Nire familiari
2020-02-17 20:09Ze, holakoxea da nire bizia txakurrakaz.
Akorduan daukat nire biziko arorik makurrenetako bat. Xehetasunatan sartu barik, oinazea azaldu ezinezkoa zan, ganetik kentzea pilo-piloa kostauko jatan trauma baten lehen lorratza. Edozein kalte emozionaletan pasetan dan lez, psikologikoak fisikora bere bidea egin eban eta nire gorputza zelanbateko kartzelea bihurtu zan. Barroterik bako kartzela bat. Leihorik bako kartzela bat. Sarrera bakarrekoa. Urtenbide gatxekoa.
Udako arratsalde baten, urduritasunak jota, ansiedade-krisi bat izan neban; ezkerreko begia berez zarratzen hasi jatala kargutu nintzanerako, etxeko zoruan botata topau neban neure burua. Oraindino be, ederto gogoratzen dot nire birikak zelan txikitzen ziran eta airea ze pisutsu bihurtzen jatan barrenean, ia-ia solido. Horman bermatu nintzan, burua nire beso artean ipini neban eta errekuperetan saiatu, arrakasta barik.
Orduan, mustur bigun eta umel bat nire postureak lagaten eban zirrikitu urriak ikutzen hasi zan. Nerbioz eta negar antzeko mainaz, milaka saiakera harrigarri egin zituan ni zutundu asmoz: besoak altxatzen saiatu, bere ipurdi jantzaria eskaini, niganako lepoz jesarri —ni babestu gura dabenean egiten daben lez—, egoera makur haretatik urtetako zaunkaka hasi… Ikaratuta nire burua lasaitzen saiatu nintzan, holan bera be lasaitu zedin. Ez neban ezelako pilularik edo besarkadarik behar izan. Ha ikusteagaz nahikoa izan neban. Ze, holakoxea da nire bizia txakurrakaz: nire burua jagon derrigorten nabe, horixe dalako eurak merezi du daben lez jagoteko era bakarra.
Eta, orain, ostera, askozaz gehiago hausnartzen dot animaliak euren biziaren zati diran persona guztiakan. Ez nabil egunean-eguneangoaren inguruan bakarrik: euren tristezia absolutoenatan, bakardade ez-bilatuatan, azaldu ezin diran atsekabe mingarrienatan —ze, ez, dana ezin leiteke berbaz azaldu, saiatu arren— animaliak epizentro nahiz bidaide dituenengan.
Imajinetan dot orain agure bat, egunero-egunero bere txakurra paseatzen dabena, gizonari erritmoa segidu guran geldiro dabilena eta, bazkalosteko lokuluxkean sofan jarrita dagoanean, bere tximurrez josiriko esku handia bilatzen dabena. Imajinetan dot orain bere lau hankako konfidentea eroatea galarazoten deutsien egoitza batera joan beharra daukala eta bere bihotzak apurtzerakoan egiten daben zaratea bertotik entzuten dot.
Imajinetan dot orain tratu txarrak jasoten dituan emakumezko bat, bere erasotzailearen eta pareko erasoak jasoten dituan txakurraren artean ipinten dana, kolpe danak berak jasoteko eta ez, aldiz, berak lez ezeren errurik ez daukan animaliak. Imajinetan dot orain andra hori laga ezin daben etxeko atea egunero-egunero zarratzen, bertara itzultzean txakurra kolpatuta topauko ete dauen bildurrez, ze ez dauka ha animalientzako zentro batera eroateko kemenik eta dirurik. Imajinetan dot zelan hobesten daben bizi oso batez bera kolpeak jasoten egotea, bere txakurra kolpatua izatearen edo hari betiko agur esan behar izatearen ganetik.
Eta ikusten dodaz, etxerik bako persona horreek guztiak, gaueko hotzak izoztuta euren txakurrari sendo besarkatuta lo egitea lehenesten dabenak, biak alkarregaz sartzea baimentzen ez deutsien aterpetxe batera epeletan lo egitera joatearen ganetik.
Eta burura jatorstaz udako egun haretan salbau ninduan nire Lur, Kira, Rocky, Haika, Beni, Txiki, Kuskur, Sua, Pantxo, Blaki, Curro, Eguzki, Rooney, Kenai… eta ez naz gauza beste ezer imajinetako, ze galdera danen erantzuna beti (izango) da mingarria.
Eta oraindino itauntzen deustie, zer dala-ta dinodan beti txakurrak nire lau hankako anai-arrebak, seme-alabak, konplizeak eta amoranteak dirala…
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!