Konsulta(k)
2020-01-20 19:18Ba ei dira bitxiak diran bitxiak: txiskeroak, zaldiak, gruak eta icebergak.
Lehenengo aldia zan psikologoanera joiana. Bildurra zala-ta, besteen zer esana zala-ta, ordura arte emotea deliberau ez eban urratsa zan ha. Kostalde barri bat, orube barri bat. Papelezko kartelez eta zidarrezko plakaz josiriko ate erraldoiaren aurrean estatua bat bailitzan parau zan, eraikinera sartu orduko. Luze egin jakon bosgarren pisura arteko bidea. Muga bat zeharkatzen dabenaren sentipen garratz hori eukan eztarrian korapilotuta, erraietatik zintzilik. Ez eban ezelako prisarik hartu kraskadak ataraten zituan egurrezko eskaileratan gora egiteko. Pisurik pisu, eskailera-buru bakotxean arnasa sakon hartzeko geldialditxu bat egin eban, klaseko arbelera urteten dan umea lez; eraikineko eskaileraburu bakotxean kokaturik egoan negozio oro banan-banan aztertu eban: abokatu-bulego bat, osteopatia eta fisioterapia-zentro bat, hortzetarako klinika bat, albaitariak... danatarik egoan eraikinean gorako bere bidaia haretan.
Hilebeteak ziran erreka-hegalera ez zala joaten bildurragaitik, bere buruaren zer esana zala-ta, ordura arte emotea deliberau ez eban urratsa zan ha. Betiko ibai-bazterra, betiko pasealeku grisa. Uretarako salto eta ibiltokia bereizten zituan baranda zuri ugertua oratuta, estatua bat bailitzan parau zan, bere ukondoak haren ganean ipini orduko. Baldosaz baldosa, lantzean behin, geldialditxu bat egiten eban, urtarrilean itsasoko ur izoztuetara sartzen dabilen hozbera lez; urak errekan behera ekarren orbel okre bat adi-adi aztertu eban: egunotako haize bolada gogorrak nongo basotik erauziko ete eban, ibairaino errekastoetan zehar egingo eban bidea imajinau, korronteen kontra biziriko burrukearen irudia egin…
Konsultara sartu baino lehen, hatzamarrak igongailuko burdinezko hesian barrena jantzarazo zituan, barrura egin orduko azken zaratea memorizau guran. Txirrina jo eta bere altuerako emakumezko batek edegi eutson; ahots atseginez hartuta, barruraino jo eban, pausua narras, hondoko gelaraino. Jakea eranzten eban artean, bere gorputza dardarati igarri eban, bularrak pisutsu, titipuntak ohi baino tenteago, belaunak zurrun. Hamar bat minutu lehenago beste nor edo nor eukitako besaulki —oraindino epel— dotorean jesarri zan eta gotorleku haretatik kontau eutson doktoreari zelan ez eban bere burua topetan, zelan gauez ez eban lorik egiten, zelan etxekoek zer esango itxaroten egoan beti, zelan ilargia hor kanpoan egoan denpora-tartea luze(egi) egiten jakon.
Pasealekuko bankuan jesarri orduko, hatzamarrak bere txaketa epelaren sakonean sartu zituan, barruan gordetako azken gauzea memorizau guran. Tabakoa atara eta txokor baten lodierako zigarreta bat liau eban; txiskeroaren sugarrari lipar batez begira egon ostean, keari bere barruraino sarrarazo eutson, arnasa kamuts, hondoko zelularaino. Bere eztarria bufanda lodi(egi)tik libretan eban artean, gorputza dardarati igarri eban, sorbaldak pisutsu, bizarreko uleak ohi baino tenteago, aldakak zurrun. Hamar minutu lehenago jubilatu bat usoei ogi-pusketak emoten eukitako banku —honezkero hotz— tristean jesarri eta gordeleku haretatik ekin eutson koaderno erosi barria profaneteari. Idatzi eban zelan jada ez deutson —bere hutsunea— ezerk beteten, zelan eguna zakarrontzira botaten daben ohetik oinak ataratakoan, zelan kantak errepetidu egiten jakozan, zelan bere buruak iges egiten deutson, zelan eguzkia hor kanpoan dagoan denpora-tartea gogor(regi) egiten jakon.
Egia esan, arin pasau jakon konsultan egoniko ordu —ustez— luzea. Beherako bidea igogailuz egin eban, sesinoak itxi eutson arpegi goibela kabinako ispiluan ikusiaz. Portal erraldoia horma-kantoira itsatsita igaro eban, beragan erreparau ahalko leuken edozein begiradakandik iges. Kale nagusira ailegauta, anteojo baltzak jantzi eta bere segapotoan Tom Waitsen kanta ilun ha jarri eban, Bristoleko tabernazulo baten ordu txikitan dagoan marinel mozkorraren pareko ahotsez. Zebra-bidera heldu zanean, pertsona piloa egoan bestaldean, —beharbada, euren biziko— errepidea kurtzau zain. Semaforoko botoiari sakatu eta burumakur geratu zan. Saltoki-guneak jentez ganezka egozan urtarrileko eguerdi hotz haretan, eta gabonetako argiak, oraindino, kendu barik.
Uriko erdialderako bidea be oinez egin eban, ibaiak itxi eutson arpegi goibela binilo-dendako beiratean ikusiaz. Kalea eraikinen kantoietara itsatsita igaro eban, gauerdi hotz haretan, eta gabonetako argiak, oraindino, kendu barik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!