Buru-estimua
2020-08-01 13:11Nago politikea memorian gordetan dan estribillo itsaskor horren pareko zeozer dala.
Gustoko neban politikea. Nerabea nintzanean, sasoi bat izan neban —hainbesteren artean beste bat—, non kasetean nire politikari gogokoenen zintak grabetan nituan. Oposizinotik dirua herritarron partikeratara bueltauko ebela esaten entzuten nituan, eta horrek liluratu egiten ninduan. Eskerrak, pentsetan neban, euro horreetako baten bat neurea balitz lez. Denporeak aurrera egin ahala, ostera, munduaren benetako funtzionamenduaz kargutu nintzan. Eta, orain, barriz, ezin esan neike politikea gustoko dodanik; beharbada, ezinbesteko moduren baten interesetan jatan zeozer izango da, bai, baina ez jat gustetan. Sasi-inponidutako interes horrek, ganera, nahiko txarto pasau eragiten deust: gaurkotasunaganako zeozelako adikzino toxikoa sufriduten dot.
Gizarteari eta gizartean egiten ari diranak nazka emoten deust: batzuk, isiltzearren; beste batzuk, ez isiltzearren. Betetan ez dan promesa bakotxak atsekabetu egiten nau. Justifikazino bako debate bakotxak amorratu egiten nau. Gauzak bere horretan bardin-bardin dagozala ikuste hutsak barrenak astintzen deustaz. Eta, noz edo noz, oso tarteka-marteka, ahaztutzat neukan esperantza hori berreskuratzen dot, nonork gauzak ondo egiten dituala igarten dodanean.
Aberri izena emon deutsien zera hau maite dot. Irakurten nabenak hori ondo daki. Unidade geografiko-ideologiko-identitario-sentimental hori maite dot, ze berak be neu maite nauala sentiduten dot, defendidu egiten nabelako, babestu, aukerak eskaini, beso artean hartu eta eskatu barik jagon. Eta, egia esan, maitasuna bera be antzeko zeozer izan beharko litzake, ezta? Bakotxak norberari jagokon lekuan dagoala sentidutea. Inongo baina barik.
Horrexegaitik egiten jat hain nekeza ikustea hainbesteko afan pertsonalez eta horrenbesterainoko epeltasunez jagon dodan aberriagaz batzuk zer egiten daben. Ezin neike ulertu biziagaz politikea egitea. Ezin dot konprenidu politikari baten eskuatan egotea nik aukeratzen dodan bateren batenganako maitasunaren legezkotasuna; politikari batek erabagitea pandemietan aditua dan batek erabagi beharko leukena; politikari batek zehaztea zeintzuk diran nire aukeratze-libertadearen edo, kasurako, emakumezkoaren gorputzaren adierazpenerako mugak; nire birikatan barrena sartzen dan kea purua edo pozoitsua ete dan epaitzea, nonork ke hori politika bihurtzen dabelako, Txan magoa bailitzan. Bestela esanda: ez dot ulertzen bizia lako zeozegaz politika merkea egitea.
Nago politikea memorian gordetan dan estribillo itsaskor horren pareko zeozer dala: dan, dan, ate joka; dan, dan, inpernuko atien… Akordura ekarten dostez, esaterako, soltau ezin dozuzan eta soltetan ez zaituen maitasun toxiko horreek. Uneoro zaintzea nahiz aditasuna exijiduten deutsazuen horreek; guzurrak pilatu arren, sinisten dozuzan horreek; akatsak zein egoak parkatzen deutsazuezan horreek; eurakanako fedea inoz galdu ez dozun horreek. Ze, maitasuna —esaten deutsue— horrelakoxea da: hoba da txarra, txarrena baino. Ez dot uste nonori zu jagoteko eskatzea baino egoera tristeagorik dagoanik. Eta, beharbada, horixe da erratea: inoz plantorik ez egitea; zeozer hobea ez eskatzea; beti gorago heldu geinkela pentsetea; geure burua txarto jagotea, beste nonork are txarrago ez egiteko.
Buru-estimu apur bat falta dodalakoan nago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!