohakabe bat, gauza aspergarriak olatu-kolpez gakarzana eta, horreek eskuratzen baldin badoguz, olatu ganean goazela sentiarazoten deuskuna.

Bere horretan, funtzionamendu-mekanismo zinez sinplea dauka; halaber, sistema hori apurtze aldera, nahikoa geunke urrats bana emotea: batetik, modea, etxabere otzan eta domestikaduak bagina lez, ez jarraitzea; bestetik, barriz, dana ahalik eta luzaroen iraunarazotea: lagunak, amodioa, ilunabarrak, kezkak, bildurrak, ilusinoak, gaztetako ideak… dana.

Kontsumismoaren kontra berbetea galduriko gerratzat daukie, gaur, askok: antigoalkeritzat edo buru-argien zazpuzkeriatzat. Baina, urteotako gertaera nahiz esperientzien harira, geroz eta garbiago dago gizatasunaren, planetearen zein koherentziaren aldeko garrasi bihurtu dala, askapen bikotx bat dakarrelako bere baitan: munduko txiroak (guk, hots, mendebaldeak, behartu doguz izen hori hartzera) gosez hiltzetik askatzea eta gu geu hainbeste gauza desiratzetik askatzea.

Hori dana, edo astelehen goizez erreibindikatzaileegi iratzarri nazela, inguruko dana zalantzan ipinteraino. Batek jakin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu