Bedarretan itzulipurdika
2020-06-04 17:19Bedar ganeko itzulipurdi labur horretaz gozetan dot, Lurrek lez, eta jesarlekutik altzetan naz, inor konturatu barik.
Deskonfinamendu honetako nire lehenengo kalera urtetea oraintsu ezagutu barri dodan nire auzoko txoko batera izan zan; hainbeste asfalto nahiz etxebizitza artean, biziki orlegia da, errekea inork ikutzen ez dabenean izaten dan besteko berdea. Nire txakurra parkera doanean lez sentidu nintzan: bere buruaren inguruan bueltaka moduan hasten da, sokeaz libretako; brinkoka, saltoka eta ahausika hasten da, paseo bat lako kontu hain sinplea eskertzeko adierazpide egokiaren bila balego lez.
Librea izan gura dau, horretarako prisaz dago, eta niri piloa puzten deust paparra beragaz tarte labur baina intentso hori alkarbanatzeak. Dana dala, salto-saltoka ibiliagaitik, ez dau urrunera alde egiten: bedar ganean itzulipurdika ibili ohi da, nigaitik hurre, guk irribarre bezala bataiotzen dogun eta txakur askok berezkotzat daukien arpegi-adiera berezi horregaz —nago etxean abereak daukaguzanok dan-dana izendatzeko beharrizan ez-idatzi baina oso ageriko bat daukagula—. Horixe da askatasuna gure txakurrarentzat. Askatasuna bizirik dagoanagaz kontaktua ezartzean sortzen da. Eta, une hartantxe, horrexegaitik igarri nintzan beragaz eta bere bizimoldeagaz hain identifikauta, ze, egia esan, hirurogei egun baino gehiago egin dodaz hor kanpoan bizirik dagoan zer edo zer ete dabilen zalantzan. Oraindino be, erantzuna ez daukat guztiz argi.
Bigarren urtekera gogoangarria, ahal izan nebanean, gure herriko liburu-denda eder batera izan zan, Iparragirre kalean. Ez neban bereziki libururen bat gura, beste hainbestetan lez, eta horrexegaitik joan nintzan bertara: liburu-saltzaileek irakurleak leiduten dakie. Beti esan dot eta beti esango dot. Bertako arduradunagaz berbetan hasi nintzan, Anagaz, eta hamar bat minuturen buruan, etxetik haragoko alkarrizketa fisiko bat mantentzen nengoan lehendabiziko pertsonea bera zala kargutu nintzan. Berak gomendio eginiko lau liburuetako hiru mesanotxera eroan nituan eta azkena, ostera, erreserba lez laga neban bertan, hainbeste emo(te)n deustan tenplu ha atzera profanetako atxaki bat izateko.
Ni neu be konplize nazan arren, ez dot ondo ulertzen terrazak jentez betetako obsesino hori eta, era berean, eguzkitan zerbeza bat hartzea beste elikatzen eta osatzen gaituen beste hamaikatxu komertzio albo batera lagatea. Ezin leiket ulertu liburu-saltzaileak alboratuta istea, pandemia honek zarratu deuskuzan munduak liburuek edegi deuskuezala jakinda. Bizkarrezur-muinean gora, oinaze bertikal zorrotz bat igoten jat buru atzeraino, liburu-dendak erreskadan zarratzen dabizala eta eurak bako etorkizun bat imajinau behar dodala pentsete soilagaz. Hori dala-ta, ez dot egundo etsiko herritarrak handi egitea beste jomugarik ez daukien komertzio txikien defentsan.
Hirugarren urtenaldi garrantzitsua, egia esateko, lagun on-on baten etxera sarrerea izan zan, urtenaldi bat baino gehiago. A ze sentipen arraroa nire lagun-talde osoa ikustean erne jatana eta, orain mundua zinez bestelakoa izan arren, ezer aldatu ez dala igartean sortu jatana. Badirudi bizia lipar berberean pausan ipini dogula eta, halaber, istante zehatz berdinean berrabiarazo dogula. Ez genduan alkar gehiegi besarkau, ez jakun hori falta izan, ze eurataz isiltasuna bera be faltan izan dot. Beharbada, eureri zera autortzea falta izan jatan, euren eskuak izan ez arren, euren irribarrea entzutea behar dodala, metro biko distantziatik baldin bada be. Egonaldian zehar, hainbatetan jesarlekutik altxau eta Gorkaren etxeko ezkaratzera zeozeren bila joateko imintzinoa egin neban, atean parau eta bertatik eurak danak terrazean ikusteko bakarrik, hau da, gura dodan dana barriro be behar dodan lekuan kolokauta dagoala ziurtatzeko.
Eta ez naz beste ezer eskatzera ausartzen. Bedar ganeko itzulipurdi labur horretaz gozatzen dot, Lurrek lez, eta jesarlekutik altxetan naz, inor konturatu barik. Biziak bizirik jarraitu daian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!