Berben osterak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2021-03-25 17:36

Esana airean joaten da eta esandakoa gure garunera bueltan dator.

Ahotik esana kanpora urten dan momento berean, gure oroimenak esandakotzat hartuko dau eta bere biltegian gorde. Alde handia baitago esan orduko eta esan ostean pasetan danaren artean. Eta ez datoz danak bat.

Zelan jakin behar dot zer pentsetan dodan, oraindino esan ez badot?, itauntzen eban E. M. Fosterrek.

Quilonek erantzun eutson: Zure mihinak ez daitsola zure arrazoimenari aurrea hartu.

Niri ez jat erantzun hori gustetan. Ni E. M. Fosterregaz nago. Pentsamendua ez da kontu abstraktu bat, edo bai hasiera baten: lanbro artean dagoan haize ahul bat baino ez da, hastapenean. Formea hartzen dauanean, zehazten danean, indarra hartzen dau. Berbak dira pentsamenduari gorputza emoten deutsenak, gure biziaren ispilu honetan.

Berbak, esan barik dagozanean, zurrumurru baten moduan sakabanatzen dira gure garunean zehar. Gure pentsamenduaren ganeko informazinoa emoten deuskue, baina ez dira ailegetan jakinduriaren azalera osoa estaltzera. Berbetea, batez be, gure inkontzienteari gauzak esatea da. Badirudi esandako hitzak sano ezezaguna dogun lurralde horretara hobeto heltzen dirala, isiltasunean hausnarturikoak baino. Ez al gara maiz harritzen, zeozer esan ondoren ze ondo atara jakun ikustean? Emoten dau guk geuk be ez genekiala hainbeste genekianik eta, modu hain egokian esan dogunean, pentsamendu horrek forma perfektua hartu dau.

Berba egitea (edo idaztea) kontzientzia hartzeko modurik trebeena baino ez da. Berbetan ari ginala uste genduanean, entzuten gabizala kargutzen gara, esan doguzan berbak, ispilua laztandu ostean, atzera itzuleran jatorkuzalako. Biak ala iak gara, izan be: garenaren kontzientzia, batetik; kontzientzia horreri babesa emoten deutson inkontzientea, bestetik. Dana eta biak gure barruan egon arren, kanpora botatako berbea baino ez dau ulertzen inkontzienteak.

Berbetea kontzientziaren eta inkontzientziaren arteko zubi bat sortzea baino ez da, gure muinean dagoan jakinduria agertzeko eta gure azalaren ahulezia babesteko beharrezkoa jakuna. Hori dala-ta, munduan berba eginda bakarrik ulertzen doguzan gauzak dagoz, adierazo arte ezer ez zana pentsamendu bihurtzen dalako, adierazotakoan. Testu hau berau lez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu