Txoferra

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-12-02 19:13

Parrandan nenbilen eta aspaldi ikusi bako lagun bat topau neban.

Haregaz batera, beste sei edo zazpi gizonezko egozan, niretzat guztiz ezezagunak ziranak. Ni ez, ostera, eurentzat. Nire adiskidea autobus-gidaria da, eta halaxe gainontzeko guztiak be: bakotxak bere ibilbide propioa dauka gure mapa bihurrian. Enpresako aparia eukien. Hareetako bat niregana hurreratu eta galderak egiten hasi jatan: aspaldion joan zara Lekeitioko korreoan, ala?, entzun neban tabernako musika zaratatsuaren erdian eta, bapatean, dana ulertu neutsan; ondoren etorritako alkarrizketea be, berbak nire ahotik urteterako, nire buruan idatzita agertu jatan deblauki.

Lekeitioko korreoa Gernikatik Lekeitiora doan autobus bereziari deitzen jako, antxinatik. Goizean joaten ei da Lekeitiora eta Gernikara bueltea, aldiz, arratsaldean. Udan gengozan, eta nik, Tenerifetik bueltan, hango paraje siku nahiz horixkei begira burura etorritako testu bat idatzi neban, Euskal Herriaren berdetasuna azaldu gura ebana, baina, haretaz gan eta haregaz lotuta, pauso bat urruntxuago emonaz, bizitzearen edertasuna be zelan lortzen dogun agertu gura ebana.

Ondokoa eskribidu neban: Euria da gure lurrak kolore orlegiagaitik ordaintzen daben prezioa. Eta, aurrerago, honako hauxe: Honek erakusten deust bizitzeak berak be bere prezioa kobretan deuskula eskaintzen deuskuzan gauza eder danakaitik. Eta ordaina zein zan zehazten neban ostean: Malenkoniaz betetako egunakaz ordaintzen da zoriona ezagutzera emon jakun egun handi hareen edertasuna.

Teoria honeek hobeto txirikordetako argumentu-hari xume bat sortu neban, pentsatuaz ideek askozaz be hobeto egiten dabeela bidaia, hain zuzen be, bidaia baten kronikea osotuaz eta apainduaz. Izkiriatu neban autoa lagata, autobusez joan nintzala Lekeitiora, korreoak baino egiten ez daben ibilbidean barrena, eta horrexegaitik jarri ebala arretea neure begiradeak gure paisajearen orlegitasunean. Bidaia haren emaritzat agertu neban aurreko teoria oro.

Txoferrak hori dana irakurri egin eban, baina egundo ez ninduan ni bere autobusean ikusi. Nire guzurraren jaube zan ordutik. Nik, ostera, irakurleei sinisgarri izateko erabili neban bidaia; bere autobusa, baina, egiazkoa zan. Eztabaida benetan interesgarria izan zan: egia/guzurra, literaturea/bizitzea…

Idazten doguna ia-ia berbaz berba baiezta leitekeen leku baten idazten dogu. Txikiak gara, gure artifizio literarioak edonork kolokan ipinteko adina, baina bedeinkatua bedi txikitasun hau, idatzitakoaren eta bizitakoen arteko aldea ia ezerezera murriztera derrigortzen gaitualako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu