Uzuaren aurrean, logikea
2020-03-20 08:15 Pil-pileanHerria gaixorik dago eta maite dogun dana, aldiz, arduratuta.
Bildurra sentipen poteretsua da. Emozino mental bat dalakoan nago ze harengandik babesteko bide bakarra arrazoimena da, horrek beti funtzionetan ez dauen arren. Ni, behintzat, gauza burubako edo aldrebes frankok bildurtzen nabe, baina askozaz inportanteagoak diran beste hamaikatxugaz, ostera, uzua galdu egin dot.
Kasurako, beti ikaratu izan nau heriotzeak, uzu-ikarea sortzen deust horretan pentseteak: ez norberaren heriotzean, ingurukoenean baino. Hori dala-eta, egun baten, arpegia erakustea erabagi neban: izen bat ipini neutson, ia-ia data bat, itxura eri zein gotortu bat eta, ostean, jakitunek idetenfiketan dituen fase horreek danak igaro nituan. Burrukan egin neban, gitxi eretxi egin neban, ezeztau egin neban eta negar egin neutson. Baina, azkenean, ha asumiduten, itxaroten, onartzen eta eskertzen amaitu neban. Ze, haretatik zeozer ikasi baldin baneban, ondokoa litzake, sarritan, heriotzea bera dala salbau ahal gaituan bakarra, ganerako guztiak ezin dabenean. Holantxe galdu neutson bildurra heriotzeari: zentzu bat emonaz.
Dana dala, badira erabat ikaratzen naben beste auzi batzuk. Horreetako batzuk nik bilatzen ez dodan iluntasuna edo bakarrik nagoala ordura arte egundo entzun bako zaratak dira. Orain dala egun batzuk, dutxan nintzala, nire txakurra ahausika has izan. Ezelako arrazoi edo azalpen barik, nire egunen akabua gauzatu zan: nonor gure etxean sartu eta ni aurretik eroateko puntuan egoan. Baleiteke emozino-thriller hau oraintxe irakurten nabilen elabarri baltzagaz zuzenean lotua egotea, baina kontua da dutxatik arineketan urten behar izan nintzala, oraindino xaboiz kokoteraino igurtzia, hortz-haginak ezin gehiago estututa, etxea goitik behera arakatzera, lasai geratu naiten. Ordura arte, dana zan tensinoa. Ordutik aurrera, dana zan norbera barregarri sentidutea. Baita apur bat lerdo be —guztia esango dogu—. Baina autortu behar dot kostau egiten jatala bildur partikular hori atzean lagatea, ezelako logikarik ez daukalako: irrazionala da. Eta hori, nire garunean, arazo larria da.
Herria gaixorik dago eta ha maite doguna, aldiz, arduratuta. Ikaraldi bat bizitea subertau jaku, gure aurrean dagoana ezezaguna dalako. Edo, akaso, ez hainbeste. Mundua abisetan ibili jaku: aldaketa klimatikoa, sute kontrolagatxak, uriola latzak, habitat suntsituak… eta, orain, naturatik gure gorputz ahalguztidun nahiz orojakileetara igaro dan tenorean, hasi gara arduratzen eta kontua modu serioan planteetan. Baina ez da deus pasetan. Biziak beti abisetan dau: abisu batzuk, jakina, ganerakoak baino ozenagoak dira. Eta, tira, orain ez jaku honetaz dakieneri entzutea besterik geratzen, laguntzeko prest dagozanei eskerrak emon eta, ahal dan neurrian, eskerrak emon. Beno, hori dana eta geurean bizi —izan— dogun kudeaketa publikoa ze makurra, eskasa eta kapitalistea izan dan ez ahaztu. Hori be bai.
Gure uri, herri, auzune zein atarietan egitasmo zinez atseginak atzemon doguz, besteak beste, umeak jagoteko aurkezten diran ikasleak, adineko jenteari erosketak egiten deutsiezan edo bisitan joaten jakezan lanbakoak, erosten dabena aldamenekoakaz konpartiduten daben bizilagunak. Ze, uzuaren aurrean, logikea gailentzen da; logikea eta auzolana. Baina ez Euskadi, auzolana edo pareko esloganen pean, benetako auzolana baino. Isilpekoa. Anonimoa. Bihotzetik datorrena. Mundura doana.
Honetatik be, seguru asko, urtengo dogu; urten ez eze, alkarrengandik hurrago eta munduaz bere osotasunean maiteminduago, ze gizakiak, bere irrazionaltasunean, inkontzientzian zein ardurabakotasunean, beti topetan dau arrazoiren bat, poteretsuenari bueltea emoteko. Baita bildurrari berari be. Eta, oraingo honetan be, ez da bestelakorik izango.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!