Liburu-azala

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-12-12 14:55

Ez dau egundo jakin adierazoten liburu bat lehenendabiziz esku artean hartu eta igarten dauen zirrarearen sakontasuna, intensidadea, urduritasunaren neurria eta emozinoaren handitasuna.

Eta irakurketeari darion urruntasun arrotz baten susmoak be, inoz ez deutso laga liburuek bizitzeagaz daukien loturea garbi ikusten. Bi hilebete badira, ostera, buruan beste ezer ez darabilena, hain zuzen be, Susan Sontagen obra bat erosi ebanetik. Dana dala, liburu-azala, Besteen minaren aurrean, ez jakon larregi gustau: Goya handiaren margo baten parekoa da, gizon urkatu bat ageri dabena, Gerraren hondamenak sailekoa.

Biharamunean, goiztarrago jagi zan, liburua leiduten hasteko gogoz, baina auzuneko emakumezko baten deiak eten egin eutson irakurketea, izugarrikeria ha kontetako: Alejandrok bere buruaz beste egin eban, txabolan topau eben urkatuta. Telefonoa eskegi ebalarik, liburu barri haren azalak min eta dana egin eutson, begiratze hutsagaz.

Kasualidadea ahaztua eukanean, beste liburu bat erosi eban: Victor Hugo maisu handiaren Miserableak, azalean Parisko Saint-Honoré kalea dakarrena, Camille Pissarrok margoztua. Lehentxuago jagi zan goizean, irratiko lehen abotsak entzunaz; kafe bero egin barriagaz liburu barriko bizpahiru orri irakurriaz iratzartzea gustetan jakon, umea eskolarako prestetan hasi orduko. Bapatean, albiste berbera konteteari ekin eutsien kate danek: Parisko hotel merke batek su hartu eta hamar etorkin hilda topau zituen. Kalearen izena entzun orduko kargutu zan hautsontziaren azpian zetzan liburuaren azalaz, eta horrek aurreko jazoera arraroa be gogorarazo eutson.

Begitandu jakon nonor beragaz ipuin fantastiko bat eskribidu guran ebilela, blogen baten-edo eskegiteko, baina orain, barriz, erne eta adi ibiliko zan: horretaz konturatu zela ez eban konturarazo behar dana dalako hori. Abantaila profitau beharra eukan, batez be, gauza bi baieztatzeko: batetik, ia hurrengo liburuagaz be gauza bera pasauko zan; bestetik, aldiz, ia beti zoritxarrekoak izan barik, ia zorioneko zeozer be pasauko ete jakon koitaduari.

James Joyceren Dublindarrak erosi eban hurrengo, liburu-azalean Dublineko erretratu zahar bat eukana; goiz osoa leiduten igaro ostean, bere burutazinoen tontokeriez lotsatzen hasita egoanean, arratsalde aldera, zur eta lur geratu zan, telefono-dei ha entzun ebanean: Dublinera bidaia bat tokau jakon Eroskin, aurrez eginiko bidaia baten promozino-zozketean berak ezer jakin barik parte hartu ebalako.

Ezin dau adierazo esku artean daukan liburu barri honegaz igarten dauen zirrarearen sakontasuna, intensidadea, urduritasunaren neurria eta emozinoaren handitasuna. Baina jakin badaki zerk lotzen dauen literaturea bizitzeagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu