Garaipenik handiena

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2020-04-01 19:22

Gorputzeko zuntz zein giharrak txikitzea ez zala ona gogoaren pakearentzat, espirituaren orekearentzat, gorputz torturatuetan ez baitago lekurik garaipenik handienarentzat.

Olinpiar Jokoak irudietara ekarri beharko baneukez —aurten ospatuko ez diranez—, txanponaren alde bat eta haren ifrentzua margotuaz, maratoia eta igeriketea hautatuko neukez. Asfalto ganeko korrikalari argalak, batetik; xirmendu bihurrituak bero-galdatan nahiz urazpiko izurde gihartsuak, bestetik, aldika-aldika burua arnas bila ataraz. Halanda be, maratoiak ez dau izenik laga nire oroimenaren iruditegian, ortozik korritzen dabeen etiopiarren zein balantzaka ailegau zan emakumezko tamalgarri baten irudi lausotuak baino ez. Uretako printzeen artean, izen bakarra dago  nire garunean iltzatuta: Mark Spitz. 1972an, zazpi domina irabazi zituanean, ni espermatozoide-proiektua be ez nintzan. Eta, zer edo zer autortu behar badot, zalantza barik esan leiket ugerlari haren irudiak ikusiaz sentidu nebala, lehendabizikoz, gorputz baten edertasunak eragin leuskidakeen zirrarea, nahiz eta gizonezkoarena izan. Bardin deutso horrek, egia esan. Ez eustan inongo traumarik sortu, hetero-sexualidadearen goraipamen bortitz erreprimitzaileak gogor jotako gizarte hartan, auzoko neska haren ipurdi borobilak antzeko irrikea sortzen eustan-ta, une berean.

Izatez, maratoia txarto hasi zan, bere sorrerea azaltzen daben fikzinozko ipuinari kasu egiten badeutsagu. Maratoiko gudua Kristo aurreko 490. urtean gertatu zan; baina, Herodotok kontetan dabenez, Filipides soldaduak korridu eban distantzia Atenasetik Espartara dagozan 246 kilometrotakoa izan zan, bi egunetan, laguntza eskean. Plutarcok eta Lucianok be aitatzen dabe balentria berbera 500 bat urte ondoren, baina idazle anonimoren batek ziria sartu eban momentu baten, kontatuaz erregeak Maratonetik Atenasera bidali ebala Filipides, bertan egozan emazteei eguzkia ezkutau orduko irabazi ebela abisu emotera, gerrea galdu ezkero, emazte hareek umeak akabau eta euren buruaz beste egitekoak baitziran, gudari pertsiarrak urira iritsi baino lehen. Filipides, arnasestuka, dan-dana emonda, urira heldu, berba bat nekez xuxurlau —Niki, garaipena—, eta ziplo geratu zan bertan. Ez zan inongo garaipenik izan harentzat, bizia galdu eban-ta.

Metafora ederragorik ba ete olinpiar jokoen espiritua deskribetako! Garaipena lortzeko saiatze setatsuagaitik zein neurritaraino galtzen dabeen kirolariek bizitza propio bat eukiteko aukerea, eta bizi hori gozatzekoa! Zer sakrifiketan dabeen, guri oinarrizkoak iruditzen jakuzan plazeratatik hasita, denporeari segundoak jateko, altuereari zentimetroak irabazteko, paparrean domina bat irribarretsu eskegi ahal izateko… baina barrutik apurtuta, gorputza leher eginda.

Geroztik, anbibalentea izan da olinpiar jokoetan desfiletan dabeen kirolariakanako daukadan sentipena. Planetako gorputz lirainenen erakuslekua da, gantz-gramorik bako iztar, bular eta sabel apetatsu eta ia-ia, biluziak gure begien dastamenerako; prototipo perfektuak, egundo ikutu izan ez doguzan modukoak, aldamenean etzanda egozala irudikatuaz laztandu dodazanak, atalik atal, bizkarretik oinetaraino, luxuria ikutuzko udako arratsaldeetan. Baina zenbat gogo zirtzildu ikusi izan dodazan gorputz horreetan: psikologikoki apurtuak, atsekabetuak, birrinduak, garaipen fisikoak gogoaren porrota ekarrela ulertu ez ebenak. Askoren biografiak irakurtea nahikoa da arrakastearen arriskua norainokoa dan ulertzeko.

22 urte eukazan Mark Spitzek 1972an, zazpi domina irabazten ebazan lehenengo kirolaria bihurtu zanean, domina bakotxagaz ordura arteko munduko markak hauts bihurtuaz. Urte hartan bertan erretirau zan kirol-mundutik —sorbalden ganean 22 urte besterik ez—, munduaren mirespena azpilean jarri jakon urte berean, upealako dirutzak, eta, kazetari inkontzienteek idatziko leukien lez, etorkizun loriotsua begien aurrean. Ez dakit zergaitik laga eban dana, dana lortu eban egunean. Wikipedian etorriko da azalpenen bat; ez dot begiratu gura. Ziur bainago barreneko ahots bat entzun ebala, munduari esanaz amalurrak eskaintzen eutson edertasun hark ez ebala merezi gaztetako urterik onenatan jasan behar izan eban tortura latz ha dana. Gorputzeko zuntz zein giharrak txikitzea ez zala ona gogoaren pakearentzat, espirituaren orekearentzat, gorputz torturatuetan ez baitago lekurik garaipenik handienarentzat: biziari zentzua topetea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu