Palmondoarena
2020-01-07 11:49Nerabezaroan, gabonen kontrako jarrera baino ez neban nabarmentzen.
Gorroto nituan konsumismoaren, itxurakeriaren eta faltsutasunaren agerkari diran garaiok; ez nintzan gauza aituteko zelan egiten daben bat gure uri, herri eta auzoatako kaleak gabonetako argiakaz janzteak, baina, era berean, egun seinaladu honeetan euren etxebizitzetako argia ordaintzeko lain ez daukien familien saminak. Bildurtu egiten ninduan gure etxeko mahaiondokoa jan-edanez ganezka ikusteak eta, ostean, portal pareko zakarrontziak goraino beterik begiztau beharrak, atetik urtekeran. Hori guztiorri eutsi egiten deutsat oraindino. Berez, aitaturikoek ez dabe zuzenean gabonakaz loturarik, personakaz eurakaz baino. Bai, sarritan, enpagua emoten dogula.
Baina zer gura dozue esatea, gabonak maitetan ikasi dot, Lou Reed entzuten ikasi dot, eta Perfect Day gabon-sasoirako berreskuratzen. Orain benetan aituten dot herriko nahiz familiako tradizinorik zaharrena erraiatan sartuta izatea eta zanatan barrena eroatea zer dan: bakarlari bihurtu ei naz; orain aitu dot aro honetan lagunek babestuago zein maiteago sentiduarazotea ez dala ezer artifiziala: isildutakoen urazaleratze naturala da; orain kargutu naz ze esangura hartu daben kotxean gotortu eta mendiko auzuneatan zehar ibilteak, etxe bakotxeko bentanen bestaldean zer pasauko ikusteko: kristalaz harago ia beste inor ete dagoan, zertan dabizen han barruan, zoriontsuak emoten dabeen…
Institutu-sasoian, upealako obsesinoa euki neban palmondoakaz. Sano identifikauta sentidu eragiten eustien izakiak ziran. Landara bitxia da palmondoa. Orain dala mende batzuk, berea ez zan esangurea emoten saiatu ziran (nire ustez): antza danez, Ameriketara indiano joan eta goitik behera aberastuta bueltaukeran, euren ondasunen adierazgarri, palmondoak izaten ei zituen etxe, etxauntza nahiz jauregietako atarietan. Baina palmondoak narotasuna baino zeozer gehiago dira, inondik inora. Palmondoa iraunkorra eta sendoa da. Galarrena luzea zein latza izanagaitik, palmondoa haize-ufada gogorrek hara eta hona mobidu arren, zinez gatxa da ha lurrera botatea. Malgua baina nortasun zorrotzekoa da.
Esan lez, palmondoak burutik kendu ezinik ibili nintzan garai baten: herrian gora eta behera gau eta egun, palmondoren bat egoan edozein leku koadernoan apuntetan eta herriko palmondo guztiak zenbatzen. Ba, urteak aurrerago, gauza berbera pasau jat gabon-sasoirako ipinten hasi diran neoizko argidun arbolakaz. Igaz be ipini zituen arren, aurten konturatu naz gure herriko bost muturrak xerkatzen dituala argi dirdikaridun bost zuhaixkok. Eurek zehazten dituen mugen barruan ikasi dot goizaldeko ordu txikitan nire herriari darion isiltasunaz gozetan, egun-argiz ikusi ezin nituan santu-kapillatxuei, izkinei edo bentana-bazterrei erreparetan. Herria eta gabon-aroa beste bizimin batez biziten. Jentea merezidu daben moduan eskertzen. Perfect day tristura barik entzuten. Baietz, burua tente, ziutasunez baietz esaten.
Nerabezaroan, gabonen kontrako jarrerea baino ez neban azaltzen. Palmondoak desertuko kontua baino ez zirala. Lou Reed dinosauro errari bat zala. Eta gaur neoizko zuhaixken bila nabil, gauean zehar. Zelan aldatzen diran garaiak, kamarada.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!