Ekuazinoa

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2021-02-26 16:25

Gure bizia beti neurri desbardinen ganean oreka gorde ezinda doan zeozer ete dan sentipena barreiatu jat aspaldi honetan.

Bost minututan irakurriko dozuen ipuina, beharbada, ordu frankotan pentsatua eta egun askotan (eta behin baino gehiagotan) ondua izan da. Idazleak ipuinari deutson maitasunaren neurrikorik ez dau jasoko inongo irakurleren aldetik. Seguru asko, erdeinuzko esaldiren bat zein indiferentziazko jarreraren bat jasoko dau, eta ganetik korromioak janda dagoan gizarajoaren ospea hartuko dau. Holantxe desbaloretan dira, askotan (larregitan), antologietan agertzen ez diranen arrazoizko kejak.

Maiteminduta dagoanak denpora luzean bilatu leike besteaganako hartu-emona; upealako beharra egin leike beregana hurreratu guran, haren arretea erakarri nahian. Berba solteak, gonbidapen disimuladuak, hitz-aspertu urtsuagoak… eta, azkenean, mosua dator. Edo holan erakutsi doskue. Maiteminduak, jakina, jarraipena bilatuko dau, baina besteari, agian, nahikoa eta soberan begitantzen jako ezertxu be kostau barik subertau jakon mosu, gau edo egoera horregaz; are gehiago, akaso, holako beste zenbat gura desira lortu ditzakez beste persona erakargarri(ago) piloagaz, maiteminduari eragiten deutson oinazeaz kargutu be egin barik.

Normalean, jente frankok denpora luzean eginiko gauzak irunsten doguz beste jente askok: amak ordu luzetan prestau dauan otordua amen baten jango dogu, eta berba leun batzuk baino ez dabe ezabatuko gure abiadurearen eta amak sartu behar izan dituan orduen arteko desorekea. Imajinau egizue zelakoa izango dan hilabete askotan kontzertua prestetan ibili dan piano-jolearen sentiberatasuna, txaloen aurrean; baita frakasoak laga leikion saminaren sakona: bere mina ez da istante horretakoa, hilabete askotako justifikazinoa ukatzen dauan aladura luzea baino.

Denpora askoko beharra hartzen dauanak bere burua zeozelan babestu behar dau lan horren emoitzearen aurrean, baina luze onduriko zeozer irunsten dauanak be momentuko dastamenak itxiko deutsan ondorioa baino harago bota beharko leuke begiradea. Ordura arte gozamenaren bila ibili dana, ordutik aurrera, justiziaren bila abiatu behar da. Eta ordura arte gozamena prestetan ibili danak, gerora, beharbada, heldu be egingo ez jakon justizia barik irauten ikasi beharko dau.

Neurri desbardin horreetan bakotxa non kokatuta gagozan ikusten jakitea da zorionaren ekuazinoa ebatzi ahal izateko lehendabiziko urratsa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu