Ama-alabak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2020-01-29 14:01

Ama eta alabea beiratearen alboko mahaian jesarri dira.

Kafetegia oso modernoa da, eta harlauzazko azazkalak mihisketera jatorkon itsaso zaharraren aurrean dago. Itsasoa ikusteko parau dira ertzeneko mahaian, baina, batez be, haren argitasun urdinean alkarren irudia hobeto dastatzeko, bost egun daroez-eta aparte.

Amak alabeari begiratzen deutso. Alabeak, ostera, hanburgesa, sandwich nahiz plater nahasien erretratuak begiztatzen ditu. Eta nik, barriz, biei so egiten deutset, itsaso ahalguztidunak mugatuko leukeen margoihal baten erdian bizia hartuko leukien figurak bailiran. Biziteari ikuskizun bati lez begira egoten naz sarritan, agindu sakradu batek bertan parte hartzea galarazoko baleust moduan.

Kanpotik begiratu, ez inor mindu, ez neure burua samindu, jarraipen luzeko ekimenik ez hasi; edo bihotza bentanatik bota, eguneroko tiraniaren burrukan sartu, beharra egin neure sendikideen alde, hasarratu, dagoana onartu eta sumindu: jarrera bi horreen artean amiltzen dira neure egunak, urte bakotxaren akabuan emoitza desbardinak agertuz.

Ni ez naz barmanaren esperoan dagoan ama horren senarra; ni ez naz alaba horren aita, baina izan neitekeen, eta harekaz egon momentu haretan. Besoa altzauko neban barmanaren arreteari deika eta alabeari itxiko neutson eskatzen. Ze, izan be, hazten dago: gurasoen geroz eta beharrizan gitxiago dauka. Agurtzen ikasi dau, zerbiduten deutsienean eskerrik asko —edo, gehienetan, gracias— esaten; on egin be esaten dau, hanburgeseari hagina sartu orduko, bere apetituak kontroletan ari dan seinale, pasinoa kulturizetan.

Imajinazinoaren eta ekintzearen arteko gatazka bat bizi dot, imajinetan gastetan dodan kemena gero ekintzean faltauko bajat lez. Eta guztiz kontrakoa igarten dot nire lagun askorengan: eratutako bizi hori aurrera eroaten galtzen daben indarra falta jakela gero eurentzat eta euren jentearentzat zeozer desbardina imajinetako. Nik bizia edertzea esaten deutsadan horri eurek buruari bueltak emotea deitzen deutsie.

Beharbada, kafetegi modernoan hanburgesak jaten dagozan ama-alaba horreen istorioan leku bat legoke niretzako. Ez jat gatxa leku horretan, euren ondoan nire presentzia imajinetea. Baina han banago, begira dagoan gizon bakartiaren bekatxa sentidu ahal daben gizon agobiadua be izan neitekeela irudika leiket.

Amaitu dabe afaria. Gaurkoz, gurago izan dot ama eta alaba horreekiko maitasunik sakonena sentidu ostean eskapan doan gizona izan, euren aldamenean gogaipen-izpi txikerrenaren bildurretan bizi dan senarra izatea baino.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu