Goiz euritsu batez

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2020-04-28 14:25
"Bozkea emon ezkero, independentzia ailegauko da". Hori, oraindik dinotsut eta kolore deigarridun letra larriz apuntau eizu, ez da pasauko.

Lantzean behin, inguruko dana errotik aldatu beharra dagoen ezinegon sakonez iratzartzen naz. Gaur, egun horreetako bat da. Ahal dodan xumeen idatziko deutsut, lagun maitea, zuk, beharbada, bihotz onez zeozer egin guran ekintzak kuestionetan ez dozuzan horrek, ulertu daizun nire jarrerea nahiz egonezina.

Ni neu independentziaren alde nago, eta, are gehiago, erabakitzeko benetako bermeak emoten dituan eskubidearen alde; hortaz, konprenituko dozu bozkatzera joan behar nazan bakotxean, momentu txar batetik pasau behar izaten nazala, nire burua hipokritatzat daukadan unea dala. Ia-ia ezin izaten naz joan, neure buruari iruzur egingo deutsadalakoan, iruzur hainbeste maite dodan herriari. Zer izan gura dot, aske ala menpeko? Herri batek, osasuntsu dagoanean, ez dau halako paradigmarik planteau be egiten. Baina geurean, ostera, bai. Ez jatsue galdera zentzubakoa iruditzen? Adi, kontziente eta borondatetsu dagoan herriak honako hau itauntzen dau: Zelan askatuko naz menpean naukien bi estadu inperialista honeen kateatatik?

Holantxe kokatzen da munduan, nik uste, estadua daukien nazino danen koordenada politikoa: ez dabe ezbaian ipinten euren autodeterminazinoa, eta bertara doazanei integretako abantaila- eta komertzio-bide guztiak errezten edo ezartzen deutsiez. Eta, hara paradojea, danak dira independentista: japoniar orok gura dau mantendu Japoniaren autodeterminazinoa; txiletar danek Txilerena, eta halan munduko 198 nazinoatan.

Jakin badakie benetako demokraziaren lehendabiziko premisea independentzia dala, jakin badakie independentzia ez dala eskumen bat gehiago, beste eskubide danen lehenengo urratsa baino, beste guztien aurretikoa, pertsona baten biziteko eskubidearen parekoa dala, baina, norbanako bateri barik, herri bati jagokonez. Aznarrek —hori bai dala paradojea— ederto esan eban: Politika negoziazinoaren artea da, baina bada zeozer negoziau ezin dana; zuk negoziau leikezuz aurrekontuak, baina herri baten existentzia ez da negozietan. Aznarrek ez, eta zuok bai? Gure herriaren existentzia kolokan jartzen dozue-ta, existentzia ezari be, bere aukerea emonaz.

Askatasuna, nire eretxiz, ez da aukera bat, betebehar bat baino. Horixe izan ohi da, baina, menperatuak izan diran nazinoei arpegiratzen jaken lehen zalantzea: konkistearen, usurpazinoaren, boterebagetze- eta akulturizazino-bilakaera baten ondorioz, herri hori kanpoko potentzia arrotzean txertatuta geratzen da; bere nortasun edo izakera propioa airean doa, esentzia identitarioa irauli egiten da. Hau dana testuinguru historikoa dozu, adiskide, baina bada marko politiko bat be, goiz honetako nire jarrera exijentea ulertzen lagundu ahalko deutsuna.

Zer da autodeterminazinoa? Herri batek bere burua gobernetako daukan eskumena, kanpoko inoren ez ezeren esku-hartze barik. Horrek esan gura dau menperakuntzea gainetik kendu beharra daukala, autodeterminauta bizi daiten. Autodeterminazinoak independentzia dauka baldintzatzat; gauzak holan, independentzia da, logikoki, autodeterminazinoa dakarrena, eta ez alderantziz. Hortik aurrera, erabagi ahal izango dau, orain bai, zelan komeni jakon bere burua gobernetea. Independentziak sortzen dau bene-benetako demokrazia autentikoa herri baten, eta ez alderantziz. Askatasuna dagoan lekuan, alegia, inperialismorik ez dagoan herrian baino ez da loratzen egiazko demokrazia.

Testuinguru eta egoera hau guztia aintzat izan barik antolaturiko bozketea, nire ustez, inongo pedagogia zein didaktika demokratiko bakoa da, lau haizetara barreiatzen dozuen mezua hauxe dalako: bozkea emon ezkero, independentzia ailegauko da. Eta hori, oraindik dinotsut eta kolore deigarridun letra larriz apuntau eizu, ez da pasauko. Burujabe garalarik bozkatzeko aurkezten dogun konstituzinoagaz, bai. Hori ulertzen ez badozu, saiatu zaitez ulertzen, horrela egingo deutsazu-ta zerbitzurik onena ustez hainbeste idolatretan dozun herriari.

Ez eizu zeozer egin, egitearren baino ez. Nahasmena baino ez dozu hedatuko zure inguruan, eta ziurtasunik batere ez. Ez sartu kontu politiko-ideologikoatan, politikearen aferea nahiz mamina ulertu gura ez badozuz, holan dana ideologiabakotzen dozulako, eta ideologiabakokeria da honezkero odoletan blai dagoan zezenari sartzen jakon puntillea —alderaketa taurino krudel baina errealista hori baimentzen bajat—. Sinple asko, DUTek esaten eban lez, lurra iraintzen dabenak, bere burua iraintzen dau. Begiratu eizu ze errez mantsotzen dan herria —oso modu larrian—, sasi-anestesia barreiatzen danean —oso modu interesaduan—.

Euskaraldia lako hamaikatxu ekimen kultural munduratzen doguz —kulturalki, linguistikoki eta folklorikoki balio handidunak, onartzen dot—, baina geurean tentsino historikorik zein arazo nazionalik ez balego lez funtzionetan dabe, eta bitartean dan-danok Euskal Herri imajinario baten alde. Kargutu zaitez zelan infantilizau dabeen herria, lip dub eta pareko egitasmo zinez modernoakaz, guztia jai-mailara mugatu arte, herri xeheak entelegau daian. Ze kamutsak garen, batzutan, herrigintza-kontuatan.

Zuon ustezko nazino-eraikuntzea, azken baten, konkistatzaileen homologazino soil bat baino ez da, euren eretxia zilegi bihurtzen dabelako. Hori historiaren ibilbidearen kontra doalakoan nago, eta ondorio hau ekarriko leuke: ez da inongo konkista zapaltzailerik egon, geure borondatez gagoz bi potentzien pentsuan, eta egoera honetan jarraitu ezin dogula justifiketako, oraindino existitzen ez dan idea-sistema barri bat behar da, sortzen benetan gatxa dana. Espainiaren morroi segidu gura dabeenen ikuspuntua errespetagarria dala pentsetan dot noz edo noz, baina, beste horrenbestetan, honako hau uste dot: ez, ez da. Salagarria da, inposatua izan baita; noz bozkatu genuan Espainiaren baitan bizitea? Horri kontra egiteko baldin bada, independentzia-aldarrikapena oroz bidezkoa da, munduaren konfigurazino geopolitikoan bizirauteko estaldura posible bakarra estadu propioa izatea da-ta.

Estadu hori ezeztaten deuskuenek iraupena ezeztatzen deuskue. Nik horren besteko sinple ikusten dot kontua. Herri zapalduaren xehetasuna hauxe baita: konkistatzailearen ideologia potoloena dala, gehiengoarena, osterantzean ez ebelako geure lurra menpean hartuko. Eta, testuinguru horretan, hautetsontziak beste barik ipintea suizidio erraldoi bat da, suizidio mantso baina ziur bat.

Espainiartzat gura gaituenek ez daukie zertan bozkatu be, daborduko euren proiektu politiko-ideologikoa indarrean dagoalako: probintzia gara, gero eta barruratuago dagoana. Hain tontoak zarie pentsetako indarrez, herri-bortxaz eta mendeatan barrena ezarritako estatusari bozka bidez bueltea emongo jakola? Nire ezjakintasun politiko osoz dinotsuet hori politika ez ezagutzea dala, etsai politikoa ez ezagutzea dala, eta baldintza horreetan herri hau nahasten ibiltea herri honeri benetan errespetu gitxi eukitea dala.

Parkatu, laguntxu, goiz honetan nire speech-a gogortu badot, baina uste dot jentea —inongo parkamenik eskatu barik edo, nik egin dodan lez, bere ezjakintasun politikoa aurretiaz agertu barik— itsaso oso sakonatan sartzen dala maiz, eta, gehienetan, horretarako prestatuta egon barik. Argi eta garbi dinot: politikearen alorratan, etsai politikoagaz ezelako jolasik ez; bere menpe eduki nahi zaitu, eta zu bere tentakuluatatik askatu gura zara. Horrenbestez, bere kontrako eraginera bideratu beharko dozu politikea, bere itzalaren atalasetik urtengo bazara.

Eta, amaitzeko, saiatu arren, ezin dot ulertu gure herriaren ustezko salbatzaile batzuk alaitasunari emoten deutsien inportantzia: zapalduta gagoz, zapalduta zagozie, eta ganera barre egin behar dogu? Zer gara, oinazean plazerra igarten dabeen masokista horreetako batzuk, ala? Balkoiak ikurrinaz bete jakuz, udalak bandera espainolez beteta jarraitzeagaz batera. Sarritan igarri edo entzun leiket: Nire soldata instituzionalagaz desobedientziarik ez!

Alaitasunak ez ditu herriak askatzen, estrategiaren legeetan atondua eta planteatua dagoan indarrak baino, politikoki baliogarria danak. Hain larria begitantzen jat herri baten askatasun-aukerak hautetsontzietan gotortzea, matematika hotzera kondenetea: %49ak bozkatu dau independentzia, aiba, ze zorte txarra; beste 500 urtez Frantziaren zein Espainiaren gerizpean egotera derrigortuak zagozie! Hau dana ez jatsu ridikulua iruditzen? Ba, euskal mesias askoren eskaintzea horixe da.

Ez badaukagu, oraingoz, independentzia hauspotzeko kemenik, indartu daiguzan giharrak, gure askatasuna zabaldu, egonkortu, instituzionalizau… ha defendatzeko neurrira ailegau arte; eta, batez be, biztanleria itxaropen faltsuakaz engainau barik, etsipena zabaldu barik. Ze, herrigintzearen soloan, independentzia ezinezkoa dan nozinoa baino ez da loratuko hautetsontzien bidez. Eta, bien bitartean, parkatu goiz euritsu honetako kafearen eta herri-maitasunaren gehiegikeria. Beharbada, koarentenako umorea izango da…

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu