Zoologiko humano bat
2019-12-17 23:26Ez dot “GH” saioa egundo ikusi, eta, honezkero, badira 20 urte emisinoan dagoala.
Zeharka, han-hemen ikusi izan dot programa horren mekanikea: dozena bat lagun, dozena bat kamera, dozena bat gorabehera emozional, eta milioeka ikusle. Reality show lez bataiotu izan dana. Esperimentu soziologiko bat. Zoologiko humano bat.
Zer pasau daiteke persona-moltso bategaz euren emozinoak mugara eroaten badoguz gatibu diran bitartean, jakinda jente franko hareei begira dagozala? Zer dauka txarretik?, itaunduko dau baten batek. Txarretik dauka, akaso, voyeurismoa zuritzen dabela. Bizitza arruntean gaizki dagoana, alegia, jentea bere errutinan zelatatzea, hemen araua da.
Ikusi daiguzan sofan jesarrita espagetiak jaten, alkar maitatzen nahiz gorrotatzen, alkar zauritzen eta umiliatzen, konspiretan, jazarten edo bortxatzen, krispetak irunsten doguzan artean. Saioon jarraitzailea ez nazen aldetik, gaur —berandu samar— jakin dot 2017an neska bat Guadalix de la Sierrako etxean bortxatua izan zala, eta T5 telebista-kateak gertatua isilarazo ebala, ikuskizunari inongo kalterik ez egiteko. Gero, pasau zanaren ganean berba egiteko debekua ezarri eutsien.
Geurean, EAEn, ikusleen % 30ek ikusten dabe. Euskaldunon % 30 begi orojakilearen menpe. Jenteak sarri esaten deust ez dabela ETB1 ikusten, euskerazko kate publiko bakarra, ez dalako kalidadezkoa —eta, neurri baten, ez jake arrazoirik falta—. Berbarako, Sautrela-k % 0ko audientzia izaten eban maiz; Tumatxak-ek —musika-saioa—, ostera, % 1,5ekoa. Eta hori telebista-kate autonomiko nagosia aitatu ezkero, hau da, tokiko telebista-sare txikerrak bizi daben egoera tamalgarria plazaratu barik.
Hauxe da errealidadea. Honexetan gabiza. Hauxe gara.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!