Garaipen txikiak
2020-05-11 18:44Beharbada, ez gagoz intimidade-zati hori galtzen bakarrik. Beharbada, konfidantzan be irabazten gagoz.
Kartzelaratu garen sasoi arraru honetako asteotan, zeozer zinez garrantzitsua galdu dogulakoan nago. Ez nabil, ez, norberarena eta ez beste inorena dan horrezaz, gure biziaren zenbait alor fribolo gordetako erabilten dogun afan bereziaz baino. Derrigortuta datorren itxurosokeriaren, apaindurearen eta kamiseta plantxatuaren beharrizan horrezaz nabil, kalera erregulartasunez urtekeran —orain ez, behintzat— geure buruari ezartzen deutsagunaz.
Joan zan egunean, Flavita Bananak depilau bako emakumezko baten irudia alkarbanatu eban sare sozialatan; bertan, norbere ongizateagaitik egiten doguzanak eta ezarrita dagozan arau sozialei men eginez egiten doguzanak bereizten zituan. Nire kasuan, autortzen dot: maite dot etxetik ibilteko arropea. Gorroto dot praka bakeroakaz atseden hartzea edo korridorea igaroteko zapatak janztea. Uko egiten deutsat bizarra mozteari eta bost ardura deust ulea zelan daukadan. Txakurra be txandalean ataraten dot, eta beste edozein janzkeragaz lez igarten dot nire burua. Orain, ganera, etxean nago, alegia, ez dago epaituko naben inor —ni neu be ez— eta hori zinez sentsazino atsegingarria da. Ze, horrek ez dau esan gura jagoten ez nazela edo norberaren itxureak bost piper ardura deustanik; kontua hori guztia baino sinpleagoa da: norberak ondo sentiarazoten deutsana egitean datza. Izan zara bat, izan bestea.
Koarentena-sasoian, ohitura barri bat neureganatu dot: zapatu-domeka goizatan terrazara urtetan naz armosua jatera. Ogetik jagiten nazen lez: pijaman eta orrazkera nahasiagaz. Beti ikusten dot gure ganeko auzokidea dan gizona bere balkoiko oralekuan parauta, zigarreta eskuan, telefonoz hitz eta pitz dagoalarik. Katilua diosal lez altzau eta alkar agurtzen dogu. Bera be pijaman egoten da sarri, benetan elegante egiten deutson pijama urdin batez. Alboko blokeko leihotik, ostera, beste auzoko bat txalo egitera urtetan da eguerdi-bueltan —beti-beti ordurako—. Ulea kizkurtzeko erruloakaz eta etxetik ibilteko mantalagaz urten ohi da beti, Torrenteren pelikulatako pertsonaje baten pare; atzazalak be dotore margoztuta daroaz beti, Errigoiti aldetik ikusi leitekezan larrosa-kolorekoak.
Noz edo noz, etxekook lanpetuta gagozanean, txakurra atarateko —eta, bidenabar, berak be haizea hartu daian— ardurea Isabel izeneko andra bategan ixten dogu. Ba, Isabel, gotortze-aro kamuts honetan, kalerako nire leiho partikularra bihurtu da. Paseotik bueltetan dan bakotxean, hor kanpoan ikusi dituan danak kontetan deustaz. Komunikazinoa nahiz auzolana nagusi dira. Eta ez dakizue horrek zenbat pozten naben. Lehen eguna mesfidantzaz zarratuta igaroten eben lehenengo pisuko auzokidearen bentanak zabal-zabalik dagoz orain, aurretik pasauko dan eta berbaldiren bat emongo deutsan nor edo noren bila. Daborduko, ez deutso ardura espaloian paseoan dabilenak barrura kuriosidadez begiratzea, eta kanpokoari ez deutso harritzen barruan dagoanak kanpokoaren begiak bilatzea.
Etxeatako txakurrek kaleetakoei zaunka egiten deutsie, eta azken horreek lehenengoei ahausia bueltau; bien artean, ugazabek alkarri konplizidadezko agur bat egiten deutsie, bai batzuen, bai besteen bakardadea lau hankako adiskidez egoki betea dagoanaren jakitun. Batzuk azazkalak ebagiten ditue, beste batzuk saloian jantzan egiten dabe. Mozorroturiko umeak ikusi leitekez, arpegia pintauta daukien gurasoak be bai. Iragarkiatan erakusten diran kiroletarako arropak daroezan modeloen inongo antzik ez daukien umeak euren txandalak izerditzen dabiz, koordinazinoari eusteko kapaz diran artean, pozarren.
Beharbada, ez gagoz intimidade-zati hori galtzen bakarrik. Beharbada, konfidantzan be irabazten gagoz, bai geure buruagaz, zein hurkoakaz. Eta zer gura dozue esatea… garaipen txikiak, katastrofearen erdian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!