Ezer ez egitea
2020-02-07 16:24Bizian badagoz ezer egin barik izaten diran burrukak.
Aste pare bat dira azkenengo konsultea ezkeroztik. Doktoreak ez deutso inongo tratamendu edo eginbehar berezirik errezetau: ez dau ezer egin behar. Lasai ibiltea dauka gomendio: txakurragaz bere osterak luzatu gura baditu, luzatzeko; bere bikoteari bisitan joateko kotxea hartu nahi badau, hartzeko; etxeko eginbeharratan lagundu gura badau, ekiteko. Beste berba batez: ezer ez.
Gaurko konsulta honetara igoteko, lehenengo aldian ez bezela, ez dau hain itogarria egin jakon igongailu istu hori hartu. Gurago dau bere gorputz artegearen pisuak, bere oinatan barrena, egurrezko eskailera zaharkituatan barrena ataraten daben kraskada bakotxari erreparetea. Berben ekintzea gauzatzen dan gelatxura sartu eta kargutu da oraindino ez dala habitat haren xehetasunakan fijau. Ez da espazio handiegia, baina ezta txiker-txikerra be. Beirate handi batek argiztatzen dau eremua; gaurko euritearen tangadakaz blaitua dago. Hormak kolore urdin nahiz grisekoak dira, ospitale baten pare, eta lasaitasuna zein pakea transmitduten deutsie. Beharbada, horrexetarako pintauko zituen holan, pentsau dau.
Konsultaro, doktorea besaulki marroikara baten jesarten da eta bera, ostera, Ikeako sofa zuri baten: itsusia izanagaitik, zinez erosoa. Plastikozko landara bat be begiztau dau, ederra lako faltsua, han ezer egiten ez dabena. Apal artean bereizi ditu, hurranez hurran, doluari buruzko laguntza-liburu bat, adimen emozionalaren ganeko beste potoloago bat eta mindfullnessaren inguruko aldizkari-ale bat. Elefante baten koadro bat ikusi dau atearen aldameneko paretan eta, une batez, Ghandi etorri jako gogora. Marko klasiko baten gatibu dagoan txakur baten erretratuak, barriz, Pavloven zakurra gogorarazo deutso. Sofa alboko lanpareak be bere arretea erakarri dau, eta ez daki zer dala-ta.
Kontau deutso espezialisteari aztorau egiten dauala ezer ez egiteak, orduak luze(egi) izateak eguna akabubako bihurtzen deutsola. Autortu deutso bildur dala oraingo ezer egite horrek patxadazale bihurtu ez ete dauen, eta beharrera zelan bueltau ezin asmau izateak izutzen dabela. Barrurako pentsau dau: berez, psikologoarenean ez dozu ezer egiten. Itauntzen deutsue zeure aldarteaz, zeure ardurez, zeure ilusinoez, zeure bildurrez… eta saiatzen zara ahalik eta gardenen agertzen, zintzo erantzuten; hitz eta pitz ibilten zara, barrea eragiten deutsue, negarra eragiten deutsue, azaleratzen dozu barreneko dana, kolpatzen dozuz barruko mamuak… hau da, ezer ez.
Ze, burruka horrek gehiago dauka konsultearen zoruko tatami itxurako alfonbreari begira egotetik, zuzen-zuzenean tatamira urten eta zure burrukea libretetik baino. Ze, bizian badagoz ezer egin barik libretan diran burrukak.
Eta hortxe dago koitadua, bere buruari horraino zelan heldu ete dan galdezka eta galdezka, ustez mutil-laguntzat daukanak idatziriko azken testua bere segapotoaren interneteko lehenengo pantailatik kendu ezinik, aurrez aurre daukan adituak dinotsonari ia-ia jaramon egin ezinik. Bapatean, begiak beirate bustiaren beste lanbrotu jakoz eta kristalaren bestaldera garraiotu dabe. Hor, kanpoan, Gabonetako argiek oraindino jarrita diraute, ezer egin barik, barruko argia atara ezinik; morroi bat biolina joten dago metroko sarrerearen atarian, crooner itxurea emoten deutson base erritmiko baten magalean; saltoki-guneko estalpean, eskale bat bere bi txakurrak manta beix bategaz tapetan dago eta, bitartean, taxi-gidariak bide ertzean ezer egin barik dagoz, bezeroen ataizean.
Beiratean, geroz eta oparoagoak dira euri-tantak. Gaur be ez dau aterkirik ekarri. Bardin deutso. Ez dauka inorako prisarik, ez zereginik, ezta konsultearen atearen bestaldeko itxarongelan esperoan daukan inor be. Behinola gorroto izandako aztoramendu eta anabasa haren zain dagoala dirudi, gaur erabiliko ez daben mosuzapi-kajeari eta, zinez berdea izan arren, berak lez ezer egiten ez daben plastikozko landareari so.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!