Txoria eta abioia
2021-02-01 18:09Egunkaria irakurten nintzala, albiste txikitxu eta igeskor batek bereganau dau nire interesa eta geldiarazo nire irakurketea.
Madril aldean gertatu ei da, eta holan zinoan izenburuak: abioi bat ez da aireratu, motorrean txori bat eukalako. Zutabe istu bateko zazpi lerro pobretan etorren gainkontauta istorio xume hori. Albiste erraldoi eta askozaz inportanteagoz inguratuta etorri arren, karratutxuak ez deust begiradea aireratu eta orriak pasetan laga. Txoriak hegazkina geldiarazo eban lez gerarazo dau sinplekeria horren lilureak nire leidu nahiz aztertu nahia. Munduko gertaerak ulertu beharrari gaina hartu deutso txoriaren pasarteak, ekintzeak zein ekintza horren narrazinoak, une iragankor eta labur batez, behintzat, indar berbera daukiela erakutsiaz.
Hain da deigarria desproportzinoa… Abioiak 1.200 tonatik gora pisauko dau; txoriak, ostera, albisteak ze espezietako dan zehazten ez badeusku be, bostehun gramo? Zazpirehun, akaso? Gogoan daukat, artean umea nintzala, Errigoitiko Idibaltzagako eleizara sartu zan elaiak mezea eten eban egun ha. Abadea salbatzailearen gorputza konsagretan egoan, ostia gora altxauta, elaia buruan bueltaka hasi jakonean. Ostean, eleizeari biraka ibili zan hegazti koitadua, eta haren atzetik egozan bertakoen begirada danak. Orain bi mila bat urte sortu zan eta ia-ia mila milio jarraitzailek ospatzen daben erlijinoaren ekintza nagusia elai nimiño batek eten eban, abadeak lekuko ikus-entzuleen arreteari dei egin behar izan eutsan arte.
Hurrengo egunak koruko beirate aurrean igaro zituan, argiaren eta haizearen egarri, aldika-aldika, bere burua kristalaren kontra zapuztuaz. Beirate hartako leihoa oso altu egoan eta nik ezin neutson zabaldu, baten batek organoa zelan joten eban zelatatzera joaten nintzanetan. Bazter baten izkutatuta ikusten neban zelan hegazti gizajoa geroz eta gitxiago mobitzen zan eta bere begiradea, apurka-apurka, zelan finkotzen zan puntu zehatz batera desesperazinoz so. Gerora, ez neban atzera ikusi. Txokoren bat aukeratuko eban, bakarrik hilteko.
Sarritan, txoriak txorakeria etxurea hartzen dau, gure gogoetak erditik apurtu eta galbidean ipinteko. Neronek, egia esan, modu galgarrian igarri dodan hau jente frankori entzun deutsat. Gure biziaren noranzkoa erabagiko dauan zeozer pentsetan ari garenean, txorakeria bat dator gure pentsamenduaren erdigunera. Eta txorakeria horren atzetik, barriz, beste bat: izan leiteke oroitzapen ergel bat edo ganorabakokeriaren bat, guk ustezko hegazkin erraldoitzat daukagun gure imajinazinoaren ezintasuna nabarmentzera datorrena. Idazle bat urte luzez lantzen ari dan elabarria be txikikeria batek blokeau lezake, ezustean.
Hori dala-ta eskaini deutsat folio zuri hau, gero tekla arteko mundo zibernetikora igaro dana, istu-istu gotortu daben txoriari. Gehienbat, bere istutasunetik, gure txikitasuna azpimarratzeko kemena daukan metafora erraldoia osotzen jakin badakialako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!