Erruduntasuna, erreaktantzia, erredentzinoa
2021-01-19 16:51Udako gau epelen liluran batuta egotea gehiago gustetan jako, izara artean aterpetzea baino.
Egunaren zaratea, oihu zein kejak mututu diranean, haizerik ez dabilen airean barrena beroak lagaten dauan usain sarkor horrek birikak bete eta azala laztandu deutsonean, iruditzen jako gainditu dauala nahibaga handi hori. Inori esan ez deutson hori. Egunero kontetan jardun ezin dauana, berak gurako leukeen lez. Baina ikasia dau tristurea etxean gorde behar dala, norberaren barruan eho behar diran kafe-garaunek osotuko baleukie modura.
Jenteak, egia esan, ez dau pairatzen jente tristea. Nahibageari bildur antzeko gatx kutsakor bategaz erantzuten jakola begitantzen jako, modu inplizitu eta lizunean bada be, euren jakinduriaren barrenean badakielako ustezko habe sendoakaz altxau dogun bizitza izeneko eraikin hau ahula nahiz apurkorra dala oso; badakielako gure ongizatea harriaren higadureak ezarian-ezarian harea bihurtzen dituan kostaldeko eleiza malkartsu horreek lakoa dala. Baina, dana dala, jakitetik gura izatera dagoan tartean biziteko aukera bat dago eta, hain zuzen be, aukera igeskor horren pentsuan elikatzen da, jenteak bere lasaitasun-beharra saldu deuskuen bizimolde honen negutegietan ostontzen dauan neurri berberean.
Udako gaba epeletan maitemintzen zan beti, eta eguna, sarritan, gau horreen egia ezeztatzera letorkeen guzur-moltso bat iruditzen jakon; zenbat mozorro dotore eta alai ikusi dituan jausten, gaua ailegautakoan, bakardadearentzako espazio infinitu horretan. Egunez bizi gara, badaki, baina gauean erneten jakoz sentimenik onenak eta muturrekoenak. Gaua eguna beharrean txikitu arte igaroteko behar dan deskantsu-gune bihurtu ebenek ez dabe kriminal ez dan beste izenik merezidu. Halantxe begitantzen jako, askotan. Tristureari egunez agertzeko eskubidea kendu eutsien, gaur ezagun(egi)ak doguzan jomugetara helduz: hedabide danak jente alaiz bete dira; jente alai gehiegi agertzen da edonora jota be; alaitasun faltsu honen zeozelako plusbalia arraro bat dago telebistako pantailan.
Udako gau epeletan baino heltzen ez jakon tristura-meta hau ezagutzen dau, baina ezin izaten dau ganetik kendu, ezta egunero hartzen dauan oporto kopea bikoiztuta edo hirukoiztuta be. Hurregi igarten ditu, oraindino, traizinorik zaharrenak be, berbetan dauka maitatu barik bazterrera laga eban haren begirada hain goibela, erantzun barik itxi zituan mezuak eta hareen esperoan egon zanaren desesperantzea, ondo merezidutako maitasun-berba baten zain egon zanaren zorabio urratua, hamaseigarren solairutik garrasiaren ilunpera luzeegi begiratzearen bulkada hori.
Egindako mina jasotako mina da; emon ez genduana galdu genduzan gauzen artean dago pilatuta; ulertzen jakin ez genduana gehiago dauka itsusikeriatik, itsutasunetik baino; errespetau ez genduan hari begira dago orain burua: egin bakoen erruduntasunaren, egindakoen erreaktantziaren eta egin beharraren erredentzinoaren artean errari. Bere leihoan parauta, hau dana pentsau dau hau dana pentsetako kapaz zanik be ez ekian gizaseme batek, udako gau epelen pentsuan, urtarrileko goizalde hotz baten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!