Loaren lurraldeetarantz

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2021-03-08 16:54

Bero-sargoria egiten dau, eta, bidaia hasi ebanetik, erabagia okerra zala mailukadaka gogorarazo gura lekion lepoko min orrotz-antzeko bat dauka lagun gaur be.

Gaixotasunak amesak dira, gorputzak benetakotzat hartzen dituanak, konpondu barik dagozan arazoen mezua dakarrenak. Hoteleko aire girotuaren sistemea izorratu egin da, eta gela bakotxean jarri dituen haizegailu arkaikoek ez dabe lortzen umeltasun-partikulak apur bat jantzarazotea baino; ibilian-ibilian, atzera lehengo lekuetara jausten dira: izara artera, erropatara, hormatara, Mirenen bekokira.

Fisikoek oraintsu materiari buruz egin daben deskribapenaz gomutau da: osogaiek kristal zinez edarrak marrazten dituen arren, materiaren bihotza hutsune bat ei da, non energiaz betetako errainuak etenbage mobitzen diran hara eta hona, konprenitzen ez dogun mugabakotasun-sentipen batek isiotuta. Halango hutsune bat da bere gela hori, une honetan, airea kiskaltzen daben errainu likinez josita. Halango hutsune bat da bere bihotza, errainu ulertezinez betea: zer dala-ta dagoz beti piztuta?

Beharbada, aspaldian burumakur samar ebilelako entzun zituan hain modu sutsuan lagunaren berbak. 320 bizi ei dira Bwindiko parke naturaleko mendietan. Erronkea ez da erreza: egun bakar baterako emoten deutsue baimena, sei laguneko moltsoak baino ez ditue onartzen eta sei ordukoa da, gehienez, egin ahal dozun ibilaldia.

Oihanean barrena doazela, lepoko minak ez deutso inongo pakerik emon eta, apurka-apurka, minaren minaz estropezu egiten hasi da zuztarrakaz, enbor ustelak saihestu ezinik, lianak nahiz adarrak bizkarretik kenduaz; hanka okelatan isten deutsuen inurri gorriak be ezagutu ditu, aramu erraldoiak, landara hostotsuen besarkada itogarriak. Sats eginda egoan, basoko argigune baten gerizpa makurtu bat ikusi dauanean. Bizkarra zidarreztatzen hasiriko upealako gorila batek burua altxau dau. Berrehun bat kilo izango zituala esan dau gidariak. Bapatean, arineketa baten abiatu da turistengana, besotzarrakaz mehatxuka. Gizakiak geldi-geldirik dagoz, arauak jarraituaz baino gehiago, basapiztiaren erruz odola hormatuta. Mirenek aurrean ikusi dau energia hesiezinak astinduriko mendi ha eta, ustebakoan, mantsotu egin dira animaliaren begi-nini laranjak. Garrian eukan jertsea kendu deutso gorileak eta ha usaintzeari ekin.

Hoteleko logelan dago, orain, Miren. Bihotza ulertzen ez dituan errainuz beteta dauka, zer dala-ta dagoz beti piztuta? Whiskey botila bat eskatu dau telefonotik, loaren lurraldeetan barrena arinago sartzeko. Ez da kargutu lepoko mina joan jakonik be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu