'Ni' publikoaz
2020-02-25 19:13Ni neu izate hutsagaz eta niganako zintzotasunagaz nahikoa zan, baina ez neban beti asmetan etenik bako bilaketa horretan.
Lehendabiziko olerki-moltsoa amaitutzat emon nebanean, Joseba Sarrionandia maisu handiaren ordezkoa izateko amesa neukan. Ordezkoa dinot, baina ez handitasun-haizez: haren eredua miresten neban. Morroi haren letrek gau eta egun gurutzatzen eben nire gorputzaren sakana. Aire barriak dira, badakizue, talentu gaztea eta sendoa besteko ezjakina. Miresgarria eta tuntuna. Egia esan, gatxa da egolatria eta asmo onak bereiztea: zertarako garen kapaz, zer egiteko izan garen deituak… eta zer garen zinez.
Komunikabide baten —izan potoloagoa nahiz xumeagoa— zeure burua ikustean, zeozer aldatzen da betiko, gizadia aldatuko daben misino espazial makabro batera deitua bazengoz lez sentiduten zara. Gero etorri ziran artikuluak, iruzkinak, beste poema-bilduma bat edo beste, alkarrizketak, zutabeak… harik eta gizaseme edo izaki publikoa, figura dalakoa, gorpuztu zan arte. Publikoa bere sinpletasunean eta ohikotasunean, inongo handigurarik bakoa. Orain be, figurea eta personea gorputz berberean bizi dira, baina ez dira gauza bera. antzeko-antzekoa bai, baina inondik inora berbera. Zeure buruari distirea emoteko kosmetiko guztia, masa artifizial zein deforme bat baino ez da, azkenerako. Gizon elefantea naz —dinozu zeure kolkorako, bapatean—, edo Mary Shelleyren Frankenstein sasi-moderno bat.
Beti dago zarenaren eta besteek ikusten dabenaren artean alde esanguratsu bat, baina publikotasunaren exijentzia tartean egonik, arrakalea trokea izan leiteke. Ikusten edo irakurten daben hori izan gura dozu, zarenaz ahaztuta. Eta, bien tartean, ostera, zulo baltz eta sakon bat. Krokodiloak han behean, atezuan. 20 urtez egon nintzan eskaparate baten —inoan Benito Lertxundik— desafiozko begiraden aurrean. Geure mundua —eta neure burua— salbetako heroi nahiz profeta izan gura neban, beharbada. Autortu behar dot ez nebala aldamenekoaren ganetik egon asmoz edo ganerakoek ikusi ezineko zeozer azaleratu amesez jarduten. Ni neu izate hutsagaz eta niganako zintzotasunagaz nahikoa zan, baina ez neban beti asmetan etenik bako bilaketa horretan. Eta, jakina, ez nintzan heroi eta herio berben arteko ezbardintasun txiki baina ikaragarriaz jaubetzen. Eta orain? Orain be, nekez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!