Birus ezkutua(k)

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2020-03-03 12:40

Coronavirusa ez da gaixotasuna, sintomea baino.

Pasadizoa erreala ei da: gizonezko bat, estu eta larri, farmazian sartu eta 30 maskara eskatu ditu. Dendariak, orduantxe, daborduko agortuak dituala erantzun deutso eta, bien bitartean, izuak jipoituriko beste emakumezko bat be botikara arineketan sartu da, herriko gainontzeko danatan galdetu ostean, guzti-guztiek amaituta dituela esan baiteutsie.

Bardin deutso Coronavirusaren heriotza-tasea ez bada ehuneko 1era be ailegetan; bardin deutso gripea baino gaixotasun sinple nahiz kontrolagarriagoa izatea; bardin deutso kutsatuak dagozan 40 herrialdeetan osatzen doazanak birusak joten dituanak baino gehiago izatea; bardin deutso maskarek, gatxa kontroletako orduan, ezer gitxi —edo ezer ez— egitea. Makaleziarik kontrolaezinena bildurra da. Eta, bai, bildurra hedatzen maisua da gizakia. Baina kontrolaezina izateaz harago, bildurra demokraziarentzat zeharo kaltegarria be bada.

Baten batek esango dau ezelako inertzia edo loturarik ez daukala, baina pil pilean daukagun krisi honen erroatan faxismoaren itzulerearen arrazoiak ikusten dodaz. Izugarriena ez da coronavirusa bera, biztanleria histeria kolektibora gidatzeko erreztasuna baino. Eta hortik xenofobiara. Eta hortik eskuma-muturrera. Erraza izateaz gan, ebitau ezina be bada kargutzea bezero nahiz ikusle prekario, bildurtu zein desinformaduei ikuskizuna bildur modura eskaintzen deutsen sistema batek, era berean, ikuskizun horreeri danari aurre egiteko balizko konponbideak eskaintzen dituen ustezko aberri-salbatzaileak be sortzea. Berba bitan: merkaduaren amesak munstroak sortzen ditu.

Hori egunean-egunean ikusten gabiz: gobernuek lasaitasun-mezu bat bialtzeko saiakerea egiten daben artean, komunikabideek coronavirusak zombien apokalipsia bihutu dabe, pantailearen baloreek gora egiteko. Kazetariak eurak be zirku mediatiko honetan euren ogibidea bortxatzeko kapaz dira, euren telebista-kronikatan maskarak jantzita eta geroz eta sentsazionalistagoak diran titularrak tintaz puztuz. Honezkero, jomugea ez da informazinoa eskaintzea, informazino horren olatua nahieran surfeau eta itsaso-bete negozio egitea baino. Eta hau dana ez da konspirazino bat, merkadua bera baino ez. Danok daukagu gure aletxua bertan; askok eta askok, aldiz, ha loditzeko behar handiak egiten ditue, demokrazia, kazetaritzea edo politikea mehartzen diran heinean. Ikusleriaren gehiengoak, barriz, ezelako zirkinik be ez, dana goitik behera konsumiduten daben konsumo-gizartearen aurrean.

Arrazismo (ez hain) ezkutua darien kanpainak martxan ipini dira: ez bakarrik Txinaren kontra, birusak kutsatuta egotearen susmoa heldu dan edozein biktimaren kontra baino. Parkatu egiguzu, gehiago bizitea besterik ez dogu gura. Horixe da Hong Kong-eko jatetxe bateko atarian egoan kartel batek ekarrena, txinatar jenteari lokalera sartzeko debekua ezartzen eutsolarik. Bestela esanda: kanporatu behar zaitut, ni gehiago (eta hobeto) biziko banaz. Hori da, hain zuzen be, planeta osoa konkistetan dabilen birus xenofoboaren kimua. Icebergaren puntea. Turkish Airlines konpainia turkiarrak, Iranen, euren hegazkinera sartzeko debekua ezarri eutsien bidaiari espainiar biri, baina ez, ostera, ehunka turkiar bidaideri. Nazinoa da munduko gatx danen kontrako konponbidea, edozein birusen kontrako txertoa. Beste modu batez: xenofobia merkea eta begibistakoa.

Eta hortxe dago dana, otzaran bueltaka: abertzaletasuna, arrazismoa, aldamenekoagazko bildurra, zurrumurruak, titularrak, herrialdeen mugak zarratzea... ezjakintasunarentzako koktel perfektua. Coronavirusa ez da gaixotasuna, sintomea baino; gaixoak jota dagoan gizarte baten sintomea. Eta, hain zuzen, gizarteak dinoskunari gehiago erreparau beharko geunskio: Albert Camusek, 1947ko Izurritea elaberrian azaldu lez, munduan dagoan makalezia oro, normalean, igonorantziatik eratorria izaten da, eta argitasunik bako asmo onak, jakina, maltzurkeriak lain katastrofe sortu leikez.

 

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu