Kristal mingotsak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2020-01-22 18:21

Mundua mozalpean egotea behar neuke, gosaltzen nagoan artean.

Ez naz armosu-sasoian telebistako tertuliak ipinten dituen masokista horreetakoa; ez naz irratiko debateak ipinten dituen sufridore horreetakoa; ez naz egunkarian sartzen ausartzen diran urpekari horreetakoa.

Zeozer fisiologikoa igarten dot gizateriaren sakakada basati danak kafetan nahastetan saiatzen nazenean. Edulkoratzaile edo azukera barik. Ganezka egiten dot katiluan. Hormek txikitu eta iruntsi egiten nabe. Gaur, baina, ausart sentidu naz eta Twitterra edegi dot. Ezagun batek, behinola, esan eustan txiolandia ei dala edozertaz enteretako biderik bizkorrena nahiz eraginkorrena. Eta, jakina, edozer horrek, sarritan, barri txarren itxurea dakar.

Onintza Enbeitak bere kontuan idatzitakoa azaldu deust segapotoak: La Guardia Civil detiene…, irakurten dozunean barruan apurtzen jatsuzan gauza horreek guztiak. Ze, halantxe da: kristal italiarrezko kopaz osoturiko kajaz betetako kamioi batek talka egiten dau autobidean, bapatean. Eta dana da kraskadea. Dana da danbatekoa. Hotzikarea. Egundo gehiago gosaldu gura ez izatea.

Akordau naz ezorduetan etxeetara indarrez eta bortxaz sartzeaz; tabernak hankaz gora ipinteaz; kazetariak euren beharra egitearren atxilotzeaz; herrigintzeak bere izakeran hain hil ala bizikoa dauen konpromisoa, alkartasuna zein esperantzea zapuzteaz. Eta, ez, ez dot uste ideologia edo pentsakera-kontu batez gabizenik, zentzuz jokatzeaz baino. Zauriei osatzen isteaz. Urari bere bidea egitea ahalbidetzeaz. Azken baten —eta abestiak dinoan lez—, politika merkea garesti urteten dala, dana jokoaren parte dan orube idor honetan. Dana azaleko eta low cost dan sistema kamuts honetan.

Ze burruka armatua lagateko behar diran zortzi urteatan kafe asko kabitzen dira. Ze, armabakotzea beteteko behar diran hiru urteatan kafe asko kabiduten dira. Ze, erakunde armatu bat mapatik desagerrarazoteko behar diran bi urteatan kafe asko kabiduten dira. Kafe gehiegi, osotara.

Sinistezina dirudi sinisteak arma barik edozertaz berba egin leitekeela. Dan-dana posible dala. Baina sinisten hasita nago balizko edozer horreetaz guztietaz berba egin ahal izateko nahitaezko premisea mihina ebagita izatea dala. Goizero munduari ipini gura deutsadan mozala guk geuk ipintea.

Kristal txiker piloa puskatzen jatsuz, goizean goizik holako barri mingots bat jasoten dozunean. Ia-ia aurrean daukazun eta orain edan behar izango dozun kafea baino mingotsagoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu