Ez dakit ba, Kurt

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2020-02-21 19:17

Honako hau idazten deutsut, alde egin zenduan ezkeroztik pasau diran afera batzuk konteteko.

Kurt maitea, atzo 53 urte beteko zenduzan. Tira, hori garuna lehertu eutsun eskopeta-tiroagaz aparauko ez bazenduan, zeure depresinoari izkin egingo bazeuntson, zure heroineaganako adikzinoa atzean laga eta, urteak aurrerago, Pitingok egin eban Nirvanaren bersinoa entzungo ez bazenduan. Askotxu eskatzea, beharbada. Honako hau idazten deutsut, alde egin zenduan ezkeroztik pasau diran afera batzuk konteteko.

27 urte zenduazala ailegeu jatsun —edo ailegauarazo zenduan— heriotzeak rock-izarren olinpoa oraindino gehiago goratu eban —Jim Morrison edo Jimi Hendrixegaz nahikoa izan ez balitz lez… eta hurrengo milurtean gehitu jatsuen Amy Winehousegaz be, zelan ez—. Baina, dana dala, gaur egungo raperoak zuon marka hori sudur punteagaz superetan dabiz, egia esan. Ze, egun, rapero batek 27ko langea igaroten baldin badau, zuzen-zuzenean Lil Jordi Hurtado edo Lil Félix Linares izen artistikoa jasoten dau, antza.

Azken urteotan, Courtneyk eta biok egiten zenduanean oinarrituriko musika-eszena bat erne da; orain dala 30 urte normal asko egiten zenduen, baina badirudi arropa estrafalarioa janztearena eta beti kokoteraino kolokauta joatearena orain sortu dala… baita zera be. Orain trap deitzen deutsie, badauka zuonagaz zeozelango antzekotasunik, baina ez nago ziur gustauko ete jatsun… hona hemen adibide bat:

Estoy comiendo percebes, vamos en un Mercedes.

Me como filet mignon, veo pasar un camión.

(La Zowi)

Autortu behar deutsut zure irudiak nahiz ereduak belaunaldi oso bati eragin eutsola, baina herenegun, hain zuzen be, zuk egungo musikean baino influentzia dezente handiagoa eukan norbanako bat hil zan: Larry Tesler, copy/paste komandoen sortzailea. Ze, bai, nago egungo musikeak asko —piloa— daukala itxurakeriatik, pasinotik baino. Ze, bai, egungo panoramean badagoz pop-izarrak solfeo berbea irain bat dala uste dabeenak. Zeuon X belaunaldiaren ostean, baina, etorri izan dira biziagaz kantsauta eta desenkantauta dagozan beste belaunaldi batzuk be: saminduak. Baina, jakina, heroinatarako ez eukienez, batukadatan joteari ekin eutsen eta orain instituzinoatan dagoz, mundua aldez edo moldez aldatu guran. Egia esan, gauza piloa aldatzea lortu dabelakoan nago, baina aldaketok niri oraindino ez deutsie eragin. Gazte sasi-burgeson kontuak, akaso. Ez dira betiko garai onenak, badakizu.

Zure heriotza goiztiarra ezkeroztik, usteldu dira —are gehiago— gobernuak, altxau dira pentsionistak, irabazi dau faxismoak, goratu dira eskuma-muturrak, beheratu dira benetako sozialistak, zapuztu dira zabortegiak, zelan gura dabiz amonioa zein ke-emisinoak, kutsatu da mundua, bortxatu dira emakume errubakoak, indarrez ebagi dira klitoriak, zapaldu dira nazinoak, konkistau dabe pertsonea satisfyerrek, bertaratu da telebistearen iraultzea, kikildu dira beharginak, lotsatu dira idazleak, saldu dira balore-sistemak eta isildu dira buruz zentzudunak.

Musikearen munduan be, diskoak, honezkero, ez dira saltzen, rock-a ez da existiduten eta entzuleria kaka zaharraren pare da kasu askotan; baina kontsolamendu lez balioko badeutsu, zure bob melenea atzera boladan jarri da eta orain edonon ikusi leiteke. Kim Kardashian ustel horri be ikusi baldin bajako… edozer da posible, egunotan. Gomendioren bat emon beharko baneutsu, honako hau, zalantza barik: ez dakit hor kanpoko bizia zelangoa izango ete dan, baina hemengoa txarretik txarragora doa eta ez dauka norabidez aldatzeko itxurarik. Beraz, ahaleginez, ez zaitez munduratu.

Zagozan lekuan zagozala, hain sutsu bilatu zenduan barruko-pakea lortu izana eta ahal dan zaratarik gehien ataraten jarraitzea opa deutsut. Egunen baten atzera gorpuztu eta lurrera itzultzea erabagiko bazendu, akaso, atzera eskopetea eskutan hartu eta tiro egingo zeunke, MTVan ipinten dabena edo musikariek Spotify-ri ordaindu behar izaten deutsena ikusita. Eta ez zaitez kezkatu, ze pistolek nahiz eskopetek oraindino be legezkoak izaten segiduten dabe Estadu Batuatan.

Maitasun zein esker on eternalez, zure jarraitzaile Alex.

Adiorik ez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu