Kutxa urdina

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-12-09 19:05

Bariku gauen zale bihurtzen hasia egoan aspaldidanik, zapatuen parranda-protokolotasunetik urrun egoan naturaltasuna zerielako.

Baina orduko ha, ostera, bariku desbardina zan beretzat: ohiko taberna-zuloez, ohiko jenteaz eta ohiko doinuez gan, zinemaz maite nahiz miresten zituan lagun bigaz geratua egoan eta horrek —berak arrakasta barik estaltzen saiatuagaitik— zepzelako irribarre-keinu konplize bat eragiten eutson bisaian. Garairik onenak izan ez arren, bere burua unerik eztienean igarri ez arren, eguna tristura-pildoren pentsuan igaro arren, zelan edo halan, benetan berezi sentiduten zan aspaldian ikusi bako adiskideen artean: balorauta, galant, maite, irribartsu.

Hasikera-hasikeratik, zer dala-ta ez ekian, baina azaltzen gatxa zan sentipen epel bat igarten eban hiru lagunen arteko giroan; izan eitekean bata ez ebala sarri ikusten eta bestea, aldiz, sei hilabete luzerako Belgikara alde egiteko puntuan egoala. Hori, edo oraindino ez ekiela alkar behar ebela. Auskalo. Ez ekian, ez, gau ha geltoki baten, trenera igoteko lehen koskearen aurrean egiten dan agurraren parekoa zala. Edo bai. Beharbada, bai. Horregaitik ikusten zituan burdinbideak, landa orlegietan eta baso zarratuetan barrena, iparraldera bidean. 

Zoriontsu egiten eban gauza oro alkarbanatu eban lagunakaz: hasarrerik tuntunenak, irribarrerik samurrenak, mahai ganean ipinten dan jatekoa, ezpan artean soltetan dan berbea, belarrietatik bihotzera doazen doinuak, lerro artean galtzen diran aipuak edo aipu artean ostontzen diran isiluneak. Dardoatara olgetan egozala, maitasun berezi bezein kuttun batez gordetan eban kutxatilatxua atara eban bere poltsa zaharretik; kutxatik, barriz, erretako papela, txiskeroa eta gomazko bilgailu txiker bat. Ontzitxuaren barruan gotortua eukan hain aldaezinak nahiz igeskorrak ziran egoera hareetarako gordetan eban kosto-pilota gogorra. Zerbezek euren joan-etorria egin artean, hiru neba-arrebek mukuru marroikara ha erre eben, nork bere bildurrak aldamenekoari kontatuaz, eguzkiloraz josiriko soro zabalak imajinatuz, ilusinorik txikerrenei be sendo helduz, mamu oro kanporatuz; alkarri hainbeste behar eben arnasea emonaz, azken baten.

Goizaldeko ordu txikietan, behin taberna haretatik beste batera aldairea egina eukiela, zeozertaz kargutu zan erregaia atara eban mutikoa: kutxatxua eta barruko danak partikeratik desagertu jakozan. Lastimea da, baina ez da hainbesterako, pentsauko leuke edonork. Baina bai. Larria zan. Arinagoko tabernara itzulirik, bilgailua ahazturik lagatako txokora jo eban zuzen-zuzenean, baina, ordurako, han ez egoan ezer. Adiskideengana bueltau eta isiltasunean zigarroari kalada luze bat emoten eutson artean, lagunek kutxatxu haren inportantziaz itaundu eutsien. Leku frankotara eroan izan dot, beste barik, erantzun lehenengoak.

Eta, egia esan, ez eutsen inongo iruzurrik esan: leku pilo batera egin eban bidaia kostoaren gomazko kutxa harek; lekuetara ez eze, egoeratara, bizipenetara eta emozinoatara be bai. Bapatean, azken urteatako jaka danak begien aurrera etorri jakozan, banan-banan. Ama elbarri itxi eban kotxe-istripua pasau zanean soinean eukana, Bartzeonan bunker zaharrez betetako muino haretan lagun bategaz negar baten eguzkia sartzen ikusi ebanean jantzirikoa, itsas labarraren tontorrean behera begira azken pausoa emoteko indar arraro ha sentidu eban istantekoa, hankak lehertu arte jantzan emoniko gaua akabubako hareetan garritik zintzilik eukinikoa… jaka guztien partikerez gomutau zan, danatan gomazko bilgailu urdin ha zeroalako. Orain, gomuta hareek ganoraz agurtu ezin izana sentiduten eban, liburuaren kapituluz aldatzeko ezintasun baten pare.

Une baten, bere bi lagun maiteak bere bilgailuaren parekoak ziran idea ustel baina erreala etorri jakon gogora: beti hor daukazuzala jakitean, ez deutsegu, akaso, merezidu daben besteko kasurik egiten; behin joanak diranean, ostera, eurekaz daroez bizitako hotzikara, negar-anpulu, ilunabar eta barre-algara guztiak. Lagun biek berak galdu ebana hogei bat euroko balioko txokolate-pusketa bat eta bizpahiru erreteko papel zirala uste eben artean, gazteak burdinbideko oholen kraskadak bere bizkarrazurrean iltzatzen igarten zituan. Batetik, bere errelikia ha ostu eutsonari berak haregaz biziriko danak errepetidutekoo paradea izatea opa eutson, tramankulu sinple ha zeozelako talismana balitz lez; bestetik, bere burua ez eban ikusten objektu soil harek errepresentetan zituan bizi-zatiei modu haretan urruntzen ixteko prest.

Eta, tupustean, gela hotz baten oihartzuna entzun eban, preso eukan gorputz haretan. Hori eta gau haretan galdu eban kutxa haren barruan betiko joandako guztien garrasi etsiak. Itsaspetik urazalera begira egiten dan laguntza-orro entzunezinaren pare.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu