Inozo inkonformista(k)

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2021-02-06 16:34

Aldika baina eten barik, ibilten nazen lekuetan entzuten dodan esaldia hauxe da.

Guzurra dirudi XXI. mendean holako gauzak pasetea… Eta, ondoren, esaldia gura dozuen irain konparatiboagaz bardindu. Urteak daroadaz lelo hau behin eta barriro entzunaz, borondate onez beteriko jentearen ahotik: gizateriaren historia gorantza doan lerro bat dala uste dabe, perfekzinora bidean; pentsetan dabe hobetzen gabizela eta, zelan ez, iraganekoa beti eremu basatiagoa izango dala, geroz eta bizimodu zibilizaduagora gidatzen gaituen urteen alboan.

Mundu hau, baina, askozaz hobeto ulertzen da esaldiak hankaz gora ipinita, eta esanahiak buruz behera. Propaganda ofizialak dinoanaren guztiz kontrara, borondate oneko jentea zinez arriskutsua da, inozotasunagaz estaltzen daualako ezjakintasuna; onbeharraren nahiagaz, aldiz,  injustizia oro. Sentimenduak sentimendu, parkatzerik ez dagoan gauza bakarra adimenik eza da. Edo adimena garatzeko interes faltea.

XXI. mendea joandakoak baino zibilizaduagoa dala esatea historiaren kontra jotea da, gogoeta hotzak lagundu ez dauan esaldi bat beste barik botatea edo, are gehiago, gogoetea egitea galarazoten dauan sentimendu huts bat uste iraukor bihurtzea. Esaldi hori ibiltea guzurra ibiltea da. Esaldi hori sinistea azterketeari uko egitea da. Hori dana garapen teknikoek eta ondasunaren pilaketeak giza borondatea hobetu egin dabela pentsetea izango litzake, justu kontrakoa pasetan ari danean. Batzuk lortu dogu urte gehiago bizitea, hobeto bizitea, baina, gizateria guztiari erreparau ezkero, zibilizazinoak atzera egin dau. Ganera, XXI. mende gorabeheratsu eta trauskil honetan, porrotaren epizentroan kokatzera heldu gara, izan be, lortu geinkenaren alboan, inportanteagoa da lortu ez doguna. Horrexek definiduten gaitu: munduko biztanle guztiok urte gehiago eta aldea hobeto bizi ahal izateko besteko baliabideak daukaguzan garai honetan, jentea gosez, gaixotasun sendagarriez edo gerran hilteak balio barik lagaten dau apur batzuon zibilizazino terminoa eta kontzeptua.

Historian lehenengoz, egin ez dogunak bihurtu gaitu basati, besteei egiten itxi ez deutsaguna pizti izentaugaitu. Eta, hori guztia gitxi balitz, hamarkada honeetan danatan soberan demostrauta geratu da aberatsenek, hau da, historia gizaki danak babestuko leukezan zibilizazinorantz eroan ahal dabenek, ez dabela horretarako ezelango asmorik.

Baina, bapatean, ni neu be inozoa nazela kargutu naz, giza adimenaren garapenean konfiantzea izatearren, akats berbera dalako gizakiok historikoki onbidean goazela uste izatea eta gizakion adimen historikoa argibiderantz doala pentsetea. Horrek, ganera, inkonformismotik be badauka, eta ez dago tonto inkonformista bat lako norbanako jasanezinagorik. Eta ez dakit tontotasun bietatik zein dan arriskutsuagoa. Dana dala, bai, inozo inkonformista bat naz. Batzuk gara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu