Berbakaz eginiko sehaskea
2021-03-04 18:00Holantxe deitzen da herrian barikurako iragarri daben emonkizuna, edo ikuskizuna, edo dana dalako hori.
Lagun artean, inork ez deutso erreparau afixari, jakina, baina berak bai. Segundu batzuk ostu deutsoz taberna batetik besterako bideari, mahai libreak topetea ofizio zinez gatxa dala jakin arren, kartel hori leiduteko. Bapatean, aspaldian biziteko hartu eban martxa inkontzienteari aire-ufada freskoa bota deutso, antzinako partez. Hanka bat atara dau lagun-taldeko alkarrizketa gai jakinetatik: beti bardina esaten, edaten, entzuten, ikusten, erreten… zeozer desbardina entzun gura dauala erabagi dau, monotonia deitzen dala ez dakian bere gogaipen zehaztu bako horren baitan.
Ezti-eztia begitandu jako izenburua: Berbakaz eginiko sehaskea. Izan be, bera egurrezko sehaska zahar hareetako baten egondakoa da eta, behin pentsetan jarrita, ze sehaska dago berbaz eginda? Umeari ez al deutse guztiek berba egiten? Esan leiteke egurrak babesten dauala bere gaua, bere loa, baina berbek aberasten dabela bere eguna.
Poesia edo olerkiak leiduko ei ditue, nonor gitarrea joten ari dan artean. Zer dala-ta ez da, ba, joango? Berak ez daki halakorik idazten, baina beti iruditu jako poeta batek lez sentitzen dituala gauzak: sentimenduz ganezka, hil ala biziko muturretan, orain edo inoz ez baten. Ohitura batzuk sortzen deutsen hunkidurea ez al da poeta batena? Edo agure zaharrekiko daukan miresmen arraroa, edo musikea estimetako daukan modua, ia negar egiteraino.
Ez da ordu egokia. Poteoaren erdi-erdian harrapetan dau emonaldiak. Baina, tira, asmauko dau atxakiaren bat lagun artetik alde egiteko. Egia esan, lotsa apur bat emoten deutso hara joateak, aretoa gaztez ganezka egongo dalako, edo jente arraroz, beti halango desosegu bat emoten deutsen orrazkera nahiz arropa horrekaz…
Baina erremedio errez askoa izan dau guztiak: berandutxuago sartu da, ilunetan. Aretoa ez dago hain beterik eta atzean hartu dau jesarlekua, inguruan inor barik, esperientzia hobeto dastatzeko. Han ari da irakurle parea: lehenengo, olerkia aurkezten dabe; ostean, egilea aitatu. Baina berak ez ditu izen horreek danak ezagutzen, ezta bat bera be. Hainbeste urrundu da mundu interesgarritik?
Ulertzen ez dituan esaldi ugariz osoturiko baso zarratu horren erdian, gauza politak be entzun ditu: euria ari eban nire klitoriaren ganean; amodioa, batzutan, telefonoak joten ez daualako sentitzen dozun egarria da; heroina narrua jotea besteko gozoa dala esaten eban garai baten; jar ezazu eguna eta alkarregaz egingo dogu hegaz, Dorothy Parker, eta abar luze bat.
Une horretan, ume bat sartu da aretora eta beregana jo dau zuzen-zuzenean:
- Aita, amak etxera joateko dino, tontokeriak itxita!
- Demontre… nork esan dotsu hemen nengoala?
Baina jesarlekutik altxau eta, umeari ahora estaliaz, isil-isilik joan da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!