Xahuketa solidarioak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2020-01-17 13:32

Bildurtuta itxi nau iragarkiak.

Izenburutik hasita, betiko lez, danak ondo enterau daitezan, gaztelaniaz datorrena: Con la tarjeta Visa de Kutxa, colaboras con el tercer mundo. Azpian, barriz, argazki erraldoi bat dator. Bertan, gure azal-kolorea daukan neska lirain bat, ulea motots eginda, eskularru zuriakaz eta anteojo modernoakaz, ume baltz bat jagoten dago. Neskea persona heldua da, badaki zer egin gura daben, zuzen begiratzen deutso umeari; umeak begiradea galduta dauka, neskatilearen esku dago bere osasuna, bere bizitea. Gu neskatxa hori gara, jakina; umea Afrika da, Afrika osoa, bi hanken ganean zutunik dabilen izaki hau sortzen ikusi eban lurraldea, halanda be, beti ume, beti txiro, beti gure zainpean.

Argazkipean datoz kanpainearen argibideak: Kutxak VISA EURO 6.000 bataioturiko txartela atara dau, eta holako txartel bat eskuratuta, solidarioagoa izan zeinke, izan be, iragarkian bertan datorren interneteko helbide baten botoa emon ahal izango dozu, gogokoen dozun GKEaren alde. Modu horretan, visa txartelon bezeroen boto gehien jasoten dituan GKEari 6.000 euro helarazoko deutsoz Kutxak. Zure erosketeak —dino akabuan testuak— hirugarren munduan bananduko dozuz. Hor dago, erretratuan, neska zuria, hor dago ume baltza, biak ala biak geldi-geldirik, aro barri baten aurrean paralizauta, gure diru-laguntzinoaren pentsuan balegoz lez, mobiduten hasi ahal izateko. Neska horren samurtasuna gura geunke gure makalaldietan; ume hori, aldiz, han dago, babes barik.

Zure bihotz onaren morroi, ezin dozu begiak zarratu eta han zoaz banketxera; zalantzak bazeunkazan, aldendu jatsuz. Argazkiko bikoteari lagundu guran, garuna geratu jatsu: ezin dozu ikusi argazkia estudiokoa dala, ez zara kargutu be egin neska hori modeloa dala… eta umea Marokoko diplomatiko baten semea dala esango baleutsue?

Pobrezia sakontzen nahiz zabaltzen daben sistema ekonomikoaren oinarrian banketxeak dagoz; borreroen bezero bihurtuta, eureri gehiago emongo deutsezula, biktimei baino, beti. Ezin hausnartu eta egiaztatu unean-uneko laguntzatxu horreen bidez, sistemea betiko —eta betirako— luzarazoten gabizela, ganera, sistemearen krudelkeriari errukizko jantzi dotorea eskainiz. Sentikor gura gaitue, ez pentsakor, sentimenduen manipulazinoa ederto kontroletan dabelako.

Bildurtuta itxi nau iragarkiak, batez be, beste inor bildurtzen ez dabela ikusita; beharbada, neuk hain garbi dakusadana ez dauelako beste inork ikusten. Gaur egun, xahuketearen apologia egitea, azken baten, terrorismoaren apologia egitea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu