Je te laisserai des mots

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2020-01-25 12:26

Kotxea herriaren beste muturrean aparketea erabagi eban.

Ez eukan inorako prisarik. Jakin baekian, goizeko hamaikak jota egozanez, udal liburutegian ez ebala ganorazko lekurik topauko bere kaieratxua atara eta testuren bat edo beste josteko. Kontziente zan, liburuegian barik, pareko tabernan amaituko ebala, hondoko mahai txikerrean gotortuta, txaketea erantzi barik, jengibrezko infusinoa edaten. Halantxe subertau zan, jakina. Ez zan lehenengo aldia.

Ekosistema kuriosoak dira tabernazuloak. Danatariko faunea daukie. Komunerako eskaileratatik pasau ziran, berbarako, kaltzerdiak, bufandak eta bestelakoak saltzen kalerik kale ibilten zan Musa baltzaran maitea, karrikearen bestaldeko abokatu-bufetetik eguerdiko kafea hartzera bajatzen ziran gorbatadun morroiak, sarrerako txokoan telebistearen aurrean izoztuta lotzen zan biseradun agurea edo beti ordu berean ailegetan zan kafe-banatzaile uletsua.

Karpeta urdineko apunteen artean topau eban bere erreferente Txillardegik idatziriko Leturiaren egunkari ezkutua obra leidu ostean nahiko eskas marrazturiko erretratu ha: mutil gazte bat —Leturia bera, adibidez— parkean agertzen zan, bere patuaz galdezka, liburu bat eskutan, banku baten jarririk. Ikusi eta egin. Urteak ziran Europako Parkera sartzen ez zala. Umezaroan, barrabaskeriak egiteko baino ez zan hurreratzen: kotxeei zubitik arrautzak kristalera bota, errekasto artifizialak harriekaz blokeau, landaredia dotorea izorratu, bizikletea edonon sartu…

Ekosistema kuriosoak dira parkeak. Danatariko faunea daukie. Komuna publikoen ataritik pasau zan eta gizonezko heldu bat ikusi eban atetik urtetan, bragetako kremailerea zarratu guran, ibilkera narrasez; goiko aldeko landan, ostera, gaztetxuak bedartzan luze etzanda egozan, institutuko atsedenaldian. Unedatxu bat hartu eban hesiaz harago egoan komentuko beirateak begiztatzeko; bapatean, monja bat pasau zan kristalaren paretik eta atoan desagertu. Korridorean barrena prisaz ebilela begitandu jakon. Supituki, kanpai-hotsak aditu zituan.

Koaderno zaharreko apunteen artean topau eban tolesturiko orrialde bat,  Je te laisserai des mots esaldia ekarrena. Berbak lagako deutsudaz. Urrunera begiratu eban. Kanpaiak jo eta jo egozan oraindino. Urmaelera bihurgunetu eban begiradea. Adineko bikote bat banku orlegi baten jesarrita egoan, ahateei ogi-papurrak emoten. Tarteka-marteka, zer edo zer esaten eutson batak besteari eta, gero, ahateen oturuntzea isiltasunak hartzen eban. Uraren zipriztin-soinua eta hasperenen katarsi-sentimena baino ezin ziran igarri.

Animalia kuriosoak dira ahateak. Halantxe iruditu jakon. Jan-edana, klima egokia eta inguru hezea baino ez dabe behar. Premisotako baten bat faltau ezkero, ez dabe zalantza egiten ortzian V itxurea hartu eta beste toki egokiago batera hanka egiteko. Baina beti bueltetan dira. Behin eta barriro alde eginda be, beti daukie itzultzeko aukerea. Antxina sartu bako parke batera bueltetea lez.

Koadernoaren orrialdea harrotu egin jakon, bere paretik emakumezko gazte bat abiadura betean korrika pasau zanean. Zidorreko hautsa be harrotu egin eban korrikalariak. Une haretan, uraren ertzaren eta bidexkearen arteko belardi-zatiari so geratu zan. Esparru birjinea begitandu jakon, inork inongo jaramonik egiten ez eutsona, ze, ez zan landa eder zein zabal bat eta, era berean, ez zan ohiko bide edo urmael-ertz bat besterik. Erreskadan etorri jakozan bideetan, hatxen artean oinaze sortzen eta hazten diran lora desafiatzaile eta min dan-danak. Ondo ekian lurrikaratutako lepoetan be posible dala bizia ereitea. Bitartean, otarrain itxurako lazunak ahateen hondakinak lapurtu guran ebizan, uraren hondotik azalera saltoka.

Animalia kuriosoak dira otarrainak. Halantxe iruditu jakon. Errekan jaioten dira eta euren gorputza, fisiologia eta sena eraldatu egiten dabe itsasora biziten joateko. Ur sakonean urteatan egon ostean, baina, euren biziari akabua emoteko, atzera aldatzen dabe izakerea, fisionomia, eta errekara bueltetan dira. Hiltera. Baina ez edozein errekara: jaio ziran errekasto berberera itzultzen dira. Zur eta lur egoan naturearen mirari haregaz. Zelan leiteke euren jaiotza-errekea gogoan izatea? Zelan leiteke euren sena, grina, gorpuzkerea biziteko eta hilteko aldatzea? Akordura etorri jakon arrainek inongo sentimendurik ez eukiela kontau eutsieneko egun ha.

Ez eban ganorazko ezer idatzi. Oraindino ez, sikiera. Bere burua Txillardegiren Leturia lez ikusi eban, istante batez: banku baten bakar-bakarrik, bere patuaz galdezka, koaderno zahar bat eskutan. Ordura arte izkiriaturiko orrialde tximurra kaieratik erauzi eta txintxeta bategaz bankuaren azpialdean lotuta laga eban. Luze egin jakon kotxera arteko bidea. Ez jakozan beharrezko esaldiak bururatzen. Ez zan gauza aditz egokiakaz joteko. Ezinezkoa jakon zer edo ha iradoki ahalko leukien ideak topetea. Ezin eban blokeo ha gainditu.

Kotxean, berogailua isiotu behar izan eban, ondoez ha epeltzeko. Hirugarren martxea sartuta eukan musika-erreproduzitzailea piztu ebanerako. Gogor frenau eban, bere belarriek aditu ebena asimiletan hasi zanean. Malkotan, hondoa jo eban, gailurreraino heltzeko. Topau eban. Piano-hots bat, han hondoan. Je te laisserai des mots. Berbak lagako deutsudaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu