Abiadurea

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-11-28 19:34

Nire aurrean bizi dan agure bakartia, joan dan udabarri honetan, apur bat zorotzen hasi dala begitantzen jat.

Nire eretxia distantziatik sorturikoa da, jakina, begiek bakarrik ikusitakoaren informazino (ez beti) fidagarriagaz osotua, baina, halanda be, irudimenak esaten deust zoratzen hasi dala, eta nire zuhurtziak ondokoa itaundu deutso sormenari: agure batek burua galtzea ez al da arraroa?

Negua amaitu bezein pronto, leiho danak edegi zituan, argi barriari ondo etorria emonaz lez, epel usaineko haizeari. Gero, lanparak erosi zituan, eta etxeko baztarratan kokatu; zeharkako argi motelek haren etxea gerizpa horixkez beteten eben. Egun baten, paperezko bizpahiru haize-orrotz agertu ziran balkoiatako lorontziatan sartuta.

Gaur, ostera, emakumezko bat agertu da bere etxean, zaharra nahiz baldarra, agurearen beraren modukoa. Gelaz gela ibili dira. Ondoren, balkoira urtenda, agureak argibideak emon deutsoz inguruari buruz. Ezkaratzera pasarazo dau, azkenik, emakumea; sorbaldatik eztikiro oratuta, jesarteko konbita egin deutso. Agureak ardao-botila bat atara dau hozkailutik, baina, ha edegi orduko, kandela gorri luzexka bat isiotu dau sukaldeko mahaiaren erdian. Orduan, errezeleari tira egin eta izkutatu egin dira.

Ikusten nebana ostonduta, nire irudimenak ezin izan dau ondorengo orduatan gertatuko zan eszenea josi. Zaharra maitemindu egin ete da, ba? Ala oraindino be nonor erakarteko gauza dala dinoan mezu lasaigarria baino ez ete dau bilatzen emakume horren bisiteak? Ezin dot imaginau zelakoa litzakeen bi zaharron arteko harreman sexuala. Hareen sexuak be, zimurtuta, azal-huts eta idor imajinetan dodaz, gorputzeko gainontzeko azalaren neurrian. Mantso-mantso imajinetan dodaz agurearen esku dardartiak, emakumeari sostenak soltetan, bere ibilkerearen moduan. Goizero, oinetakoak jantzi ezinik ibiliarazoko daben baldarkeriagaz imajinetan dot, emakumeari gonak eranzten.


Eta, gero, zer?

Nire irudimenak ezin ditu jarri zaharrok maitasunak eskatzen daben abiadurean, ez dodaz ikusten grinak bihotzari emoten deutsozan astinduei eusteko lain, ez jat begitantzen gizon hori emakumearen ganera igoteko kapaz danik, batari edo besteari apurtuko jakon hazurraren kraskatekorik bage.

Adin bakotxak bere abiadurea dauka, eta sentimen bakotxak bere erritmo zehatza eskatzen dau. Imajinetan saiatu arren, gero zelakoa izango nazen irudikatu ezinik emon dodaz urteak. Existiduko ete da gorputzaren trebetasunik bako maitasuna?

Gaur beste egun bat da. Egun barri bat. Atzokoa betiko joan da. Agurea balkoira urten da eta haize-orrotz paperezkoei putz egin deutse, haizerik ez dago-eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu