Eskuak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2020-02-14 10:49

Egunak daroadaz eskuak jo eta ke mobiduten, eskuen ganeko monografiko txiki bat egin asmoz.

Badagoz tximurrez beteriko eskuak. Rizartrosiak jipoiturikoak. Lehen inpresinoaren taktura, beharbada, zelanbaiteko atzerakadea emon leikienak. Artrosiak jorikoak, metakarpoak olatuen pareko ondulazinoz josita daukiezanak, esku-azpiak itsasoa lako sakonak dituenak. Besaulkiak, Ikean saltzen ez diran egurrezko jesarlekuak nahiz sutondoak ditue bizileku. Bizi osoa besteen zerbitzura emon eban amama Justinarenak, berbarako; edo gure ongizatea bermatzearren bere egunak sakrifiketan dituan Neli adineko zaintzaile errumaniarrarenak, bestela.

Gure esperientziak modu sotil baten gure inkontzientean gordetan dirala egia baldin bada, hori lako ziurra da gure eskuak bizi-esperientzia horren guztiaren agerleku izan ohi dirala, modu fisikoan nahiz sinbolikoan. Hori dala-ta, eskuak gure nondik norakoen artxibategi fidelak dira, gure mundu honetako existentziaren agerkariak eta, jakina, gure xehetasun psikologikoen, gauzetaz daukaguzan pertzepzinoen edo mobiduten garen ekosistemen erakusgarriak.

Garapen espirituala personearen existentziaren erdigunea zan beste garai batzuetan, akaso, sinboloen ezagutzeak pisu handiagoa izango eban. Egipton, adibidez, eskuak indar sortzailea errepresentetan eban: ekintzea, lana, donazinoa. Amon Ra jainko egipziarraren eguzki-eraztunak —bedeinkapenaren erakusgarri ziranak—, hain zuzen, esku-itxuraz amaitzen ziran. Kristinautasunaren lehendabiziko lau mendeetako monumentuetan, ostera, jaungoikoa laino artetik urtetan zan esku bat lez —eskumakoa— erakusten eben. Ahalguztitasunaren eta orojakiletasunaren irudia zan eskua eta, ondorioz, jainkoak ikutua izateak bedeinkatua, santifikadua eta, zelan edo halan, indar dibino batek aukeratua izatea esan gura eban.

Badagoz tintaz bustirikoak be: eguna liburutegi batetik bestera igaroten dabenak; klarion zuriz jantziak; porrotetan luzangak diranak; atzamar-puntak ordenagailuen teklez biribilduak daukiezanak; dana libretaren baten apuntau beharra igarten dabenak eta bariku-iluntzeetan zigarreta finak oratzen dituenak, uriburuko kale isturen baten. Badagoz mobiduten diran eskuak. Gorpuzkerearen artea adierazpide bilakatzen dabenak eta ezer esaterik ez daukienengaitik berba egiten dabenak. Kontetan daben eskuak. Zeinuz mintzo diranak eta zeinuz baino jasoten ez dabenak. Badagoz arrakalaz jantziriko eskuak. Eskunarruak jantzi orduko, negu gorriko hotza euren azalaren ligorrean igartea hobesten dabenak. Saltoki-gunetik etxera arte ibilbidea oinez eta hotzetan egitea lehenesten dabenak, kotxearen epeltasun hotzean sartu barik. Gauez, argiak amatau baino lehen, kremaz elikatzen diranak eta eguneko lehen uraren beroaz gosaltzen dabenak. Tira, hori komuneko txorrota konponduko dauen esku umelen bat baldin badago, jakina.

Kabalistentzat eguzki-erregeak eskuaren idealizazinoa erakusten dau: hamar atzamarrek hamar sefiroteak gorpuzten ditue. Sefiroteak Ain Soph-en emanazinoak ei dira. Ezker eskuak justizia banatzen dau, eskumeak miserikordia banatzen dauen neurrian. Tradizino juduan, barriz, eskuak poterearen zein autoridadearen zentzua dauka: jainkoak, bere graziaren medioz, hori dana eskaintzen deutso gizakiari, bere eskuaz ikutuaz. Islamaren munduan, aldiz, eskuak familia santua erakusten dau: Mahoma, Fatima, bere senar Ali, Hasan eta Hussein. Horrezaz gan, funtsezko bost aginduen esanahia be badauka: Ramadana, Mecara erromesaldia, karidadez jokatzea, fedebako ororen kontra jotea eta norbanakoaren beharrezko garbiketea. Ipar Amerikako indigenen kasuan, Eguzki Amandrearen manifestazinoa gorriz margozturiko esku bat zan eta, ustez, harek kontroletan eban euren uztak menpe zituan naturako lege oro.

Badagoz hezeak diran eskuak; eguna hodi, tutu edo sukaltarrien inguruan pasetan dabenak. Etxekoek bizi-baldintza duinenak izatearren, bere bizia baldintzarik muturrenekoatara daroan Mikel iturginarenak, adibidez. Harraskak muntau eta desmuntau behar izaten dituenenak edo gure dutxako txorrotak konpontzera etorten diranenak.

Budismoarentzat nahiz hinduismoarentzat, eskuak mudra izeneko otoitzagaz lotura zuzena daukan keinu-mundu korapilatsu bat erakusten dau. Hiru aitatzearren, Abhaya Mudra eskua altxatuaz azaltzen da, bildur-ezaren esanahiagaz; Varada Mudra eskua bajatuaz egiten da eta dohaina dauka hizpide; Trjani Mudra mehatxua errepresentetako ei da, hatza ortzira begira ipiniaz eta ukabila zarratuaz.

Badagoz eskurik ez daukien eskuak. Maitasunez alkar istutzen dabenak. Nekrosidunak. Bostekoz bosteko bizirauten dabenak. Muinoiz janzten diranak. Eskuen ordez lumak, hatzaparrak eta hegalak dituenak. Eskuakaz urrunera gidatu ezin arren, besondodun hegaztiak lez urrunera hegaz egiten dabenak. Seinaletan ez dabenak. Hasarratzen ez diranak. Ze, bai, badagoz artea, ameskeria, poesia eta bidaiak diran eskuak. Badagoz apurka-apurka usteltzen doazanak be: baltsamaduak edo lurrinduak izan ezkero, hilabetez fresko irauten dabenak edo bizi barri baten bila ozeanoaren hondoan atoan usteltzen diranak, uraren hotzean freskotasuna berehala galduaz. Badagoz garrasi egiten dabenak eta horretarako mikrofono bati oratuak behar dabenak egon; badagoz poesiaz agur esaten dabenak; badagoz trapuez eta tabernako barrez baino ulertzen ez dabenak; badagoz lurra ereiten dabenak eta egunero-egunero basaz zikindu; eta, zelan ez, besaurrerik, ukondorik, besorik eta sorbaldarik bakoak be badagoz, immaterialak diran munduetan bizi diranak.

Zer esanik ez kiromantziaren munduaz: atzamarrak upealako inportantziadunak izan dira gizakiaren garapenean. Izan be, euren bitartez kanalizetan dira emoten zein jasoten doguzan energiak. Greziar mitologian, daktilo izeneko apaizak ei egoazan, Zeusek bere atzamarrak lurrean ipintean min oro osatzeko ekarri zituanak. Katolikoentzat, Hirutasun Santuaren errepresentazinoa dira hatzak: lodiak jainko ahalguztiduna gorpuzten dau, txikiak Espiritu Santua, luzeak nahiz eraztun-hatzak Kristoren bi izakerak —gizatiarra eta jainkotiarra—. Kiromantzia berbea bera be, cheir —eskua— eta mateia —asmakizuna— osagaietatik dator. Bi berbatan: eskuaren bitartez asmetea.

Geure eskuakan erreparau ezkero, begitanduko jaku ezkerrekoa eta eskumakoa ez dirala zeharo bardinak eta badagozala aldeak bata eta bestearen artean —eta nahiko esangutsatsuak, batzutan—. Ezkerrekoa, antza, esku pasiboa da, energien hartzailea: garunaren eskumako aldeak kudeatzen dau eta joanda nahiz etorteko dagozan esperientziez informetan deuskue. Eskumakoa, ostera, aktiboa da eta orainaldian jazoten danaz informetan dau. Ez hori bakarrik, esku-mota desbardinak be badagoz-eta: biribila gauza eder nahiz lirainakaz lotzen dana dala esan ohi da; poesiaren zein artearen esku-motea da, baina jarraikortasun-eskasia dauka, alperra da eta amesetatik bizi da. Esku konikoak puntadunaren bertute danak ditu eta, horreez aparte, ideak transmitiduteko beharrezko elementuak be bai; artisteari jagokona da. Esku karratua erabilkorra, pragmatikoa eta praktikoa da: orekea zein ordena adierazoten ditu, justizia-zentzun sakona dauka baina irudimen-eskasia aitagarria be bai; gabezia hori bere positibismoagaz konpensetan dau, zinez burrukalaria dalako. Espatula-formako eskua ekintzearena da, norberaganako konfidantzearena, ezeri bildurrik ez eukitearena; intuitiboa da oso, egoistea nahiz harroputza izateaz gan. Hori bai, hau be benetan praktikoa da.

Badagoz ezpalez josirikoak be: tabernarik taberna, almazenez almazen, supermerkaduz supermerkadu egurrezko kajak traktore zaratadunakaz kamioietatik igoten eta bajatzen dituen beharginenak, edo kajok sortzeko basoak ustiatzen dituen langileenak. Azazkal apurtuak dituenak. Egurrari, higatua dagoanean, ezpal edo arantzak urteten jakoz. Baita personari eurari be. Badagoz likinak diran eskuak. Haurtzaindegi eta haur-eskoletako kola usaindunak. Eguna cola-cao usainez eta esnetan bigunduriko gaileta hondarrez hasten dabenak. Panpinen uleetan hondarrak lagaten dituenak eta azken eskola-orduaren ostean amatxuren mosuak ez diran beste jomugarik espero ez dabenak.

Eta, zelan ez, lantzean behin, euren atzamarrak modu ezbardinean amaitzen diran esku mistoak be badagoz. Hatzak personen gaitasun espiritualen erakusgarriak dira eta jainko erromatarren izenak ipinten jakez, hareetako bakotxak esangura ezbardina dauka-ta. Eraztun-hatzak —eskuko laugarrenak— Eguzkiarena edo Apolorena deiturea hartzen dau; inspirazinoaren atzamarra da, idealismoarena eta sensibilidadearena. Ederra danaren ganeko informazinoa emoten deusku, loriaren desirearen ganekoa, bapatekotasunarena, orotariko gauzak asimiletako daukagun ahalmenaz nahiz norbanakoaren egokitzapen-ahalmenaz mintzo da. Hatz luzea Saturno lez izendatzen da —eskuko hirugarrena da— eta patua zein patuak gugan daukan islea erakusten dau; tendentzia filosofikoaren nahiz ikasketatarako gaitasunaren atzamarra da. Erakusleak, hots, Jupiterrek —eskuko bigarrenak— pertsonearen gurari edo anbizinoaren inguruko jakintzea eskaintzen dau eta, horrezaz gan, aginterako daukan ahalmenaren barri emon. Eta, azkenekoz, hatz lodi edo erpuruak, besteak beste, norbanakoaren borondatearen, logikearen eta arrazoimenean oinarrituriko erabagien barri emoten deusku. Gainontzeko atzamar oro dominetan dau azken horrek, eta gizakiak Naturearen menpe daukan lekua irudikatu.

Egun, oraindino, piloa geratzen da gai honen ganean aztertzeko. Jakintza hau guztia zientzia lez tratadua izango balitz eta hezkuntza-lekuetan bere tokia euki, sinisten hasia nago gizakia jipoitzen daben gaixotasun frankoren diagnostiko fisiko zein psikologikoetan denpora ugari aurreztuko gendukela. Esakereak dinoan lez, gizona, ikusi egizuz zeure eskuak eta mundu bat ezagutuko dozu euretan; ikusi egizuz zeure eskuak eta izarrak ikusiko dozuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu