Atxilotze-zaratak
2020-03-30 18:38Eta badakit bakarrik geratzea eta gure burua entzutea bildurgarria dala, baina, batzutan, hemen barruan be badago herri isil baten erdian abesteari itxi gura ez deutson txori bat.
Konfinamentu-sasoia aurrera doan neurrian, zentzumen batzuk zorrozten hasiak ditudala begitantzen jat. Bitxia da, orain herria zeharo isilik dagoalako, eta nik inoz baino gehiago entzuten dot. Beharbada, adiago nabilelako. Akason, lehen ontzat emoten nituan gauza batzuk faltan daukadazalako.
Kasurako, portaleko eskailera-hotsa moduko kontu hutsal batek harrituta topetan dot, bapatean, neure burua, zarata hori sortzen daben ibiltari-kopuruak asteotan behera egin izan arren. Autortzen dot Sabino, gure ogi-banatzailea, faltan daukadala, lehen bere furgoneta zaharreko sireneagaz eguerdiko kafea hartzeko tenorea zala gogorarazoten eustana. Joan zan barikuan, beste enpresa bateko ogi-banatzaile batek txirrina jo euskun, gura izan ezkero, portalera urten eta ogia salduko euskula-ta; baina ez zan gugaz bentanan berbetan geratu, Sabinok egin lez. Bardin euston zeri buruz berba egin. Kontua banatzea zan. Eta, ez, ez nabil ogia banatzeaz, ogiagaz batera banatzen zituan irribarreez baino. Beste etxe horretako ogi-banatzailearengan pentsetean, baina, beraganako kontsolamendua topetan dot, egunotan zinez gitxi izango diralako hutsik topauko dituan etxeak.
Aro arraro honetan, leihoa edegi eta urruneko txakur libre zein inuzenteren baten ahausi urrun nahiz tematia aditu neike, gaueko isiltasuna erdibituaz; aditasunez entzun ezkero, aldiz, kortinek sofaren ganean ataraten dabeen zaratea be igarri neike. Ohikoak bihurtu dira gure txakurraren sprintak korridorean barrena, bere gehiegizko energiaren kausaz. Hori bai, bizipoza emoten deutso standby-egoera baten geratu dan egunerokotasunari, berpizteko aginduari zain. Lantzean behin, lorategira urtetan naz eta, gura barik, auzokoen bentanez barruko alkarrizketatan sartu. Kontu bitxia da hori; lehen, ez jatan pasetan eta, orain, ostera, Isabelen ahotsa edonon bereizteko gai nintzakeela iruditzen jat.
Azken egunotako haizeteek balkoietako apaingarriak astintzen ditue eta gustuko dot hori, beste leku batzutara eroaten naualako. Nire aitaita-amamengan pentsetan dot, aurreko blokeko adindun jentea beren balkoietan ikusten dodanean. Eten barik bilatzen dodaz begiakaz euren etxeko bentanak. Eurek ni ikustea gura neuke eta edozein gauza eskatzea, baina ez dodaz bildurtu gura. Orduek aurrera egin ahala, gauak be badatoz. Ordu txikitan, gure etxe ganean betidanik daukagun soloko nire “txokora” alde egiten dot; bertatik bajatzen dira argia egundo ikusiko ez daben hamaika poema, nire adiskide argazkizaleren bati edo besteri erakutsiko deutsadazan erretratu batzuk edo blog batera igongo diran koaderno-bete testu.
Eta, solo-orube hori etxebizitzetatik dezente aldenduta egonagaitik, bertatik entzuten dot zelan zabaltzen eta zarratzen diran kaleko zabor-edukiontziak eta lurraren kontra leher egiten daben kristalaren zaratea; orduantxe, lasaitxuago arnasten dot, gaixorik egonda be, hor kanpoan oraindino bizia dagoala sentitzen dodalako. Badago begiak itxi eta gaua zeharkatzen daben kotxe eskasen hotsa entzuten dodan momentu tristeren bat edo beste. Orduantxe dana itsasoko ura dala pentseteari ekiten deutsat, ahal bezain ziurren, ahal beste denporaz: zaurietan erre arren, orbaindu egiten ditu. Horretan eta txorietan be bai: txoriak atzera be abesten hasi dira, edozein ordutan, nonork berari entzutea besterik eskatzen ez daben herri isil eta huts honetan. Eta, hori pasetan danean, iluntzeko zortziak heltzen dira eta uriaren birikak balkoietako txaloek ataratako oxigenoz bizibarritzen dira. Herri-irratian behin eta barriro kantaz beteriko online irratsaioak grabetan gabizen arren, nago txalo horreek egunotako nire abesti maiteena bihurtu dirala.
Esango neuke nire biziko lehendabiziko aldia dala idazterakoan musikaren bat entzutea gorroto dodana, baina koarentena bat bizitea subertau jatan lehenengo aldia be bada eta hori da emoten jakuna ez dala beti segurua irakasten ari jatana. Ze, hemen barruan be, bada mundu bat. Eta badakit bakarrik geratzea eta gure burua entzutea bildurgarria dala, baina, batzutan, hemen barruan be badago herri isil baten erdian abesteari itxi gura ez deutson txori bat. Badago gaua urratzen dauen kotxe bakarti bat. Badago hamaika mila zatitan puskatzen dan kristal bat. Tira, hori eta gaur nire ama, telefonoz berbetan dagoala, barrezka entzun dodala. Eta ez dot ezer gehiago behar idazteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!