Heriotzearen egonlekuak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2020-03-10 18:38

Gaur egun, heriotzea desagertu egin da gure biziotatik: ez da berbarik egiten heriotzeaz, ez da hitz egin behar.

Gaur, Orkondoako Juanitaren gorpu hotza bizi osoan hain epel jagondako etxetik eleizara eroan dabe. Errigoiti lako Gernika inguruko herri txikerratan, aspaldidanik ez eben hilotzik etxean euki, eta gure gizarte aberats honetako beste herri danatan be, badirudi amaitzeko tenorean dagoala mende frankotako hitzarmen hori. Tanatorioak ugaldu egin dira —eta danok otzan-otzan onartu ditugu—, hil ostean gaua disfrutauko ez dozun hotel baten igarotea ze erredikuloa dan pentsau be egin barik.

Gure bizitea leku espezializaduetan emoten dogu, edo pasau eragiten deuskue. Geroz eta gehiago. Umeek haurtzaindegian igaroko ditue umezaroko urterik eztienak; edadeko jentearen kopuru potolo bat zaharren egoitzetan bizi da edo eguneko zentroetan pasetan dabe eguna. Heriotzea be medikalizau egin da erabat eta, zelan edo halan, urte piloa irautearen aldeko lehian sartu da medikuntza ofiziala. Bere definizinoa be errotik aldatu deuskue: heriotzea bizitearen zentzua borobiltzen daben istantea zan; orain, ostera, ezkutau beharreko gatx bat bilakau da(be).

Heriotzearen inguruan egondako kultura bat desagertu egin da aro honeetan, heriotzeari biziaren barrenean bere lekua emoten eutsona: eskuarki lo egiten eban ohantzean hilten zan pertsonea, etxeko gelarik handienean ezartzen zan gorpua, auzokideen bisitea jasoten eben senideek, ardau gozoa edaten zan eta pastelak jan… oro har, erlijinoagaz loturiko erritualez josita egoan momento ha, baina, berez, bazegoan hildakoa beste barik omentzeko hamaika arrazoi zein xehetasun. Eta hildakoa ez bazan sinistuna, erlijinoa bigarren plano batera mugatzen zan, jakina. Hildakoa oroitzea zan gakoa: sendia nahiz lagunak batzea, etxea goratzea, agur duin bat emotea, hildakoa zinez hil ez dala kargutzea. Eta nago hiltera zihoanarentzat be, prozesua askozaz gozoagoa eta epelagoa zala, bizi osoan egonleku izandako etxean gertatu ezkero eta ez, aldiz, ospitale edo egoitza arrotz baten. Heriotzeak ez eukan, beraz, medizina-lurrinik; hildakoa etxeko usain zein esentzia danakaz —eta, horrenbestez, etxeagaz beragaz— joaten zan eleizara, heriotzea biziaren beste pauso bat zalako.

Gaur egun, heriotzea desagertu egin da gure biziotatik: ez da berbarik egiten heriotzeaz, ez da aitatu behar. Zelan bere kasa etorriko dan, ba, etorten danean, kitto. Minbizia esaten ez dan lez; gatx larri bat ei da. Luzaroan makalezia mingarri baten kontra egin eban burrukan, idazten dabe kazetariek, minbiziak eroan dabenaren panegirikoan. Umekeriaz blaituriko inkontzientzia batek bahitu ditu gure garunak, gizartean barrena modu larrian hedatzen ari dan infantilismoagaz bat eginda. Gizarteak geroz eta ezinduago gura gaitu, berak salduko deuskun laguntzearen beharrizana igarri daigun.

Baina bada aldaketon ezaugarriak neurtzerakoan inongo hutsik egiten ez daben metodo bat: begitu ia lehen baino garestiagoa ala merkeagoa ete dan. Karuagoa baldin bada, nor edo nor negozioa egiten dabil seguru; ze, jakina, negoziora lerrotu dan aldaketea ezin leiteke gizakoia(goa) izan, erruki-piedadezko berba lirainez ostonduko badabe be.

Etxerantza noala, mutiko gazte bat ikusi dot Mungiako tanatorioaren aurrean txiza egiten. Atearen albo-alboan egin dau, apur baten barrura begira egon ostean. Atzo, parranda eguna edo izango zan beharbada, eta gaupasa eginda ibiliko da. Edo ez, ez dakit. Akaso, bizi osoan estalpe, tenplu, iturburu eta epizentro izandako bere etxean hiltea gurago leukienen agindu zaharra dago beteten, berak deus jakin barik?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu