Olerkari nerabearena

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2020-04-18 14:10

Beraz, hona etorten dira bizitzen segidu gura dabeen pertsonak?

Deigarritik gitxi samar daukan hastapena emon eutsan Rilke maisuak Malte Laurids Briggeren kaierak bere elabarriari: Beraz, hona etorten dira bizitzen segidu gura dabeen pertsonak? Malte gaztea, nobelako narratzailea, landa-inguruko herrixka txiker batetik etorri barria da Parisera, Montmartre auzune bohemiora, metropolian poeta hobea izango dan itxaropenez, eta ezin dau ulertu Parisek erakarritako jenteak ze atsegin ataraten deutson bertako bizimolde desatseginari.

Ehun urte pasautxu daukaz Rilkeren lanak. Orduko uri zaharrak hiritzar bilakatu dira; sortu be sortu dira metropoli barriak. Aurreikuspenek dinoenez, 2050 urtean biztanleriaren ia hiru laurden urietan biziko da, eta Malte gaztetxuak uriari ikusten eutsozan bizi-baldintza makurrei kutsadurearen afera larria gehitu beharko jako, besteak beste. Eta orduan be egongo da poeta gazte auskalo nondik ailegau barriren bat, aingerukerizko ezjakintasun inuzente batez itaunduko dabena: beraz, hona etorten dira bizitzen segidu gura dabeen pertsonak?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu