Ikasgaia(?)

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2020-05-20 19:26

Konfinamentu honek alkar jagoten erakutsi ez badeusku, zertarako balio izan dau honek guztiak?

Ez dira egunik alaienak. Badagoz momentuak zabor artean aztarrika egin eta edertasuna ataratea errez-erreza subertetan dana, baina, beste hainbestetan, errealidadea sikua eta trinkoa da. Eta ez dago hori salbauko daben poesiarik.

Alkarrizketatan, itaun berbera errepetiduten da behin eta barriro: zuk zer ikasi dozu gotortu garen garai honetan? Erantzunak be, bardin askoak dira: neure buruagaz ondo konpontzen eta bakardadea onartzen; nire persona maiteak faltan eukiten, aitaita-amumari sarriago deitzen, auzokideakaz taldea osotzen; azkenburukoak kozinetan, liburuak berreskuratzen, etxea atontzen. Eta hori dana, batzutan, hain banala zein indibidualistea begitantzen jat, non ispiluz inguratuta bizi garala dirudian, gure islea baino ikusi ezin dogularik.

Pandemia-aro honetan, 016ra egin diran deiak biderkatu egin dira, genero-biolentzia kasuak dirala-ta edo adin gaztekoen laguntza-eskaerak medio. Pentsau daigun modu sistematikoan eraso egin jakon emakumezkoaren egoeran: hilebeteotan, ez dau ezelako makillajerik behar izan, inork ezin izan daualako ikusi. Gogoratu kondizino sexualagaitik alboratua izan dan mutila, etenik bage erdeinetan daben familia bategaz egun osoz egoten behartuta dagoana, eta pentsau daigun biziraute hutsagaitik euren aurrean sortu behar izaten daben errealidade guzurrezkoa.

Imajinau daigun txori bat kaiola baten kartzelaratuta dagoala eta, bertatik atara barik, zapata-kaja baten sartzen dogula. Gotorlekua bikotxa da. Lehen urtekera bakarra baegoan, orain atea zeharo zarratuta dago. Eta hori, lehen pasetan zana, oraintsu gertatzen egon da. Sistemea uste genduana baino ahulago dago. Hori bai dala ikasketa-prozesu bat; hori bai dala danantzako erantzun bat. Egiteko piloa dago eta ikusten nabil ezerk ez dabela jagokon espazioa okupetan, itzela izan beharko litzakeen espazioa.

Titularratan perfektu, idiliko eta Parnasoaren parekotzat margoztu deuskuen gure herri honetan, ilara kilometrikoak egiten dituan jentea dago, askoren —larregiren— artean banatu beharko daben plater baten esperoan, alboko auzunean ganorabako-talde bat euren pribilegioen alde manifestetan dan bitartean; euren libertade burguesa aldarrikatzeko, zelan ez, segurtasun-neurri derrigorrezkoak ez ditue errespetetan, ze norbanakoaren interesatara mugatu dan ordezkaritza politiko ustel eta kapitalista baten babesa daukie. Dirua osasunaren aurretik, gogoratzen?

Eta zer da askatasuna, behin puntu honetara ailegauta? Zeri egiten deutso orain keinu hain garbia dan baina hainbesterainoko bizioz ito dogun berbeak? Ez dakit. Ez dakit jakin gura dodan, bildurra deutsat ekarri leikean erantzunari, horrek daborduko intereseteari itxi deust. Ikusten dodana margoztu ez deuskuena da: jentea bene-benetan sufritzen, besteek eurenagaitik protestetan dabeen artean; gu jagotearren zendu diran mediku nahi erizainak, besteek, inongo begiramen barik, euren hilobiatara txistua botaten daben artean; eskola-eztabaidak eta norgehiagokak goi-geruzatan, asperdurea eta amorrua besterik sortzen ez deustienak; kontu honen guztiaren konsekuentzien inguruko ikuspegi egoista eta ustel bat. Eta lehen be esan dot: ez dago hori salbauko daben poesiarik.

Deserosoa da sufritzen dagoanagan pentsetea, hurkoaren oinazea usaintzea, aldamenekoak dakarren sufrikarioari eskina egitea eta geure sufrimentuaren alboan ipintea. Baina konfinamentu honek alkar jagoten erakutsi ez badeusku, zertarako balio izan dau honek guztiak, auzokide edo sukaldari finagoak bihurtzeaz harago? Zertarako balio izan deusku?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu