Ez garela kukuak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2020-01-13 13:20

Badira bidaiak diran personak.

Utopiak idazten dabilen esku honen eguneroko ogia ei dira. Eta, hain zuzen be, utopia dirudi, baina, bai, badira bidaiak emoten daben personak. Joan-etorriko bidaiak. Erreziprokoak. Persona bitalak. Ez dakit lagun gitxi —baina oso minak— izatearen kirolean profesional petoa nazelako dan, baina hobeto baloretan dodaz norbanakook. Nor nazen argitzen deustie; nor ez nazen erakutsi. Bidea(k) markau.

Beti esan izan dot idazle, abesti, liburu nahiz talde asko goitik behera azalez aldatzen dirala denporearen poderioz. Liburu bat ez da berbera hamabost edo hogeita lau urtegaz; kanta bat ez da berbera hogeita lau edo berrogei urtegaz. Hortxe dago, zelatan, esperoan, baina bulkada zinez desbardin bat erneten deutsu barrenean. Daborduko, ez da hasikerako kitzikadura ha, beste zeozertan bihurtu da. Bihurtu zaitu.

Amélie Poulain rara avis bat zan, nik hamabost urtegaz ezagutu nebanean. Atean pausetan eban belarria, beste aldean nor edo nor egongo ete entzun ahal izateko. Bere taupaden indarra edozein sarraila edegiteko lain zan. Ordurako, Yann Tiersen existiduten zanik be ez nekian. Baina hego haizeak beti dakarz antzarak gure urmaelera bueltan. Orain, ostera, ni neu naz belarria atean ipinten dauena, beste aldeko edozein zaratari itxaroten deutsona, erne dagoana. Nekez nabe aldatu, baina rara avis bihurtu naz.

Kontu bardintsua pasetan da kantakaz be: batzuk erreka-hondoko harriak lez errotzen jakuz paparrean, geure egiten doguz; minberak izan arren, lekutxu bat gordetan deutsegu gure sarrera bakarreko gotorlekuan eta harresi sendoak altxau, inork hareek ezin ikutu izateko. Beste batzuk, baina, udagoieneko orri horixken antzera hegaz dabiz eta momenturik aproposenean, bakarrenean, zehatzenean bueltetan dira, gure atarira ate-joka. Milaka kanta dabiz aterik ate, errairik errai, errari, hara-honean, alkarreri botateko daukaguzan milaka harri mingarri bailiran. Orain bai, orain badakit Yann Tiersen nor dan.

Joan zan egunean, errari dabizen bi pertsonagaz kafea alkarbanatu neban. Kafea ez eze, euren bizitasuna, bizimina (edo biziteko mina) eskaini eustien. Ordainetan, ez eustien deus eskatu. Nire ate danak zabalik eukitea; eurekaz nagoala, bilusik eta oinutsik egotea. Ez beste ezer. Badira nahitaezkoak diran azalak. Ane eta Iratxerenak lez. Zimurtsuegiak, aterik ate ibilteko. Leunegiak, antzarei hegaz egiten lagateko. Baina zanez beteta dagoz, bizia ganezka darie, alkar behar dabe. Biziteko mina.

Eta, azkenean, kargutu naz bildur eta fede barik aurrera egiteak esan gura dauenaz. Ze, orduantxe, alkar behar izatea baino ez daukagu. Guk kafea edan genduan, ados, baina Santimamiñeko kobazuloko atarira eroan eustien Anek eta Iratxek, eskutik oratuta. Ez genduan urratsik emon behar izan horretarako, ez oraingo honetan. Irudikatu neban azti bat, txaman orojakile bat, bere jentearentzako zopa beroa kozinetan, eskura eukazan elikagai urriakaz. Suaren inguruan, bisontez eta zaldi basatiz margozturiko hormen itzaletan, persona-talde bat, familia bat, alkarregaz zopea konpartiduten; bien bitartean, txaman gidaria arbasoen inguruko ipuinak kontetan, hor kanpoko iluntasun hotzean otsoak uluka egozala. Kontetan eutsien zelan bizia ez dan hain friboloa, ez dan hain efimeroa. Ez garela kukuak, gure saminak bidaide daukaguzanen ganetik ipinteko. Eta burua aldamenekoaren sorbaldan paretan eben, oraindino be bazirala, bizi zirala alkarri erakusteko. Holantxe sentiduarazo eustien.

Denok batzea lorategi baten / izara zuriak haizetan / ekaineko eguzkipean / garia berde oraindik / bizi garela ospatzeko idatzi neban behinola, nire azalean hori tatuetako amesez. Ez da tinta-zati hori geurera sartu oraindino, baina Anegaz eta Iratxegaz landa orlegi hara bidaia egin neban, bien eskuak sendo oratuta, mahaiondo luze batera.

Orain konprendidu dot, noz edo noz, badagoala baten bat atearen beste aldean, Améliek lez zarataren bat entzuteko, belarria egurrera itsasten dodanean. Konprendidu dot bizia Yann Tiersenen baladarik tristeenaren parekoa dala, baina, era berean, izan leitekeela Rock the Casbah baten neurriko jaia. Badogula zeozer, asko, ospatzeko. Eta, bapatean, gutunazal zuri bat sartzen deutsuela belarria ipinita daukazan ate horren azpitik: aupa, hartuko dogu hirurok kafetxu bat, txiki?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu