Aurreraketa desegokia
2020-06-15 17:50Zeure txikertasuna, zu hilteko galarazotea bainoago, zu hilteko arrazoia bihurtzen da.
Mundakan paseoan nabil, jenteari eskapan, gauaren ordu txikitan. Kale-kantoiak hutsik dagoz, baina itsas bazterrera hurreratu orduko, hamaikatxu norbanako ikusten dodaz euren kainaberakaz zidarrezko altxorren peskizan. Denborapasa zinez ulergatxa begitantzen jat, baina ez noa epaitzera, guztiok daukaguz-ta aisialdirako modu zein usadio zoro samarrak. Neurea, batik bat, bizikletea da, hots, beste ohiturak besteko hutsala. Baina maite dot. Maite dot, berbarako, uritik hanka egin eta Airoko pagadian barreneratzea, XXI. mendetik Harri Arora, han non inoz neure arbasoak ibili ziran basurde ehizan edo auskalo zertan.
Bizikletan ibiltea arriskutsua da, ostera, eta piloa ikasten dozu giza abereaz. Ikasten dozu, esate baterako, gurago dogula, ahulagaz enpatizau baino, ahula gorrotatzea. Errepidetik zoazanean, kotxe bat gerturatzen da, eta, ezin aurrera zaitzakeela ikusten dabenean, atoan degradetan dau zeure biziaren balioa, egitear dagoan maniobra zeharo arriskutsua —zeure bizitzea hari batetik zintzilik ipiniko dabena— inongo eragozpen moral barik egin ahal izateko. Ariketa psikologiko hori egingo ez baleu, atzean itxarongo leuke zintzo-zintzo, baina ez dau itxaron gura, eta halabeharrezkoa dau eragozpen soil zaren hori arratoi baten balioaren parera ekartea, zeure biziak ezertxu be ardura ez dabela onartzeraino. Eta, orduantxe, bruuuum!, zure ondotik pasetan da, biharamunik ez balego lez, ziztu bizian. Hilko bazina, izorratzea zenduke.
Torturatzailearen psikologia da: zeure aieneek zu akabetako grina baino ez deutse isetuko; zeure txikertasuna, zu hilteko galarazopena bainoago, zu hilteko arrazoia bihurtzen da. Horretan datza indarkeria polizialaren logikea: ahulenaren ahulezia ironikoan.
Politikearen jokoan be, bardin askoa da. Esaterako, politikari batek, demagun Urkullu gorbatadunak, beste baten ganetik pasetako edozer egingo dau. Jomuga hori aintzat izanda, beraz, helmugara ailegetako baliatzen diran jolas politikoek, deklarazino sentsazionalistek zein bestelako azpijokoek ez nabe ezustean harrapetan. Ziklistea nazen aldetik, urrun-urrunetik detektetan dodaz, modu txarrean aurreratu nahi nabeen kotxe-gidariak balira lez.
Handimandiaren logikeari oratzen deutso potereko politikariak. Zeu zagoz poterearen tontorrean, eta hurkoa hor behean ikusten dozu, hauskor; ikusten dozu ataka zinez gatx baten sartunda, laguntza eske. Eta benetan nekeza —gorrotagarria ez esatearren— egiten jatsu enpatizazino-ariketa oro. Ze, enpatizauko bazendu, ezingo zeunke ha aurreratu. Esperoan geratu beharko zeunke, zintzo. Eta ez dozu horrelakorik gura, jakina. Gailurraren abiada gozoan jarraitu nahi eta behar dozu.
Artean, zuk, bizian hausnarketa gitxien egin dozun horrek, hausnarketa gehien egin dabela ondo dakizunari sakonago hausnartzeko eskatuko deutsazu, handigureak beregan ekarri ohi daben tonuan.
Beste kontu bat da halango pertsona sinple eta primitibo batek merezi ete daben euskaldunon Lehendakari izatea. Baina, izan, bada. C'est la vie.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!