Gogoratzen?
2020-02-05 11:32Mundua ez dala era horretan aldatzen. Gu ez gaituela era horretan aldatu.
Gogoratzen? Gogoratzen kostalde ha ezagutu genduanekoa? Gogoratzen kafe mingots ha ketan ito genduanekoa? Gogoratzen pena danak itsasotan ito genduzanekoa? Jaten emon zeunstan, olatu-hotsaren eta kresalezko poroen artean. Edaten emon zeunstan, kale-argi amatatuen eta katerik bako txakurren artean. Gogoratzen?
Luze etzan ginan amaitzen ez ziran haize-ufaden altzoan. Luze etzan ginan bedar koloreko seinaleen gerizpetan. Dana da finitua, irakurri genduan; danak dauka amaierea, idatzi genduan. Otsoak hurreratu jakuzan atera: otzanak ziran. Imajinak hurreratu jakuzan gure bekoki zimurtuetara: kamutsak ziran. Gogoratzen?
Ezerk ez dabela zinez behar beste irauten zenioan. Danak idatzita behar dabela egon ninoan. Mektub genioan. Gogoratzen? Mundua ez dala era horretan aldatzen pentsau ei eban, aurikularratan barrena, gure aldameneko bizardunak. Horrelaxe behar dabelako. Gu ez gaituela era horretan aldatu hausnartu ei eban, egunkarian barrena, gure aurreko agura kapeladunak. Horrelaxe behar dabelako. Gogoratzen?
Sirena-zarata ha, lurmuturreko jauregiaren magalean. Olatuek opari eginiko bitsaren zaporea. Hare zapalduaren taktua. Esku larregik oraturiko egur-hesien kraskadea. Dana genduan esku-eskura. Neure koadernoaren horixkea, zeure liburuaren zuriaren kontra; neure bizkarrazurreko izerdia, zeure esku ligorren kontra; zuhaixken zorrotza, epel gordeta eroan genduzan zirkuferentzia beteen kontra. Dan-dana genduan kontra. Gogoratzen?
Mundua ez dala era horretan aldatzen. Ezerk, ezerk ez dabela zinez behar beste irauten. Gu ez gaituela era horretan aldatu. Eta danak, danak idatzita behar dabela egon. Alkarregaz aske izan ginaneko neguko egun argi nahiz eguzkitsu haretan lez. Alkarren gatibu egin gintuan Ifarraldeko txoko haretan lez. Mogwairen piano-doinu haregaz negar-anpulutxu bat jausi jatsun istante haretan lez.
Gogoratzen Miarritzen, 91 kilometro, 91.000 metro eta milioaka abestiren ostean hondartza haretara heldu ginanekoaz? Momentuan bertan testu bat josi neutsunekoaz? Ortozik eta lepoz etzanda begiak zarratu nituanekoaz? Gugaz ekarri genduan birika berdeaz? Gogoratzen?
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!