Bizimodu barri bat
2021-01-26 17:13Goizeon, bidegurutze baten, furgoneta bi alkartu dira.
Bata, ertzainez beteta etorren; bestea, aldiz, etxegileek subkontratautako beharginez ganezka. Ertzainak ez dira beti gustora joaten aginduriko zereginetara; beharginak, ostera, inoz be ez. Baina han ziran, goizean goiz, talde biak, ordu berean eta semaforo berean frenauta. Ordurako, egunsentiaren kristalak ebagiak zituan gauaren zalantza danak.
Ertzainak etxe bat hustera doaz, ilegalki bizi diran gazteak zelan edo halan ataratera; langileak, barriz, kaminoaren bestaldeko orubean obrak hasi ahal izateko lurra atontzera doaz. Ertzainetako batek ez eban joan gura, kaleratu beharreko gazte horreetako bat auzokoa daualako, baina ugazabeak ez deutso kontzientzia-eragozpenik onartu: horrexetarako daukazuez buruko baltzak, astokeriak lasai egiteko. Berbok ez ditu ahazteko, bere promozino-egunetik.
Semaforora begira, momentu batez, pentsau dot polizion beharra be ez dala erreza, hau da, odol hotza eta eskrupulu gitxi behar dirala tankera horretako egitekoak aurrera eroateko. Are gehiago, gizabanako parapolizial honeen inguruko estigmea egunero-egunero indartzen dan arren, nik neuk, behintzat, badaukadaz polizia perfektuaren zeregina sendo beteten daben persona batzuk nire ingurumari estuan: jente (auto)kritikoa dira, beharraganako baina batez be herritarronganako konpromisodunak eta, danaren ganetik, hezitzaileak dira. Gremioko gitxiengoa be badira, dana esan daigun. Iraganean herriaren zutabe-lanak beteten zituen alkatearen, medikuaren nahiz abadearen ordez, egun, irakasleak, gizarte-hezitzaileak eta poliziak jarriko neukez, mundu perfektuaren idealizazino-prozesuaren barruan, gidari lez.
Baina kontua da etxe horretan bizi diran gazteak sentimenduz ganezka dagozala. Etxeak hutsik egon da hamarkada luzean: tren-geltokiko etxea da, behealdean bulegoak zituana eta ganean, ostera, familia batentzako bizilekua. Hor jarri ziran biziten lau gazte, orain dala urtebete inguru, eta orain, aldiz, euretako bik bikotekideak be bertan biziten ditue. Etxe dekadente haretan, zeozelan, kristalak ipini zituen, ura sartu, argindarraren instalazinoa barriztu, hormak margoztu eta altzari barriak jarri. Etxea dotore antzean dago eta, egia esan, atariko trenbideek ikutu berezi bat emoten deutse lekuaren desanparoari.
Ertzainetako beste batek be ez eban joan gura: egunkarian leidu dau Euskal Herrian 245.422 etxebizitza dagozala hutsik, hau da, bostetik bat; hori dala-ta, ez dau ulertzen zergatik joan behar daben sei gazte paketan bizi diran etxe bat gehiago hutsitzen, baina ugazabak ez deutso kontzientzia-eragozpenik onartu: hemen ez zagoz legeak interpretetako, betearazoteko baino. Erantzutekotan egon da ia noz joan behar diran Ardanza lehendakari-ohiak Urdaibaiko itsasaderreko gune natural babestuan egin eban txalet erraldoi eta ilegala hutsitzen, baina ez da ausartu. Galoiak eta hierarkia, pentsetan dot.
Ertzain hau berau izan da, hain zuzen be, bizpahiru egunetan geltokiko etxearen inguruko muinoetan mendizale itxurak hartuta ibili dana, zelata-lanak egiten, operazinoari buruzko txostena osotzeko: adierazo dau han ez dauala ikusi ezelako defensa-mobimendurik prest, ez barrikadarik, ez sua isiotuteko egurrik, ez gazte gehiagoren isileko pilaketarik.
Obrako beharginek sua piztu dabe, lanaren hasiereari beste animo bat emoteko: oholezko publizidade erraldoia lurrean jarri dabe. Gazteak, aldiz, zeozer txarra datorrela iragarten dauan burrunba horreetako batek esnatu ditu.
Ertzainek lan erreza izan dabe eta, furgonan okupak daroazelarik, obrako langileen iragarkia ikusi dabe: EKIN BIZIMODU BARRI BATI – COMIENCE UNA NUEVA FORMA DE VIDA. Azpian, etxe barrien marrazki itsusi bat dator.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!