Zelaia edurretan
2020-04-04 20:40Nire aldartea bortxatu neban, nire aldarteak zure tripa barruan egoanaren neurriko tumore bat eukalako.
Akorduan daukazu? Edurra, etxe alboko zelaia zuriz estalita, urrun geratu jakun zemendi baten; hondoratu egiten ziran katiuskak; nire ama guri balkoitik erne-erne begira, etxe alboko landan zelan olgetan genduan zelatatzen. Etxe askotako kontua, seguru asko. Zuk, zure eran, berba egiten zenduan, esateko milaka kontu bazeunkez lez. Eta nik promestu egiten deutsut egun hartan zeure arnasestu arraroak ulertzeko gai nintzala. Saltoka eta brinkoka zenbiltzan, edurretan atzaparrakaz egiten zenduzan zuloatan nor lehenengo jausiko. Zuk ez zenduan deus ulertu; nik dana konprenitu neban.
Horixe izango da, akaso, azaroagaz lotuta daukadan oroitzapenik soilena. Denporeak argitu eustan alkar zaindu behar genduala, buztana hanka artea sartu eragiten eutsuenen eta zure artean murruak altxau behar nituala, zure hasperen oro desglosetan ikasi behar nebala. Urteek ulertarazo eustien epel-epel babestu behar zintudala, berez gure etxeak arriskurik bako bizi bat zuzkitzen eutsun arren; zure borobiltasunean eta inongo mamu barik maitatu behar zintudala, inongo damu barik, txakur baten eta bere jaubearen arteko harremanak eskaintzen daben erreziprokotasunez. Ze, amuma Justinak beti azaltzen eban lez, txakur bat hede bategaz lotzen dabena txakurra besteko lotua dago. Horixe izan behar ei zan zure lehenengo izena: Hede. Baina ez. Denporea eta bere misterioak. Denporea eta bere joan-etorriak. Zelan aldatzen diran garaiak, laguntxu.
Apurka-apurka ikasi genduan bion arteko parekidetasunez jokatzen, gure arteko hede zurrun ha are zurrunago bihurtzen, gure egunerokotasunaren metronomoa erritmo berberean entzuten. Ikasi genduan alkarren konplize izaten, preminazko eta azaleko gauzak bereizten, eta etxera itzuliaz. Ze, nire etxe ha nirea zan, zu zain zengozalako. Ze, zure etxe ha zurea zan, ni beti itzultzen nintzalako. Bizitik ikasi neban beti adi eta zuhur egoten, baina eritasun larri bat txakur bat lako izaki inuzente bat jipoitzera datorrenean, gatxa da gauzei aditasunez begiratzen eta, batez be, euren izenez deitzen
Zenbat oinaze kabitzen dan ikusten ez diran zaurietan. Zenbat mintzen daben merezi ez danak. Negu arraro bezain sargori hartan gaixotu zinanean lez. Orduan, nire manta eta mantra danakaz estaltzen zintudan, etxeko baztarretan barrena alderrai ibilten zinanean, zure barru-mina baretzeko estalpe baten eskean. Gogoan daukat Urtezahar-gau baten mahatsak ja ordez dutxan gotortu ginanekoa. Ordurako, zure afekzioa begibistakoa —eta bihotz-bistakoa— zan. Urte barriaren lehen minutuak ur epeletan igaro genituan, mahatsik ez jateak ekarri ahalko leuken ustezko zorte txarrari jaramonik egin bage. Gau eta egun hartatu zintudan: kandelaz beteriko garajea zan geurea, eguneko hogeita lau orduetan. Biziari heltzeko erregutzen neutsun : bizitea aukeratzeko. Mesedez. Eutsi ezkero, Aixerrotako eguzkia eta Orkondoko ipar-haizea hitzeman neutsuzan, mendiko paseoak, Lagako kresal-usaina, udako landazabal lurrintsuak Abiñan, Bizkaiganeko iluntze gorriak, Oizeko egunsenti biluziak, milioika eta milioika hazur erraldoi. Baita neguko goiz edurtsuak be, etxe alboko landan. Forura bidean, errepide ertzean, inor fijetan ez zan landa xume hartan. Ume eta osasuntsu ginanean lez. Hori guztia eta askozaz gehiago apurtxu batez burrukan jarraituko bazendu, azken ahalegintxu baten truke. Nire aldartea bortxatu neban, nire aldarteak zure tripa barruan egoanaren neurriko tumore bat eukalako.
Heriotzeari ezetz esan neutson. Behin eta barriro ezetz, zuri baiezko borobilak emoten neutsuzan artean. Eta zuk be baiezkoa emon zeunstan. Begirada galdu bakotxagaz berba egiten zeunstala igarten neban: egingo al dogu atzera salto eta jolas edurretan? Hainbeste ostera, hainbeste siesta eta hainbeste dutxa geunkazan oraindino aurretik… Eta, bai, beharbada arrazoia izango dabe: agian, heriotzea zure errepide naturala zan. Baina gure arteko loturea munduko saihesbiderik onena zan. Tranparik legezkoena.
Eta, orain? Ikusi leikezu? Zu eta biok gara. Edurretan. Forurako bidean dagoen errepidearen eta etxebizitzen arteko lursail birjina horretan. Asfaltoaren eta adreilu okreen artean dagoen parnaso horretan, gaur existitzen ez dana. Baina barriro be barrezka. Eta saltoka. Eta jolasean. Ama be balkoian dago guri begira, eta aldamenekoek ogi-papurrak botaten deutsuez leihoatatik. Aitak ur epelez beteriko galdara bat prest daukasku komunean, hotzak gorrituta bueltetan garenerako. Eta, oraingo honetan, ez da Urtezahar-gau hartako ur epela: honezkero, ez dau minik egiten. Amumak bere besaulkian laga deutsuz hainbeste gustetan jatsuzan kuxin zein burkoak. Ze, ez dago zu garaituko zaituan atsekabe, tristezia, kantzer, drama edo gaixotasunik. Ze, txakur onei ez jakez gauza txarrak pasetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!