Funtzionarizauriko lagunak
2021-01-12 12:37Transakzino baten mutur biak izatera mugatu gara.
Sarritan gogoratu izan dot Heinrich Böll idazleak Egunkari irlandarra liburuan idatzi ebana, esate baterako, Txurdinagan, Eibarren, Gernikan, Deustun, Zornotzan edo gure geografiako beste edozein txokotan berbaldi nahiz kontzerturen bat ikusi, eta iluntzean (edo gaba zarratuan, urte-sasoiaren arabera), dana amaituta, kalera urten eta dan-danak (bai ikusle, bai antolatzaile) desagertu ostean, bakar-bakarrik lotzen nintzanean.
Afalordua izan ohi zan, bederatzietatik hamarrak bitarteko ingurumari hori, aste-eguna, eta kontzientzia kolektibo bateri eragingo leikion agindu bat entzunda lez desagertzen ziran danak nire bueltatik: batzuk isilik eta agurtxu bat esanda; beste batzuk erlojua begiratu eta ezusteko tamalgarria jaso dauanaren imintzinoak eginaz; horreez gan, bakarrenak dagoz (normalean, antolatzaileak izaten diranak) atoan hanka egitearen arrazoiak agertzen dituenak. Atxaki-katalogoaren barrenean, besteak beste, biharamunean goiz jaigi beharra, ume txikia eskolara eroan beharra, beharlekuraino ez dakit zenbat kilometro ibili beharra eta tankerako beste hamar mila dagoz.
Ni, ostera, sarri, etxetik edo herritik ordubete zein ordu eta erdira aurkitzen nintzan. Hori dala-ta, hara ailegau eta afaria prestetako ze ordu txiki izango ete zan luzetsita, behin baino gehiagotan afaldu izan dot, bakardaderik absolutoenean, berbaldi edo kontzertuaren lekuan bertan, edo ondotxuan, edo erdibideko herri are anonimoago baten, edo bidertzeko tabernazulo are bakartiago baten.
Gure arteko hartu-emonak, danonak, hoztu egin diralakoan nago. Benetako adiskideak egiteko garaia joan da, antza. Bakarrik ez sentiduteko garaiak. Sorbalda isil baina sentikor bat aldamenean igarteko garaiak. Alkarren ezagun (in)perfektuak izatera baino ez gara iristen. Gure arteko erlazinoak profesionalizau egin jakuz: funtzionarizauriko lagunak gara. Danok bihurtu gara ekintza kultural baten kontsumitzaile: igorleek berbaldi edo kontzertuak emon egiten ditue eta hartzaileek, barriz, jaso. Entzuleek hiztunen berbak hartzen ditue eta, amaieran, txaloak emon. Transakzino baten mutur biak izatera mugatu gara; baina gizarte sasi-moderno baten bizi garenez, ganadu-ferietan, salerosketea amaiturikoan, ospatzen ziran afariak ahaztu egin behar izan doguz, baserritarkeriek gure kulturea korotz-kiratsez gehiago ez kutsatzeko.
Herri frankotako kultura-teknikariak zinez larri ibilten dira, daukien aurrekontua amaitu ezinda, zer atondu ez dakiela: kulturea betelan benetan astuna begitantzen jake. Bestaldean, ezagutu izan dodaz talde kultural zeharo dinamikoak be. Udaletxez Kanpoko Erakundeak deituko deutset. Kulturea bihotzez eta bueltan deus eskatu barik maite daben eta maitasun hori lau haizetara barreiatu gura daben lantaldeak dira.
Baina idazlea, argi- edo soinu-teknikaria, managerra, gidaria, hiztuna, aktorea, jantzaria, margolaria nahiz musikaria apurtxu bat ezagutzea edo, adibidez, hari afaritan laguntzea ez da ez batzuen, ez besteen kultur praktiketan sartzen. Denporea atxaki daukie, irlandarren esana ahaztuta: Jaungoikoak denporea egin ebanean, nahikoa egin eban. Guri jagoku denpora horren jaube izatea, askatasun barri baten abiapuntua hortxe kokatzen dalako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!