Udea amaitu jakonekoa

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2020-07-06 16:40

Udea, bere barrenean, antxina amaitu zan; udea edo udeari buruz gizarteak dauen irudia.

Higadurea ez dala sekula agortzen dino JP Lohian musikariak, ez dala hazurrak miazkatzeaz nekatzen. Berbok nahiko abstraktuak izan arren, berari heriotzeaz dabilela begitantzen jako, galerearen kontzeptuaz. Biziak hazurrak okelaz zein ilusinoz horniduten dituan neurrian, ezinbestean, heriotzea odol eske dator, eta hazurrak miazkatzeraino agortuta, ezereztuta ixten dau personea. Ez daki ba ete dagoan euskal poetarik galerearen premisea hain labur eta hain egoki azaldu dabenik. Joseba Ponce edo JP Lohian musikaria da —papelaren ganean, behintzat—, baina, bere belarrientzako, poetea be bada.

Udea, bere barrenean, antxina amaitu zan; udea edo udeari buruz gizarteak dauen irudia. Akabau jakozan, aspaldidanik, bere barruko auto-ilarak, hondartza egun jentetsuak nahiz eguzki itogarria. Bapatean, El Dúo Dinamicoren El final del verano etorri jako akordura, eta bere semea lokartzeko sasoian, erdi bromatan eta erdi benetan, sakelako telefonoan ipinten eutsonekoa be bai. Lehen segundotik harrapau dau, baina, kanta eder orok entzulea harrapetako daukan ahalmen liluragarriak. Irribarre lotsati bat egin dau, aspaldiko abestia dalako eta, daborduko, hasi garalako belaunaldi arteko betiereko burrukean, eta proposatzen deutson dana semeari zaharkituegia iruditzen jakolako. Semeak ez dau entzuten dagoana gustetan jakonik autortu gura —soberan igarten jako—, baina, badaezpada, isilik iraun dau, badakialako kejaz hasi ezkero gailendu egingo dala, eta kantua kenduko deutsola. Eta ez dau nahi; ezin dau nahi izan. Pero sé, que en mis brazos, yo, te tuve ayer, dino bikote dinamikoak, eta semeak eskuaz  begiak estali deutsoz aitari, bere hunkidurea mozorrotu asmoz.

Dozenaka bider jarri izan deutsoz aitak bere nazino-ikuspegiagaz bat datozan abestiak, haren arima moldagarria bere gustura bihurritzeko, baina ez dau egundo arrakastarik lortu. Gogaitu besterik ez dau egin. Eta hara non, inoz bere imajinario kolektibokotzat autortuko ez leukean kantu zoro eta kasposo horrek semetxua berba barik laga daben, itsasoaren kresal usaineko haizeteak mozkortuta lez. Zer dauka kantuak?, itaundu deutso, artean, aitak bere buruari. Badauka melodia ezti bat, baita ahotsen joko efektibo bat be. Baina badauka, batez be, idea unibersala, JP Lohianek bere erara eta honeek eurenera defendiduten dabeena: daukaguna galtzeko bildur malenkoniatsua. 2011ko garagarrilaren 6an, goiz euritsu batez, lagun min bat galtzearen pareko zeozertaz dabil. Ulertu dau.

Arraroa da dan-dana idea zinez baldar batetik etorri izana: bere barreneko udearen despedidea, umezaroko oroitzapenak, Verano azul, Chanquete, Julia... baina, tupustean, badaki denporean iraungo dabela istant honek, hau da, bere etorkizunean dagoala bidaia bat egiten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu