Kateak apurtzea
2020-02-19 19:29Ze, kargutzen hasia nago gure askatasun-nahiak aldamenekoak kateatzeko eginak dirala.
Espainiar Estaduak, sasi-demokraziaren ezarpenetik hona, bizi izan dituan bi zatiketa esanguratsuenek behinola kale egindako alderdi politikoen gorakadea ekarri dabe eta bere eskutik, modu nahiko behin-betikoan, herrialde horretan alternantzia bipartidistearen praktikea era eroso nahiz normalizaduan gauzatzea. 2008an, ongizatearen estadua lez bataiotua izan dana demokrazia liberalen barruan zuztartzen daben kontratu soziala eten zan. Eta, ez, ez dago gaztea izan beharrik horretaz modu kontzientean kargutzeko. Berba bi: zu nire lanagaz aberasten zara, baina ni —eta neureak— aurrerantza goaz. 2017an, aldiz, kataluniar independentismoak indarrez eta bortxaz erroturiko akordio konstituzionala apurtu eban: asko eta gure artean ezbardinak gara; gure arteko hartu-emonak, batzutan, tentsinozkoak dira eta, beste horrenbestetan, ostera, eroaten errezak, baina bidaia honetan alkarren eskutik goaz.
Lehenengo zatiketeak Podemos dalakoa aitaren baten eroan eban Kongresura; bigarrenak, barriz, lehenengo eta behin, Ciudadanos argiztau eban eta, udagoien separatistea deituriko beste etapa baten ondoren, Vox hauspotu eban —hainbeste eta hainbeste diran ultrek, egia esan, beste tankera bateko botoak gehituagaitik—. Zatiketok oraindino zabal-zabalik dagoz eta Espainian hareek zarratzeko giltzak dituen etxe biak, zelan ez, PSOE eta PP dira: zatituak, kikilduak, baina gehiengodunak, nork bere esparru ideologikoetan.
Baina momentu honetan ba al dagoz modu bi hor kanpoko munduaren apurketa horreek zarratzeko? Ze zatiketa biak alkarregaz oso lotuta dagoz eta biek Espainia dabe amankomunean. Planeta aberatsa barrubatzen daben pentsamendu hegemonikoa zantzu berberatan deskribiduten da, tokian-tokiko ñabarduradun eslogan lokalakaz: America first, take back control, los catalanes mejor solos edo España para los españoles. Horrek hondamendia dakar, bai, baina, beste aldean, formulazino teoriko hutsean oinarrituriko jardun politikoa partxeak ipinten baino ez dabil aginbide politikorik bako globalizazino ekonomikoaren ondorio diran triskantza lokalei. Goizean goiz, abertzaletasunak frakasoa baino ez dakarrela; arratsaldez, baina, herrialde bakotxak bere Google-tasea onartzen dau, ze, antza, ez dago beste bide alternatiborik erakunde multinazionalek erispide amankomun bat ezarri eta .com erraldoiei zergak ordainarazoteko. Bestela esanda: ez dirudi idea oso argia danik nazionalismoa sendo burrukatzea, konponbideak esparru nazionalaren barruan baino emoten ez dituela erakusteko.
Ni ez naz politika-ikasketaduna; ez daukat zientzia politikoetan ezelako masterrik, doktoretzarik edo lizentziaturarik, baina kontziente naz, informau egiten naz, informazinoa kontrastau egiten dot eta, jakina, nire barruko-ideologia-sistemea anizten saiatu. Baina, tira, danatarikoan ganean informazinoa jasoteak be badaukaz bere trauma txikerrak. Zer esan, berbarako, XXI. mendeako atrezzodun klase-burrukeaz. Parásitos filmaren debozinozko jarraitzaileen eretxiz, Bong Joon-ho zuzendari hegokorearrak auzi hori bikain azaleratzen dau. Zinema-gaietan be ez naz aditua, baina produktu zinez gomendagarria dala esango neuke, pasarte dramatikoz baina errealez josia. Esaterako, kolpatzen daben pobrearen usaina bera. Baina ez dau sudurrean joten, sabelean baino. Eta bada akabuko ondorio bat be —adi spoilerrari—, egungo egoerara aplikagarria: aberastu zaitez eta librau egizuz zure gurasoak euren kateetatik. Ze, kargutzen hasia nago gure askatasun-nahiak aldamenekoak kateatzeko eginak dirala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!