Jausi orduko

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2020-03-27 16:18

Artea posible dala sinistarazoten deuskun mundu hipokrita honetaz nabil: mundu bat non 7.000 ertzain eta zero idazle bizi diran diru publikoaz.

Anais Ninen zein Henry Millerren istorioak behin eta barriro leiduaz erabagi eban artista izatea. Ardurarik bako bizitea: ardaoa, laztanak, behin-behineko existentzia bat. La joie de vivre. Erretratuak egiten hasi zan laborategi zahar baten; ostean, olerkiak eskribidu zituan eta, gerora, filmak egiten amaitu eban, Man Ray handia imitau guran-edo.

Bitartean, amesak noranzko zinez errealistea hartu eban, errealidadeak izaten dituan afera txar guztiakaz: inkonprensinoa, nahi beste txalo edo maitasun ez jasotea, fakturak… Halabeharrak eta arteak bat egiten daben bidegurutzean, galdu egiten dala artistea: horixe ikasi eban. Eta, arteaz mozorrotuta be, une batetik aurrera egiten danak zerikusi gehiago daukala ekonomia dan errubera gupidarik bakoagaz, barrenetik ataratako zinezko uzteagaz baino. Groteskoa da artista sentidu ez eta, finean, artistea ez dan artistea: mundu hau zuritzen dau.

Artea posible dala sinistarazoten deuskun mundu hipokrita honetaz nabil: mundu bat non 7.000 ertzain eta zero idazle bizi diran diru publikoaz. Terapeuteak esan ei eutson: serotoninea zoriona da, adrenalinea zorionaren bilaketa urduria. Serotonineak pakea dakar, adrenalineak gerrea. Beti azkarregi, beti goregi ibili behar hori: deskonektadua, galdua, antzua.

Orain dala askotik —larregitik— ez dot ikusi nire lagun artistea. Ez dauka denporarik niretzat, ezta berarentzat be. Han goian dabil, hemen dagoala sinistuta. Ia jausi orduko kargutzen dan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu