Han, hondoan
2020-07-21 14:22Laurehun urte ei daukaz marrazoak, halantxe dinoe zientzialariek zein notizia-agentziek. Ordenagailua musika-blog baten bilaketarako isiotu, eta albiste zahar(kitu) bategaz tupust egin. Betiko kontua. Bideoan, marrazo-etxurea daukan arrain erraldoiaren pareko bat ikusi leiteke, azala arrakalatuta, orbanez josita. Urpean sarturiko kartoizko izakia dirudi, hain emoten dau delikadua, apurkorra. Agure bat lez mobitzen da, tirrin-tarran. Ez da gurako geunkean bizia, baina bizi da, eta hor dago kontuaren koxkea.
Lau mende daukaz piztia madarikatuak. Bizkor baten hasi ziran, bere sasoian, bertako nahiz bertoko kazetariak, albistearen eta arrainaren dimensinoak harrituta, marrazoak Maria Antonieta erreginaren aroa ezagutu ebala azalduz. Tira, ez da hainbesterako: erreginea ez zan egundo Groenlandiako ur hotzatan snorkel egiten ibili. Baina ulertzen da metaforea. Eta, egia esateko, upealako zirrarea eragiten dau, zelan ez, azken 400 urteotako pasarte dan-danen garaikidea izan dala jakiteak.
Ez da gatxa marrazoaren albisteak jente frankorengan ze burutazino erne eban asmetea: ia-ia geure tankerakoa dan izaki bat kasik mende erdiz bizi baleiteke, zer dala-ta gu ez? Zer ete da hareengandik ikasi leikeguna, eternidadeagaz ames egiten segitzeko? Zerurik ez bada, ez ete da ozeano zabala heriori izkin egiteko geure destinua? Miraria da, zalantza barik, bilioika izakik bizia galdu dabeen lau mendeotan, harek jakin dabela zelan edo halan bizirauten.
Albistean aurrera joan ahala, azalpen zientifikoek euren lekua hartzen dabe: oso-oso garapen geldoko animalia ei dala, eta hor dagoala bere iraupen luzearen azalpen enpirikoa. Dana egiten dau astiroago: hazi, bizi, hil.
Jaques Mayol entzutetsua etorri jat akordura, urpean bizi gura eban frantziar urpekaria, Luc Besson zinegileak Le big blue filmean erretratau ebana. Uretatik kanpo aztoratuta, artega antzean bizi zan, baina, urpean sartu orduko, lasaitasuna berreskuratzen eban, eta zientzialariak harritzeraino mantsotzen jakon bihotz-taupaden kadentzia. Lurtarron artean moldakatxa zan: arrain izan gura eban gizakia.
Benetan arraroa —edo, behintzat, esanguratsua— da zelan bikoizten diran bizi-esperantzak gizakia urrun dagoan lekuotan. Errelato ofizialak dino geure bizi-itxaropena dezente handitu dala, geure —gizakion— zientziaren aurrerapena medio. Baina egiaren zatitxu bat baino ez da hori, eta ez da kasualidadea, munduan gehien bizi diran piztiak, hain zuzen be, urpean 30 kilometrora bizitea, han, non zientziarik aurreratuena be ezin dan ailegau. Han, non gu, sinpleki, ez gagozan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!