Izotz ondoko eguzki

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2020-01-15 18:07

Ez dakit zenbat urte igaro diran. Asko. Piloa. Umeak ginan atetik sartukeran.

Sarrerako ate bikotxetik igaro eta barrura sartzeak asko —gehiegi— eukan abenturatik, umea nintzalarik. Baita bildurgarritik be. Musturra lurrera begira, erdi burumakur sartzen nintzan korridorean; jentea nire presentziaz ez kargutzea gura neban, ni han nintzala ez konturatzea; dana ziran arpegi barriak, ohitura barriak eta, batez be, doinu barriak. Artean, ez nekian niretzat etxe bihurtuko zala: negurako aterpe, miserietarako estalpe.

Kolore danatakoak bizi izan nituan pegatinaz beteriko zutabeei eta barra luze bati sendo oratuta. Munduak hori jakin behar dauelakoan nago. Zeozer handia da, bere txikitasunean. Pasau jatan behinola parez pare jesarrita eta niri begira eukitako lagunak beste leku batzutara joatea, niretzat bizimin zana eurari minbizi bihurtu jakelako, aspertu egin ziralako; pasau jatan lagunen bat edo bestek betiko alde egin izana, eta ez pareko tabernara, hain zuzen be. Inor heldu ezin dan lekura, betiko. Danok joango garen lekura, betidanik. Dagozan lekuan dagozala, orlegi koloreko barratik gomutetan dodaz batzuk zein bestea.

Bata bestearen aldamenean, hazi egin ginan han barruan,  jesarleku altu bat altxau asmoz bata bestearen ganean ipinten diran jesarleku txikiak lez. Txipiroi-bokata bat, penentzat; etxeko hanburgesa bat, gazi-gozoentzat; patata-errazinoa saltsa bigaz, barre-algarentzat. Bapatean, auzoko kokolo bat, enbidiaz ganezka; bapatean, ertzain-kotxe bat sarreran, eta argi urdinak gauean; bapatean, istilu bat han barrualdean, hostiaz ganezka. Odol-errekak, hagin apurtuak, malkoak, irribarreak, abestiak, kea. Dan-danak hango epeltasunaren magalean. Alkarregaz. Bat eginda. Etxean.

Ezagutu neban Motörhead, erratz bat baxu bihurtzen danean. Ruper eta kafe egin barriaren usaina. Hertzainak eta infusinoen lurrun beroa. Latzen eta ardau-kajak hara-hona mobiduten. Kaleko Urdangak edo BC Bombs sarrerako txokotxuan. Hell Beer Boys nire Crew propioa zein zan gogorarazoten. Arkada Social auzoko horreek beti parrandaz parranda dabizela orro egiten, zorokeria ez dala egundo faltauko aldarri egiten. The Baboon Show irratiko errebeldeak garela esanaz. Sarkor irabazi ala galdu beti garaipenaren bila bizi behar dala erakusten. Eutanasiaren azken urratsen oinordetzea eta Toothen lehendabiziko ilusinoak. The Riff Truckers eta beti whiskeytan blai amaitu eragiten euskun bizardun morroi maitagarri ha. Perkele eta duintasunez beteriko bihotzak. Cock Sparrer eta beti etxera bueltan egotea. Pantera eta oinez ibiltea. 7 Balas eta dicen que entre los castillos…, hormak eskuaz behera bota beharrean. Doubling Boys eta maitasun-gorroto istorioak. Su Ta Gar eta leku ha geure egin genduanean batzuk sentidu genduan bigarren jaiotza basati ha.

Ez dakit denporeak gu guztiongan norainoko higadurea egin dauen. Edo norainoko persona onak bihurtu garen. Bihurtu gaituan. Edo ze neurritan balorau dogun tabernarien psikologo-lan gogor hori. Benetako psikologoak. Kolsultarik bakoak. Edo leku jakin batzuk gugan lagaten daben islearen pisuaz konturatu garen. Edo musikea konpartidutea dan mesede erraldoiaz kargutu garen. Edo personak merezidu daben neurrian eskertzen ikasi ete dogun.

Baina jakin badakidana da gaur ahotan daukadan leku hau nire hezkuntza musikalean, personalean eta bitalean zutabe izan dala. Bertako alma materrari asko, piloa, deutsadala eskertzeko. Ze, azken baten, barrako beste aldean nonor epel-epel hartzea persona bati zure etxeko atea edegitea da, beharbada, beste inork beragan sinisten ez ebanean.

Ospa Tabernari eta Sandari. Izotz ondoko eguzki.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu