Amapolita Blues

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2020-05-04 19:53

Koarentenako egun bakotxak kanta bat daukala dakigunak gara.

Ez da erraza begiradea pantailatik desitsastea, kanpoan dagoan horretaz danaz kargututeko leiho bakarra bihurtu baita. Lehengunean, lagun batek kartzelaldia zelan daroadan itaundu eustan eta errotik moztu neutson berbaldia: ez nabil idazten, idatzi ezinda nabil. Nire sormena eta bapatekotasuna, uneotan, zeharo hutsala da —nire berbak pizten dituan blog itxurako trantze honetako lerro eskasak salbuespen—. Niretzat zinez sinplea da: bizia behar dot, idatzi ahal izateko. Eta, momentu honetan, bizia geldi dago, ia-ia hilda, eta biziaz idaztea, hau gaixorik dagoanean, hormearen kontra zuzen-zuzen eta galga barik joatea da.

Hori dala-ta, pantailea iturri daukan informazinoak hor kanpoan dana berton lez dagoala dinostan pentsamentua elikatzen deust. Nire amuma zanaren —eta danaren— pareko ule urdindua daukien beste hamaikatxu amumaren uleak ikustea ahalbidetzen deust pantaileak, Zallako lagunek adoptau barri dabeen kaletxakur koitadua, iraintzerainoko erraztasunez biziaren sinpletasuna bueltetan deustan ogi-banatzailearen barre-algara deskontroladua edo bizikletako erropak lehenengoz jantzi zituanean nasaiegi geratzen jakozan umearen begiradea. Biziak aurrera darrai, egunero errepetiduten naz. Mundua aurrera doa, mantso-mantso, baina aurrera doa.

Badira deserosoagoak diran lekuak be, pantaileak gordetan dituanak: ansiedadea nahieran dabilen orubeak eta eztabaidak nigaz edo nire kontra zagoz batera mugatzen diranak. Horreek, ahal dodan lez, ebitetan saiatzen naz. Horreetan bai altzetan dodala begiradea; airea hartzen dot, sakon, goizaldeko seiretan edo iluntzeko zortziretan baino izartuten ez dan kalea begiztatzen dot, daborduko buruz dakidazan zehetasunatan enegarrenez erreparetan dot. Eta, egia esan, zeozertaz konturatu naz: bai balkoiak, bai leihoak Twitterreko murru bihurtu dira; bakotxak bere sentimenak, bere burrukak nahiz aldarrikapenak bitxiki baina modu paketsuan adierazoteko aldare dira.

Gure auzunean danatarikoak dagoz: badagoz dolu-xingola baltzak dituen ikurriñak, osasungintza publikoaren aldeko esaldiak margoztuta dituen kamiseta zuriak, eskuz eginiko eta ostadar itxurako kartelak; badagoz edegiten ikusi ez dodazan pertsiana nahiz bentanak, eta horreek arratsaldea erdibitzen daben anbulantzien sirena-hotsaren besteko bildurra emoten deustie; badagoz egundo ureztatuak izateari laga ez deutsien landarak eta modu estrategikoan leiho-hegiatan kokatzen diran burukiak, txalo egiteko sasoian ukondo nekatu(egi)ei eusteko. Nire auzoko leihoatan maitasuna dago, bildurra dago, amorrua dago eta tristezia dago. Isiltasunez ganezka dago, baina baita zaratea birrindu eta soinu atsegin bat atarateko pasinoz be. Badagoz zeharka jausten diran txanponak  eta badagoz begietara so egitean desegiten diran bandoak. Danatarik dago, pantaila baten babespean gordeko diran blokeoak, irainak edo mezpretxuak izan ezik.

Nire auzoan —eta euskal lurretako auzo danatan— zinez desbardinak gara eta diferentzia horrek batuta mantentzen gaitu, orekatuta. Ze, ez gara sare sozialatan eztabaidan dabizen horreek. Arratsaldero, alkar begiratzen dogun eta alkarreri zelan daroagun itauntzen deutsagunak gara, erosketak egiteko gure burua eskaintzen dogunak edo txalo egite hutsak bestelako eginbehar politiko, sozial, ideologiko nahiz personal batzuk nahasten dituala argi daukagunak. Koarentenako egun bakotxak kanta bat daukala dakigunak gara, eta, oraintxe bertan, Amapolita Blues nire belarrietan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu