Madrileko ibiltari (zatia)
2020-01-30 23:52Gaur atzera ikusi zaitut.
Gran Viatik paseoan zengozan, gizon harek gura barik errepidera sakatu eta segidan eskuatan hartu zintudan egun haretan lez. Oinezkoen partea oraindino ez eben zabaldu eta, ondorioz, beti kejetan zinan zu lako persona txikerrentzat, mostradore batera heltzeko hankapuntetan ipini behar diran horreentzat, oso gatxa zala kalean barrena bidea edegitea. Nik barre egiten neutsun, baina barrutik zure inkontzientzia harek bildurtu egiten ninduan. Ze, bai, inkontzientea zinan. Ez zinan kontziente gura izango bazendu sofatik mobidu barik koadro bat sabaian esegi ahalko zenduala konturatzeko. Ez hori bakarrik: izutu egiten ninduan zugan benetan ez zaren nonor ikusteak, existiduten ez zan nonor maiteteak. Horrek hankasartzeez nahiz guzurrez maitemintzera eroan gaitzake. Eta hori bai dala bene-benetako tormentua.
Egun haretan mundua akabauko balitz lez zan euria goitik behera eta itsasertz bako uri haretan inoz existidu ez zan ozeano bateko urak zabaltzen zenduazala zirudian. Kalean zu eta oraindino be euripean mela-mela bustiteaz gozetan daben persona urriak baino ez zengozien. Eta ez nabil euritzan jantzan egiten dabenez: oinez dabizanez nabil, emeki-emeki, eta etxera deus ulertu barik bueltetan diranez. Hemen, Madril aldean, inor ez da kargutzen, baina karrikak zoroz ganezka dagoz; berez inork ikusi barik euren lokarriez askatzeko kapaz diran persona guztiz eta bereziki zentzudunak dira. Zoro zentzudunak. Beharrezkoak. Murritzak. Enbidia deutsiet, nire bizi osoan zehar nik ez bezela zu negarrez ikusi zaituen personei deutsatien enbidia lez. Horixe da, akaso, nire hutsegiterik handienetakoa.
Kontua da bidea edegiteko kapaz zinala, eta kitto. Zure indarra hain zan poteretsua, non nire ohetik entzun neikean. Itsasoaren zaratearen parekoa zenduan; inork bainurik ez hartzea gura eta izaten dabenaren neurrikoa. Amesetatik gehien maite dodana zera da, euren laburtzeko gaitasuna: zelan diran kapaz hain handia dan zeozer imajinau edo irudi bakar batera mugatzeko. Amesak iratzarririk dagozanen poesia dira.
Dana dala, oraingo honetan Gran Via bai bazan oinezkoentzakoa. Guztiz, ganera. Ez egoan balen abiaduran doan autorik, edo elefanteen eztitasunez aurrera egiten daben autobusik, edo oinez ikasten dabilen umearen pare kurtzetan dan taxirik, edo hutsaltasunaren garaipenez modu txarrean aurrea hartzen dauen bizikletarik. Gaur, zu baino ez zagoz: oinez astiro egiten dauen emakume bat, hegazkinak ortzian lez. Eta jarraitu gura zaitut, edo gura dot —honezkero ez dakit— eta esan errepideei bildurra galtzen ikasten nagoala, baina upealako beharrizana daukadala barrutik neure burua erretera gidatzen nauen bulkada hau erauzteko.
Eta, orduantxe, iratzartu egin naz. Eta, orduantxe, nire ohean Madril baino ez da existiduten. Madril eta niri bisitan datorren hotz hau, ezerk merezidu dauen beste irauten ez dabela gogorarazoten deustana. Uri hau, egunen baten, desagertu egingo dala gogorarazoten deustana, zuk egin zenduan lez, eta nire buruan harrapatuta geratuko dala; beharbada, hegazkin-itxuraz, edo baleiteke elefante-formaz. Eta orain sinistu gura ez arren, egunen baten konturatuko nazela hori nahikoa baino gehiago dala. Nire zati bat Madrilek beragaz eroan ebala, eta gauero-gauero jente bako etorbideetan barrena alderrai dabilela, euripean, falta jakon beste zatiak nora alde egin eban galdezka. Amesak iratzarririk dagozanen poesia dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!