Nire lamina
2020-05-29 15:39Ez deutsuet inoz berbarik egin nire testueri zentzua emoten deutsen pertsoneaz. Ez da berataz akordetan ez nazalako.
Sarri pentsetan dau sortzaileak bere ekinaren frutua gustoko dot edo ez jat gustau batera mugatuta ikustea gauza normala dala zinez; XXI. mendeko akritikotasunaren ajeak, badakizue. Dana arin eta bikain behar dogu, atoan, distiratsu; zapping-aroa berehalakoa da, danatarikoak esku-eskura daukaguz eta nahi dogun istantean, ganera.
Hori dala-ta, ez deutsagu muzinik egiten film bat segiduan aldatzeari, bere lehenengo eszeneak ezer pizten ez badeusku; abestiek be ez deuskue balio, lehendabiziko hamar segunduatan begiradea nonora joan baldin bajaku; liburuak eurak be mesanotxeko zerrendara bialtzen doguz: logurea emoten badeuskue, aspergarriegiak dira eta, larregi harrapetan bagaitue, ez dira ordu txikitan leiduteko gomendagarrienak.
Ez daukagu erdibideko terminorik, ez daukagu gure esku ahurron neurrira eginiko oralekurik. Hori bai, oraindino be badira errealidade-dosi bat emoten deutsuen pertsonak, ia-ia beste galaxia batekoak diranak. Horreek erakusten dotsue egiten zabizana benetan eta erroz ondo ala txarto dagoan, penea merezi ete daben eta burutzen dozunak zu zeu egiten zaituan. Beste berba batez: nor zaren gogorarazoten deutsue, eta hori, gaur egun, asko da.
Geurean izan dogun konfinamendu-egoeran, ohikoa dan lez, gabaz ez da jenterik ibili paseoan usu sortzeko ibilten dodan gure balkoiaren petik. Debekuen mugak, badakizue. Kartzelaldia amaituta, baina, ordu txikitan, inor ez ezer espero ez dozunean, isiltasuna apurtzen ez dabeen eta iluntasunagaz bat egiten dabeen izaki gautar bitxi batzuk agertzen dira espaloitik. Norbere garunaren egitekoa da nortzuk diran, nondik datozen, nora doazen, zoriontsu ete diran edo etxean nor edo nor itxaroten eukiko ete dabeen imajinetea. Ariketa polita da hori.
Ba, nire buruhausteen, egunean-eguneangoaren eta ilusinoen zati potolo bat hartzen dabeen testuakaz be gauza berbera subertetan dalakoan nago. Izan be, nago zeure buruagan gitxien sinisten dozunean, zaurituta igarten zarenean, dan-dana gris bihurtzen danean eta norberaren konfinamendu-egoerea permanentea danean, halako izaki miragarri batzuk agertzen dirala, nik lamina deituko deutsedanak. Zer dala-ta laminak? Arriskutsuak diralako, gure bizipoz zein barne-irrikak detektau eta hareekaz olgetako kapaz diralako, iruntsi egiten gaituelako eta ingurune idilikoatan —itsas bazterra, erreka-zuloak, testuak— bizi diralako, atezuan.
Baina laminak izaki arriskutsuak, bereziak eta bakarrak diran neurrian, zeharo maitagarriak eta bitalak be badira: begitantzen jatsu euren itxurea moldatu egiten dabeela zugaz harremanetan dabizanean, eztiago tratetan zaituela —sarri, tratakera horren merezigarri izateko deus egin ez dozula uste dozunean be—, zuk malkoz eta odolez defendatzen dozunagaz bat egiten dabeela, aingeru goardakoaren funtzinoa beteten deutsuela… eta, azken baten, bizirauten laguntzen deutsuela.
Kargutu naz lamina bat izan leitekeela burua galtzeraino testu bat hiperzuzenduko deutsun irakurle bat. Kargutu naz lamina bat izan leitekeela sasoi efimero honeetan biziaren puntualizazino txikerratan erreparetan daben irakurle bat. Kargutu naz lamina bat izan leitekeela zeure buruagan nahiz egiten dozunagan itsu-itsuan sinisten daben irakurle bat, zuk zeuk be egiten ez zenduanean. Kargutu naz lamina bat izan leitekeela sasi-inposau dan gustoko dot/ez jat gustetan hori aldez edo moldez ekiditen dabeen irakurle bat, berak bihotzez uste dabena kontau gura deutsulako, zuk egiten dozuna ardura jakola dirudialako eta laguntzeak bolondreski bueltan ezer ez jasotea esan gura dabela ulertzen dabelako.
Menditik asko ibili arren, ez dot laminarik ezagutzen. Baina bada Mikel Retolaza izeneko lagun bat, beharbada hona helduko dana. Ez deutsuet inoz berbarik egin nire testueri zentzua emoten deutsen pertsoneaz. Ez da berataz akordetan ez nazalako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!